Skip to main content

Ondarea babesteko beharrizana azpimarratuko dabe aurtengo Bizkaiko Ondarearen Europako Jardunaldiek

2026/09/17

Bizkaiko Ondarearen Europako Jardunaldien 26. edizioa aurkeztu dabe Bilboko Euskal Museoan. Gure eskuetan lelopean, doako 270 kultur proposamen baino gehiago eskainiko dabez urrian, Bizkaiko 77 herritan. Gure eskualdearen kasuan, Bermeon, Busturian, Ean, Ereñon, Gautegiz Arteagan, Gernika-Lumon, Kortezubin, Mundakan eta Muxikan eramango dabez aurrera ekimenak.

Aurtengo jardunaldien gaia Europako Kontseiluak 2026ko Ondarearen Europako Jardunaldietarako ezarritako ikuspegiagaz lotuta dago: ondarean eragin daikien arrisku eta mehatxuak eta ondarea babesteko kolektiboki jarduteko beharrizana da gaia. Kultur ondarearen ahultasunari buruz eta aurre egin beharreko erronkei gizarteak erantzuteko dauen gaitasunari buruz gogoeta egitera bultzatu gura dabez bizkaitarrak.

Urtero modura, Bizkaiko Foru Aldundiak koordinatzen dauz jardunaldi honeek, eta 26. edizio honetan, 172 antolatzailek parte hartuko dabe, besteak beste, kultur alkarte eta entidadeek, museoek eta udalek.

Programazino osoa eta jardueren informazinoa eta erreserbak kontsultagai dagoz www.ondareabizkaia.eus webgunean eta Instagram (@ondareabizkaia) eta Facebook (Ondarea Bizkaia) sare-sozialetako profiletan. Gainera, jardunaldiek WhatsAppeko kanala be izango dabe aurten (Ondarearen Europako Jardunaldiak) hareen egunerokoa gertutik jarraitu gura dabenentzat.

Oizmendi telebista
bizkaiko foru aldundia
txantxangorria euskara

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan