Skip to main content

Bezperada eguneko jaitsiera

Elai Alai Dantza Taldeko kideek hartu eben pregoilari lana, eta euren hitzen ostean heldu zan alkatearen pregoiaren unea. Horren ostean, herritar askok itxaroten eben momentua iritsi zan: jaitsiera.

Pilo bat lagun batu ziran une hori zuzenean ikusteko, batzuk argazkiak eta bideoak egiten, eta beste batzuk, bitartean, biribilketan parte hartzen. Musika be ez zan falta izan, Makazaga Musika Taldearen eta Adiskideak Txarangaren eskutik.

Tradizinoaren beste protagonista batzuk be kalera urten ziran: erraldoiak. Herriaren ondare eta nortasunaren parte diran pertsonaia hauek Gernika Rugby Taldeak antolatuta egin eben jaitsiera.

Jaitsiera Foru Plazan egindako dantza emanaldiagaz amaitu zan, eta hortik aurrera, kuadrilla eta familia ezbardinek jaiakaz gozatzeko eta elkarregaz ondo pasatzeko unea izan eben.

Horrela, Andra Mari jaietako lehen egunetako batek jai-giroa, tradizinoa eta herritarren parte-hartzea batu zituan, beti be errespetuz eta guztion ongizatea kontuan hartuta.

Elixabete Etxanobe Bermeoko atun-sektorearen garrantzia nabarmendu dau

Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia Bermeon izan da gaur, atunaren eta hegaluzearen balio-katea bertatik bertara ezagutzeko. Serrats Kontserbak bisitatu ditu lehenengo, eta ondoren Bermeo Tuna elkarteko eta atun-enpresa izoztaileetako ordezkariekin batu da.

Etxanobek Bizkaiak ekonomia urdin jasangarrian daukan lidergoa eta atun-industriaren balio estrategikoa azpimarratu ditu. Bere esanetan, Bermeok erakusten dau nazioarteko presentzia daukan enpresa-jarduera Bizkaitik kudeatu daitekela, aldi berean ezagutza, enplegua eta erabakitzeko gaitasuna lurraldean mantenduz.

Bermeo, gainera, Estatuko atun-sektorearen polo nagusietako bat da. Herritik 45 atunontzik egiten dabe lan, eta sektoreak milaka lanpostu eta jarduera ekonomikoa sortzen dau balio-kate osoan.

Bisitaldia Bermeo Tuna Pintxo Tourrean parte hartzen dauan ostalaritza-establezimendu batean amaitu da, arrantza, industria eta gastronomiaren arteko lotura nabarmenduz.

San Roke eguneko su artifizialak bertan behera geratu dira

Aurtengo San Roke eguneko su artifizialik ez da izan, Valecea Pirotecnia enpresak ez duelako ikuskizuna egiteko konpromisoa bete.

Antolatzaileek azaldu dutenez, enpresa arratsaldeko 15:00etan prestaketa-lanak egiteko zubian egotea espero zuten, baina ez ziren bertaratu. 16:00ak aldera, enpresatik deitu zuten, hasiera batean autoaren errubera apurtu zitzaiela esanez; ondoren, matxuraren inguruko beste azalpen batzuk eman zituzten.

Ikuskizuna egin ahal izateko, materiala garraiatzeko garraio berezia ere prestatu zuten Guardia Zibilaren bitartez. Hala ere, materiala jaso behar zen Nanclaresen, eta enpresako langileak ez ziren bertan agertu.

Antolatzaileen arabera, ondoren materiala enpresara bueltatu zuten, eta azkenik jakinarazi zieten ez zutela langilerik materiala Gernikara ekartzeko. Egoera horren aurrean, San Roke eguneko su artifizialak bertan behera uztea beste aukerarik ez zuten izan.

Antolatzaileek atsekabez hartu dute erabakia, urtero herritar askok itxaroten duten ikuskizuna delako, eta enpresaren aurrean neurriak hartuko dituztela jakinarazi dute.

BAZEN BEHIN “Eguzki-eklipsea”

Eguzkiaren eta Ilargiaren arteko anai-arreben maitasun istorioaren bidez unibertsoko kontzeptuak irakasten ditugu ipuin honetan, haur txikienek modu erraz eta dibertigarrian ikas dezaten.
Unibertsoa, planetak, esne-bidea, lurra, eguzkia edo ilargia bezalako kontzeptuak ere jorratzen ditu, eta hori ere egokia da ikasleak maitasun-istorio baten bidez ulertzeko hain zaila den gai honetan barneratzeko.

Ainhoa Meñaka, Bocciako mundu mailako jokalari gernikarra

Santanapen entrenatzen ikusi ohi dogu Ainhoa Meñaka gernikarra. Boccia kirolean aditua, urteetako lanaren eta ahaleginaren ondorioz, Espainiako selekzinoagaz Munduko Txapelketara joateko aukera izan dau.

Kirolari gernikarrak palmares zabala dauka, eta Europako txapelketetan lortutako emaitza eta arrakastek nazinoarteko mailan lehiatzeko gaitasuna erakutsi dabe. Espainiako selekzinoagaz egindako ibilbideak, gainera, esperientzia handia emon deutso munduko kirolari onenen artean lehiatzeko.

Elkarrizketan, Meñakak bere ibilbideaz eta Europako txapelketetan lortutako meritu eta arrakastez berba egin dau, baina etorkizunari be begiratzen deutso. Bere ametsak eta helburuak argi ditu, eta nazinoarteko lehiaketetan pausoak emoten jarraitzeko gogotsu dago.

Santanapeko entrenamenduetatik Espainiako selekzinora eta Munduko Txapelketara, Ainhoa Meñakaren ibilbideak erakusten dau ahalegina, ilusinoa eta lana dirala nazinoarteko mailara heltzeko bidea.

Bermeoko 1912ko Galarrenaren Urteurrena

Galerna Talde bermeotarraren eskutik, 1912ko abuztuaren 12an gure kostaldea astindu eban galernan hil ziran 143 arrantzaleei eta bere familiei omenaldi ekitaldia burutu da Bermeoko Portuzarran. Oraingo honetan, badirudi eguzkiak eta irargiak be bat egin gura izan ebela omenaldiagaz. Bermeotarrek 143 hildako horreek gogoratzen ebezan unean pixkanaka pixkanaka heldu zan iluntasuna.

Musikak, kantuak, dantzak, berbek eta kandelen argiak lagunduta, kostalde honen historiako pasarte gogorrenetako baten oroimena bizirik mantenidu dabe bermeotarrek.

Izan be, galerna ha ez da iraganeko gertakari bat soilik. Bermeoren itsas izaeraren eta herriaren memoria kolektiboaren parte da.

Oizmendi telebista
bizkaiko foru aldundia
txantxangorria euskara

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan