Skip to main content

San Romaneko Jaiak dantzaldia Basotxoritxu taldea

San Roman jaiak giro itzelarekin ospatu dira aurten ere. Auzokideek eta herritarrek gogotik disfrutatu dute jaietako egunetan, eta barreak, musika eta lagunarteko giroa izan dira nagusi.

Jaiak amaitzeko, ohiko mezaren ostean, Basotxoritxu taldearen dantza ikuskizunak hartu du protagonismoa. Dantzariek euren emanaldiarekin agurtu dituzte aurtengo festak, eta ikusleen txalo artean eman zaio amaiera San Roman jaietako beste edizio bati.

San Romaneko Tortilla Txapelketa

San Roman jaiak giro ederrean ospatu dira, auzokideen parte-hartzea eta jai-giroa nagusi izan dirala. Kuadrillak eta lagun-taldeak batu dira, eta etxean zein supermerkatuan eskura dituen produktuak erabilita, tortilla ugari prestatu dituzte.

Sukaldea eta mahaiak jai-gunearen erdigune bihurtu dira. Talde bakoitzak bere errezeta eta ukitua eman dio tortillari, eta behin prest, epaimahaikideen mahaira eraman dituzte euren proposamenak aurkezteko.

Bitartean, giroa ezin hobea izan da. Barreak, kantuak eta lagunarteko solasaldiak nagusitu dira, familia eta lagun artean jaiak ospatzeko. San Romanek, beste behin ere, auzokoen arteko elkartasuna eta jaietarako gogoa erakutsi ditu.

XXXVIII. Nazioarteko Folklore Jaialdia

XXXVIII. Nazioarteko Folklore Jaialdia ospatu da, Lameran. Eguraldi txarrak ekitaldia amaitu aurretik etenarazi bazuen ere, jaialdiak erantzun zabala izan zuen eta jendetza bildu zen.

Munduko folklorearen eta euskal dantza tradizionalaren topagunea izan zen berriro Bermeoko plaza. Aurtengo edizioan, Kolonbiako Show Dance – Cuerpos en Movimiento eta Kanaria Handiko Agrupación Folklórica San Cristóbal taldeek hartu zuten parte, eta etxeko ordezkaria, Alkartasuna Dantza Taldea, anfitrioi izan zen.

Gainera, talde bermeotarraren 50. urteurrenak are esanahi bereziagoa eman zion aurtengo jaialdiari. Eguraldiak azken zatia baldintzatu zuen arren, giroak eta publikoaren erantzunak agerian utzi zuten folklore jaialdia Bermeoko kultur egutegiko hitzordu nagusietako bat dela.

Galerna Eguna gogorarazteko egitaraua ezagutzera eman dabe

Galerna Eguna abuztuaren 12an ospatzen da urtero Bermeon, 1912an Matxitxako lurmuturraren parean izandako galerna tragikoan bizia galdu zuten 143 arrantzaleak gogoratzeko. Horietatik 116 bermeotarrak ziren.

1912ko abuztuaren 12an, galerna gogor batek Bizkaiko kostaldea astindu zuen, eta itsasoan zebiltzan arrantzale ugari harrapatu zituen. Tragediak arrasto sakona utzi zuen Bermeon, eta belaunaldiz belaunaldi transmititu den herriko memoriaren parte bihurtu da.

Urtero, beraz, Galerna Egunak omenaldia eta oroimena uztartzen ditu, itsasoan bizia galdu zuten arrantzaleak eta haien familiak gogoan izateko.

Herriko Jaiek indarkeria matxistaren aurkako prebentzinoa indartuko dabe

Gernika-Lumoko Udalak Gune Morea berriro jarriko du martxan Lurgorriko eta Andra Mari jaietan, eraso matxistak prebenitzeko eta herritar guztiek jaiak segurtasunez gozatu ahal izateko. Horrez gain, Gautxori-Bidebus gaueko autobus zerbitzua ere indartuko da, emakumeentzako eskariaren araberako geldialdiekin.

Nerea RevueltaK, Jaietako zinegotziak, azaldu duenez, «Jaiak bizikidetzarako eta gozamenerako gune izan behar dira herritar guztientzat. Edozein pertsonak askatasunez eta lasaitasunez parte hartu ahal izatea gura dogu, eta prebentzioa zein sentsibilizazioa ezinbesteko tresnak dira eraso matxistarik bako jaiak eraikitzeko».

Zinegotziak herritarren inplikazioaren garrantzia ere nabarmendu du: «Ez da nahikoa arreta-zerbitzuak izatea; beharrezkoa da gizarte osoa inplikatzea edozein jokabide matxistaren gaitzespenean. Horrela bakarrik lortuko dogu benetan inklusiboak eta errespetuzkoak izango diren jaiak».

Gune Morea abuztuaren 11n egongo da Lurgorrin, eta abuztuaren 14tik 17ra Merkurio plazan, 22:00etatik 00:00etara. Gautxori-Bidebusa, berriz, 22:00etatik 06:00etara ibiliko da udalerriko auzo nagusiak lotuz.

Oizmendi telebista
bizkaiko foru aldundia
txantxangorria euskara

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan