Skip to main content

San Lorentzoak datoz

Gernika-Lumoko Lurgorri auzoa prest dago San Lorentzoko jaiak ospatzeko. Abuztuaren 10ean eta 11n egingo dira jaiak, eta bi egunetan zehar adin guztientzako egitarau zabala prestatu du Jai Batzordeak.

Lehen egunean, txupinazoarekin emango diote hasiera festari. Ondoren, mendi martxa, meza nagusia, Urdaibai Kantagunea, erregelak eta dantzak, herri bazkaria, mus txapelketa, umeentzako jolasak, herri kirol erakustaldia, bertso saioa eta irrin­tzi lehiaketa izango dira, besteak beste.

Abuztuaren 11n, San Lorentzoren egunean, tortilla eta gilda txapelketak, meza nagusia, gazta eta garbantzu jolasak, zurezko jolasak, buruhandiak eta txokolatada izango dira protagonista. Gauean, berriz, musikak hartuko du lekukoa, Sueder, Skabidean eta Altxaporru taldeen kontzertuekin, eta amaieran DJ Elepunto arduratuko da jaiari amaiera emateaz.

Antolatzaileek herritar guztiak gonbidatu dituzte Lurgorrira hurbiltzera eta giro onean, musikaz, kirolaz eta tradizioz betetako San Lorentzoko jaiez gozatzera.

Udalak Mendozako Guernica horma-irudia zaharberritzen lagunduko dau

Gernika-Lumoko Udalak Argentinako Mendoza hirian dagoen Picassoren Guernica koadroaren tamaina errealeko horma-irudiaren zaharberritzea lagunduko du. La Gloria auzoaren sarreran dagoen murala duela 18 urte margotu zuten, eta urte hauetan zehar indarkeriaren eta narkotrafikoaren aurrean auzokideen erresistentziaren ikur bihurtu da.

Datorren irailean egingo diren zaharberritze lanek ez dute soilik horma-irudiaren irudia berreskuratzea izango helburu. Proiektuak jatorrizko izaera komunitarioari eutsiko dio, auzoko bizilagunek eta herri-liburutegiak ere parte hartuko baitute lanetan.

Gernika-Lumoko Udalaren esanetan, ekimen honek bonbardaketa jasan zuen Gernikaren eta Guernica koadroa bere borrokaren sinbolo bihurtu duen Argentinako komunitate baten arteko lotura indartzen du.

Gainera, horma-irudiaren historiak Manu Chao musikariarekin ere lotura du. Izan ere, artistak ongintzazko kontzertu bat eskaini zuen muralaren aurrean, auzoari ikusgarritasuna emateko eta proiektua babesteko.

Uda Fest Jaialdiaren amaiera burutu dabe Erraldoein kalejira eta Xaiborren Show-agaz

Gernika-Lumoko Uda Fest jaialdiak amaiera bikaina izan du, herritar ugari bildu dituen azken jardunaldi batekin. Jaialdiari amaiera emateko, erraldoien desfileak eta Xaiborren ikuskizunak hartu dute protagonismoa, kaleak giro onez eta ikuslez betez.

Familia ugari hurbildu dira azken ekitaldiez gozatzera, eta erraldoien ibilbideak zein Xaiborren showak txikien eta nagusien arreta bereganatu dute.

Antolatzaileek balorazio oso positiboa egin dute aurtengo Uda Fest jaialdiaz. Azpimarratu dutenez, egitarauak herritar ugari elkartu ditu, eta musika, kultura eta aisialdia uztartuz, Gernika-Lumoko uda giroa indartzea lortu du.

Horrela, arrakasta handiz agurtu da aurtengo Uda Fest, datorren urteko edizioari begira ikusmina piztuta utziz

I. Duatloi Txikia Gernika-Lumon

Maiatzean, Bost urteko etenaldiaren ostean, Urdaitri Triatloi Taldeak barriro antolatu dau Duatloi Txikia. Taldearen 25. urteurrenagaz batera berreskuratu dabe ekimena, eta lehen edizino honetako erantzunak argi itxi dau baegoala halako hitzordu baten beharra.

240 haur inguru alkartu dira Bekoibarren, baina parte-hartzaile kopurutik harago, antolatzaileentzat garrantzitsuena beste zeozer izan da: gaztetxoei triatloia gerturatzea eta kirol honen balioak transmititzea.

Horregaitik, lehia bigarren mailan geratu da. Egun osoan zehar giro ona, kirola eta parte-hartzea izan dira protagonista, eta helmugan ez da irabazlerik ez galtzailerik egon. Haur guztiek jaso dabe saria, helburua esperientziaz gozetea izan baita.

Lau adin-mailatan banatutako probek aukera emon deutsee haurrei korrika eta bizikleta uztartzen dauzan diziplina hau ezagutzeko, bakotxaren adinera egokitutako ibilpidakaz. Gainera, Gernika-Lumoko eta Busturialdeko umeez gan, Bizkaiko beste hainbat triatloi taldetako gazteak be batu dira hitzordura.

Urdaitrik badaki etorkizuna harrobian dagoala. Horregaitik, formakuntza mailako lana funtsezkotzat dabe, eta horixe izan da Duatloi Txikiaren benetako xedea: kirol ohitura osasungarriak sustetea, triatloia ezagutaraztea eta gaztetxoengan zaletasuna biztea.

Peio Ortizek azalduko dau orain zergaitik erabagi daben Duatloi Txikia berreskuratzea, zer balorazino egiten daben aurtengo edizinoaz eta zein helburu dauzan Urdaitrik datozen urteetara begira.

Oizmendi telebista
bizkaiko foru aldundia
txantxangorria euskara

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan