Skip to main content

Bizkaiko Ahaldun Nagusia RK Solutions enpresaren hedapen-plana ezagutzera hurbildu da

Elixabete Etxanobek eta John Pollockek Gernikatik hazten jarraitzeko apustua nabarmendu dute RK Solutionsen 20. urteurrenean

RK Solutions enpresa teknologikoak 3.500 bezero izatetik 60.000 izatera igaro nahi du datozen lau urteetan, eta 80 profesional inguruko lantaldea handitzen jarraitu nahi du, Gernika-Lumon duen egoitza nagusiari eutsiz.

Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobek eta RK Solutions enpresako zuzendari nagusi John Pollockek Busturialdea-Urdaibain enplegu kualifikatua sortzearen eta eskualdean garapen teknologikoa sustatzearen garrantzia azpimarratu dute gaur, enpresak Gernika-Lumon duen egoitzara egindako bisitan. RK Solutionsen 20. urteurrenaren harira egindako topaketan, enpresak datozen lau urteetarako hazkunde-plana aurkeztu du: gaur egungo 3.500 bezeroetatik 60.000 bezero izatera iristea, eta horrekin batera, merkatuan duen presentzia eta lantaldea handitzea.

 

Bosnia eta Herzegovinako 23 komunitatetako 38 udal ordezkarik Gernika-Lumo bisitatu dabe

Jose Mari Gorroñok, Gernika-Lumoko alkateak, harrera egin deutsee Bosniatik Euskal Herrira etorritako ordezkaritza instituzionalekoei, eta Bizkaiko Batzar Nagusien egoitza be bisitatu dabe, memoria, bizikidetza eta gizarte-kohesioa lantzeko egindako egonaldiaren barruan.

Bosnia eta Herzegovinako 23 komunitatetako 38 udal ordezkarik, alkateek, alkateordeek eta udal ordezkariek osatutako taldeak Euskal Herria bisitatu du, beren komunitateetan konfiantza, bizikidetza eta gizarte-kohesioa indartzeko helburuarekin.

Bisitaren barruan, Gernika-Lumoko alkateak harrera egin dio ordezkaritzari, eta topaketan gaur egun munduko hainbat lekutan gertatzen ari diren hondamendiei eta gatazkei buruz hitz egin dute. Halaber, memoria historikoak, elkarrizketak eta herrien arteko elkar ezagutzeak bizikidetza eraikitzeko duten garrantziaz hausnartu dute.

Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dabe onartu Lea-Artibai eta Busturialderako hiltegia aztertzeko proposamena

Foru gobernuko taldeek proposamenaren aurka bozkatu dabe. Ekimenak Otei baserriari erabilera barria emotea eta eskualdeko lehen sektorea bultzatzea be planteatzen eban.

Bizkaiko Batzar Nagusietako Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Batzordeak ez dau onartu EH Bilduren proposamena, Lea-Artibai eta Busturialderako hiltegi txiki bat eta zatiketako areto bat eregiteko aukerea aztertzea eta Otei baserriari erabilera integrala emotea eskatzen ebana.

EH Bildu eta Elkarrekin-Bizkaiak alde bozkatu dabe; Bizkaiko Talde Popularra abstenidu egin da, eta Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek aurka bozkatu dabe.

EH Bilduko Iratxe Arriola Alzolak azaldu dau proposamenaren helburua eskualdeko abeltzaintza indartzea eta hiru hamarkada baino gehiagoan erabilera jarraiturik barik egon dan Otei baserriko lursaila berreskuratzea dala. Ekimenak eraikinak birgaitzea, gazteen proiektu profesionalak sustatzea eta prestakuntza-zentro bat sortzeko aukerea aztertzea be jasotzen eban.

Arriolak argitu dau hiltegia ez dala nahitaez Otei baserrian kokatu behar, eta eskualdeko beste kokaleku batzuk aztertzea proposatu dau.

Foru gobernuko taldeek, ostera, ekimenaren bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa zalantzan jarri dabe. Sozialistek hiltegiaren kostuak eta benetako beharrak aztertzeko eskatu dabe; Euzko Abertzaleak taldeak, barriz, Otei baserria ez dala kokaleku egokia adierazo dau, eta Aldundia lurralde osoko aukerak aztertzen dabilela esan dau.

Gripearen eta COVID-19aren aurkako txertoa hartzeko hitzordu jarri dabe herritarrentzat azaroaren 1era arte

Gripearen eta COVID-19aren aurkako txertoa hartzeko aukera dute herritarrek aurretiko hitzordurik gabe, Osakidetzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ireki dituen txertaketa-gune berezietan. Ekimenaren helburua da txertaketa herritarrengana hurbiltzea eta osasun-zentroetako ohiko kontsulten zama arintzea.

Busturialdeko herritarrentzat, Mungiako osasun-zentroa izan daiteke txertoa hartzeko aukera gertukoenetako bat. Uribe ESIaren barruan kokatutako gune horretan, astelehenetik ostiralera ematen dute arreta, 15:00etatik 20:00etara, urriaren 19tik azaroaren 1era bitartean.

Oizmendi telebista
bizkaiko foru aldundia
txantxangorria euskara

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan