Skip to main content

XXXVI. Mendatako Junior Mailako Txirrindularitzako Sari Nagusia

Giro parebakoa bizi izan da asteburuan Mendatan, XXXVI. Mendatako Sari Nagusia jokatu baita, Junior mailako Euskal Herriko txirrindularitza torneoko hitzordu garrantzitsuenetako bat. Herriko kaleak ikuslez bete dira, eta kirolak zein jai giroak bat egin dabe beste behin.

Lasterketan, Imanol Irazabal izan da garaile nagusia. Gainera, garaipen bikotxa lortu dau, mendiko saria be bereganatuta. Bigarren postuan Jordi White sailkatu da, eta hirugarren amaitu dau Eneko Ugartemendiak.

Beste behin be, Mendatak erakutsi dau txirrindularitzarekiko dauen zaletasuna. Antolatzaileek, Mendatako Udalak eta Gernikesa Txirrindulari Elkarteak, lasterketa bikaina eskaini dabe, segurtasuna eta antolakuntza zainduz, eta herritarrek zein bisitariek egun ederraz gozetako aukera izan dabe.

Kirol lehiatik harago, Mendatako Sari Nagusiak argi itxi dau txirrindularitza herria alkartzeko eta alaitasuna zabaltzeko tresna be badala. Giro bikaina, emozinoa eta kirolaren balioak izan dira protagonista, eta beste urte batez, Mendatak Euskal Herriko junior txirrindularitzaren erreferente izaten jarraitzen dau.

Gernika-Lumoko Udalak 206 etxebizitza, enpleo berdea eta LHko zentro bat proiektatu dauz gazteek beren bizi proiektua eskualdean garatzeko aukera izan daien

Biztanleriaren galera ez da urruneko mehatxua Busturialdearentzat. Zahartzeak aurrera egiten dau, gazteek gero eta zailtasun gehiago dabez etxebizitza bat lortzeko, eta enpleorako eta prestakuntza espezializaturako aukerak ez dagoz beti behar diran lekuan. Gernika-Lumok egoera horri erantzuna eman gura deutso hiru fronteetan batera jardunez: etxebizitza, enpleoa eta hezkuntza.

Udalak babes publikoko 206 etxebizitza konbinetan dauzan estrategia bat diseinatu dau, Vegako industrialdea ekonomia berdeko gune bihurtu gura dau eta Astrako Lanbide Heziketako zentro baten proiektua berreskuratu gura dau be. Helburua argia da: gazteek emantzipatu ahal izateko baldintzak sortzea eta eskualdean euren etorkizuna eraikitzea.

Etxebizitza da udal-estrategiaren lehen ardatz nagusia. Udalak 206 etxebizitza babestu sustatzea aurreikusten dau, alokairuaren aldeko apustu handi bategaz: %75a errazoizko alokairura bideratuko da, eta %25a salmentara.

Lehen fasean 80 etxebizitza aurreikusten dira. Horien artean dagoz zuzeneko alokairu sozialeko etxebizitzak, zailtasun ekonomiko handienak dabezan persona eta familientzat, eta Udalak Eusko Jaurlaritzagaz batera Santa Luzia auzoan sustatzen dauzan eraikuntza barriko bi eraikin. Proiektuak alokairu eskuragarriko 58 etxebizitza babestu batuko dauz.

Horrez gan, 29 zuzkidura-bizitoki publiko sortuko dira, bereziki gazteen emantzipazinoa errazteko pentsatutako formula. Busturialdean eta Lea-Artibain ezaugarri horreek dabezan lehenengoak izango dira.

Lan-egoera sendotzen daben bitartean independizatzeko urratsa emon behar dabenei aldi baterako erantzuna emotea da asmoa. Esleipena Etxebideren bidez bideratuko da, onuradunen diru-sarrerei lotutako kanonak kontuan izanda.

Lehen fasea osotzeko, 16 Babes Ofizialeko Etxebizitza dagoz aurreikusita erosketa-erregimenean Errenterian. Eta plana ez da hor amaitzen. Udala bigarren etapa bat lantzen ari da, beste 126 etxebizitza babestu sartzeko aukera emongo lukeena.

Apustua, beraz, ez da etxebizitzak eraikitzera mugatzen. Etxebizitza horreek eskuratzeko formulak zabaldu gura dauz, Gernika-Lumon geratzeko oztopo nagusietako bat etxebizitzaren prezioan aurkitzen daben gazteei arreta berezia eskainiz.

Bigarren ardatza La Vegako eremua ekoberrikuntza eta bioekonomia parke bihurtzea proposatzen dau, ekonomia zirkularra, teknologia garbiak eta ingurumen kudeaketari lotuta. La Vega udal eta foru titulartasuneko 150.000 metro karratu inguruko industria-eremua da.

Planteamentuak eraldaketa ekonomikoa eta energetikoa aprobetxatu gura dauz eskualdean lan aukera barriak sortzeko. Udalaren hasierako kalkuluen arabera, proiektuak 2.200 lanpostu zuzen eta zeharkako sortuko dauz.

Hirugarren ardatza hezkuntzaren esparruan kokatzen da, eta urteak geldituta daroazan proiektu bat berreskuratu gura dau: Astra fabrika zaharraren lurretan Lanbide Heziketako zentro bat eraikitzea.

Ekimena 2008an iragarri eban Eusko Jaurlaritzak, baina ez zan inoiz gauzatu. Udalak gogorarazo dau 4,5 milioi euro bideratu ebazala lurrak erostera, eta orain proiektu ha eguneratzea eskatu dau, eskualdearen egungo beharretara egokitzeko.

Lanbide Heziketa zentro honen espezialidade posibleen artean, uraren ziklo integrala, hondakinen tratamentua eta energia barriztagarriak dagoz, bai eta ingurumen-kudeaketari eta trantsizino energetikoari lotutako beste prestakuntza batzuk be.

Ondarea babesteko beharrizana azpimarratuko dabe aurtengo Bizkaiko Ondarearen Europako Jardunaldiek

Bizkaiko Ondarearen Europako Jardunaldien 26. edizioa aurkeztu dabe Bilboko Euskal Museoan. Gure eskuetan lelopean, doako 270 kultur proposamen baino gehiago eskainiko dabez urrian, Bizkaiko 77 herritan. Gure eskualdearen kasuan, Bermeon, Busturian, Ean, Ereñon, Gautegiz Arteagan, Gernika-Lumon, Kortezubin, Mundakan eta Muxikan eramango dabez aurrera ekimenak.

Aurtengo jardunaldien gaia Europako Kontseiluak 2026ko Ondarearen Europako Jardunaldietarako ezarritako ikuspegiagaz lotuta dago: ondarean eragin daikien arrisku eta mehatxuak eta ondarea babesteko kolektiboki jarduteko beharrizana da gaia. Kultur ondarearen ahultasunari buruz eta aurre egin beharreko erronkei gizarteak erantzuteko dauen gaitasunari buruz gogoeta egitera bultzatu gura dabez bizkaitarrak.

Urtero modura, Bizkaiko Foru Aldundiak koordinatzen dauz jardunaldi honeek, eta 26. edizio honetan, 172 antolatzailek parte hartuko dabe, besteak beste, kultur alkarte eta entidadeek, museoek eta udalek.

Programazino osoa eta jardueren informazinoa eta erreserbak kontsultagai dagoz www.ondareabizkaia.eus webgunean eta Instagram (@ondareabizkaia) eta Facebook (Ondarea Bizkaia) sare-sozialetako profiletan. Gainera, jardunaldiek WhatsAppeko kanala be izango dabe aurten (Ondarearen Europako Jardunaldiak) hareen egunerokoa gertutik jarraitu gura dabenentzat.

Oizmendi telebista
bizkaiko foru aldundia
txantxangorria euskara

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan