Skip to main content

Segundo Olaeta Musika Eskolak ikasle helduentzako aukera gehiagogaz ireki dau ikasturte barrirako matrikula

Segundo Olaeta Musika Eskolak 2026-2027 ikasturteari ekingo deutso musika prestakuntzarako sarbidea zabaldu eta malgutzeko proposamen barriekin. Iraileko matrikulazino kanpaina irailaren 1etik 18ra egongo da zabalik, eta bi barrikuntza nagusi izango dauz: batetik, goizeko ordutegian hainbat instrumentu ikasteko aukera egongo da, eta, bestetik, Rockaldunak; helduei zuzendutako euskal pop-rock proiektu bokal barria, abian jarriko da.

Eskaintza barriak goizez hainbat espezialidadetan klaseak izatea ahalbidetuko dau, beste betebehar batzugaz uztartzea erraztuz. Zehazki, biolontxeloa, haize metala, bibolina, gitarra, pianoa, zeharkako txirula, txistua, alboka eta gaita klaseak eskainiko dauz goizez. Klaseak astean zehar banatuko dira. Biolontxeloa eta haize metaleko instrumentuak astelehenetan emongo dira, 8:30etik 14:30era; bibolinak barikuetan izango dau ordutegia, 13:00etatik 19:00etara; eta gitarrak klaseak izango dauz astelehen eta eguaztenetan, 10:30etik 13:30era, eta eguenetan, 12:00etatik 14:00etara. Bestalde, pianoa eta zeharkako txirula barikuetan eskainiko dira, 13:00etatik 19:00etara, eta txistu, alboka eta gaita klaseak martitzeneetan, 8: 00etatik 14:00etara.

Ikastaroaren beste barrikuntza nagusia Rockaldunak izango da, Musika Eskolaren eskaintzari lehen aldiz gehitu jakon ahots proiektua. Proposamena 18 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago eta larogeigarren hamarkadatik gaur egunera arte euskal pop-rockaren abestiak berrinterpretatzea proposatzen dau. Proiektuak bakarlariak, abesbatza eta banda uztartuko dauz, belaunaldi ezbardinetako abesti ezagunen inguruan musika gune kolektibo bat sortzeko helburuagaz. Saioak martitzeneetan izango dira, 19:30etik 21:00etara. Ekimen barri honegaz, eskolak bere eskaintza irakaskuntza instrumental tradizinonaletik haratago zabaltzen dau eta parte hartzeko bide barri bat irekitzen dau kantuaren eta interpretazino kolektiboaren bidez musikara hurbiltzea nahiago dabenentzat.

Datorren ikasturteko eskaintzan parte hartu gura dabenek irailaren 18ra arte egin daikie matrikula www.kulturagernika-lumo.eus webgunearen bidez, SOME/Matrikulak atalean. Izen-ematea Segundo Olaeta Musika Eskolako Idazkaritzan be egin daiteke, astelehenetik barikura, jente-aurreko ordutegian, 16:00etatik 20:00etara. Espezialidadeei, ordutegiei edo matrikulazino prozesuari buruzko zalantzak argitzeko, idazkaritza@segundoolaeta.net helbide elektronikoa eta 946 270 214 telefonoa jartzen dauz eskolak interesdunen eskura.

Helduentzako antzerki tailerrean izena emateko epea irailaren 7an zabalduko dau Bermeoko Udalak

Herritarren artean antzerkizaletasuna sustatu eta euskerazko sorkuntza-lanari bidea emoteko asmoagaz, Bermeoko Udalak, Euskara Sailaren bitartez, helduentzako antzerki tailerra antolatu dau beste urte batez. Izena emoteko epea irailaren 7an zabalduko da, eta interesa dabenek irailaren 30era arte emon ahal izango dabe, Berhaz bulegoan edo udalaren egoitza elektronikoan.

Tailerra 16 urtetik gorako herritarrei zuzenduta dago, bereziki antzerkigintzan interesa daben eta komunikazino-gaitasunak landu gura dabezanei; 115 euroko prezioa izango dau.

Antzerki tailerra urritik ekainera bitartean eskainiko da, eguaztenetan, 19:30etik 21:30era, Gizarte eta Kultura Etxean. Saioak Eneritz Artetxe aktore eta sortzailearen gidaritzapean egingo dira.

Ekimenaren helburu nagusietako bat da aurreko urteetan egindako lanari jarraipena emotea eta, aldi berean, antzerkiaren bidez euskerazko sorkuntza artistikoa eta herritarren adierazpenerako gaitasunak sustatzea. Horretarako, parte-hartzaileek antzerkigintzaren oinarrizko hainbat alderdi landuko dabez, adibidez gorputz- eta ahots-adierazpena, personaien lanketa, erritmoa, inprobisazioa eta testuak.

Ikaskuntza prozesua praktikara bideratuta egongo da: ariketa ezbardinen bidez landuko dira edukiak, eta eskuratutako tresnak eszenan bertan aplikatuko dabez parte-hartzaileek. Holan, antzerkiaren mundura hurbiltzeaz gan, norberaren komunikazino-gaitasunak, sormena eta talde-lana be garatzeko aukera izango dabe.

Bestalde, Gabonetan gaztetxoei zuzendutako antzerki tailerra be antolatuko dau Bermeoko Udalak, antzerkiaren inguruko eskaintza adin-tarte ezbardinetara zabaltzeko asmoz.

726 bizilagunek erabiltzen dabe dagoeneko boltsa konpostagarriak biltzeko zerbitzua Gernika-Lumon

Udalak edukiontzi marroirako boltsak doan banatzen jarraituko dau, eta urtean 80.000 unidade banatzea aurreikusi dau, hondakin organikoak errazago bereizteko. Guztira 835 persona dagoz alta emonda materia organikoa biltzeko zerbitzuan, eta horietatik 726k erabili dabe Kultur Etxean jarritako boltsa konpostagarriak hartzeko makina. Holan, Udalak herritarrei hondakinen bereizketa errazteko eta gaikako bilketaren tasak hobetzeko apustuari eusten deutso.


Sistema 2016an hasi zan martxan, udalerriko kaleetan hondakin organikoetarako edukiontzi marroi itxiak jarrita. Hondakin horreek ondoren tratamentu egokia jasoko dabela bermatzeko, edukiontzira bota behar dira boltsa konpostagarrien barruan. Zeregin hori familiei errazteko asmoz, zerbitzuaren hasieratik boltsa horreek doan banatzeko sistema bat ezarri zan.


Banaketa liburutegiko sarreran, Kultur Etxeko beheko solairuan, dagoen makina baten bidez egiten da. Bertan, zerbitzuan alta emonda dagozan pertsonek etxean erabiltzeko boltsak jaso daikiez. Jantoki handien kasuan, adibidez egoitzak edota ikastetxeak, banaketa-sistema espezifiko baten bidez hartzen dabe boltsa handiago batzuk.


Materia organikoa bereizteak ez dau ingurumen-inpaktua bakarrik. Diru-kutxa publikoetarako aurrezpen bat be suposatzen dau. Kilo bat hondakin organiko kudeatzearen kostua bestelako hondakinen edukiontzira botatako kilo bat hondakin nahasi kudeatzearena baino ia erdia da.


Jon Lejarraga, Ingurumeneko zinegotziaren esanetan «Hondakin organikoak behar lez bereiztea erantzukizun partekatua da, baina baita hondakinen kudeaketa eraginkorragoa egiteko aukera be. Edukiontzi marroira botaten dan boltsa bakotxak materia organikoaren tratamentua hobetzen laguntzen dau, eta, aldi berean, nahastutako hondakinen kudeaketa-kostua murrizten»


Hori dala eta, hornidura-kontratu barri bat esleitu barri dau, bi urterako. Kontratu horregaz, urtero 80.000 boltsa konpostagarri eskatzea aurreikusten da, makina banatzailearen bidez doan banatzeko.

Urdaibai Bird Centerreko boluntarioen taldea nagusi Gautegiz Arteagako tortilla txapelketan

Joandako abuztuaren 29an, Gautegiz Arteagako Antolin Deunaren jaien barne, Tabernazarre eguna ospatu dabe ohitura bihurtu dan tortilla txapelketagaz. 12:00etan izena emon, eta berehala hasi ziran patatak zuritzen arteagarrak. 14:00etan tortillak aurkezteko unea heldu zan eta ostean sari banaketari ekin eutsien. Aurtengo irabazlea Urdaibai Bird Centerreko boluntarioen taldea izan da. Urtero hartzen dau Urdaibai Bird Centerrek boluntario talde bat udan eta jai egun honetaz gozetako Zelaiederreko parkera urreratzen dira eta tortilla txapelketan parte hartzen dabe; aurtengo kasuan, Murciako, Granadako, Alemaniako, Irlandako, Madrileko eta Euskal Herriko kideek osotu dabe talde hau.

Oizmendi telebista
bizkaiko foru aldundia
txantxangorria euskara

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan