Skip to main content

EAJ-PNVk Gernikako Gaztetxearen aldarrikapenari erantzun deutso

Gernikako Gaztetxeko kide batek gaur, abuztuaren 22an, Gernikako Guernica koadroaren erreplikan eseki da, Udalak Gaztetxea desalojatzeko hartutako erabagia salatzeko. Gaztetxekoek azaldu dabenez, abuztuaren 24an liburutegiaren obrak egingo dituen enpresa bertaratuko da, eta ordurako eraikina hutsik egotea eskatu deutsie.

Gaztetxeko kideek, ganera, alternatiba baten aldeko prestutasuna erakutsi dabe, baina proposatutako espazio barriak oraindino ez daukala bermerik eta ez daukiela eraikina ezagutzeko aukerarik izan salatu dabe. Horregaitik, obrak atzeratzea proposatu deutsie Udalari, alternatiba izango dan eraikina erosi eta haren bideragarritasuna aztertu arte.

Gaztetxekoek argi itxi dabe ez dirala egungo espaziotik joango proiektua bizirik dagoala bermatu arte, eta abuztuaren 24an Gaztetxea defendiduteko deia egin dabe.

Testuinguru horretan, EAJ-PNVk bere jarrera plazaratu dau eta gaztetxe baten beharrizana ulertu daitekela esan badau be, Guernicaren erreplika erabiliz egindako ekintza gaitzetsi dau. Alderdiaren esanetan, Picassoren lana Gernikarren memoriaren eta herri osoaren sinboloa da, eta ez da onargarria horrelako ekintzetarako erabiltzea.

Era berean, EAJ-PNVk gogorarazo dau eraikin publikoak herritar guztienak dirala, eta horien erabilerak interes orokorraren arabera egin behar dauala. Horrela, alderdiak Gaztetxearen aldarrikapenaren eta Guernicaren balio sinbolikoaren artean bereizketa egiten dau.

Gernikako Jaiak 2026 – San Roketxuko mozorro desfilea

San Roketxuko egunean, Gernikako kaleak kolorez eta irudimenez bete dira. Urteroko tradizinoari eutsiz, herritar askok mozorroa jantzi eta kalera urten dabe, jai-giroa are gehiago piztuz.

Egun honetan ez dira falta apar-jaia, gargantua, musikariak eta kontzertuak. Baina, zalantza barik, mozorro-desfilea da unerik esperoenetako bat.

Ausartenek euren mozorroak erakusteko aukera izan dabe desfilean, eta originaltasuna eta umorea nagusi izan dira. Orain, kaleetan ikusitakoaren errepasoa egingo dogu, eta ikusiko dogu nor izan dan aurtengo San Roketxuko mozorroen artean originalena edo onena.

Izan be, Gernikako jaietan, mozorroa ez da jantzi hutsa: jaiak ospatzeko, barre egiteko eta tradizinoari eusteko beste modu bat da.

Almikeko Andra Mari jaiak datoz, irailaren 4tik 8ra

Almikeko Andra Mari jaiak irailaren 6tik 8ra ospatuko dira, eta hiru egunotan ekitaldiz betetako egitaraua prestatu dabe.

Jaiak domekan hasiko dira Untxi Sukalki Egunagaz, eta dunbada, ikurrinaren igoera, meza, giza proba, irrintzi txapelketa eta Euskal Erromeria izango dira, besteak beste.

Astelehenean, Andra Mari bezpera egunean, DJ animazinoa, turuta tailerra eta mozorro lehiaketa egingo dira, eta arratsaldean kuadrilen jaitsiera izango da Almiketatik Bermeora.

Martitzenean, Andra Mari egunean, mezak, ohorezko aurreskua, belar bola eramateko txapelketa eta idi probak izango dira protagonista. Jaiak 21:00etan amaituko dira, ikurrinaren jaitsieragaz.

San Roketxuko apar jaia, musika kalez kale eta gargantua

San Roketxuko jaietara hurreratu gara, eta goizean goizetik jai-giroa nagusi izan da Gernikako kaleetan.

Txikienek be ondo baino hobeto pasau dabe. Gargantuak umeak hartu eta irribarreak eragin ditu, jaietako protagonista txikien artean.

Eta beroari aurre egiteko, Apar Jaia izan da goizeko beste hitzordu nagusietako bat. Apar artean, jolasean eta barre artean, herritarrek jaietako goiza gozatu dabe.

Musikak be ez dau hutsik egin. Kittu taldearen abestiek giroa alaitu dabe, eta kaleak musikaz bete dira.

Azken baten, San Roketxuko goizak argi itxi dau jaiak bizirik dagozala: umeak protagonista, musika kalean eta herritarrak jai-giroan. Orain, arratsaldeko eta gaueko hitzorduen txanda izango da.

Oizmendi telebista
bizkaiko foru aldundia
txantxangorria euskara

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan