Skip to main content

Helduentzako antzerki tailerrean izena emateko epea irailaren 7an zabalduko dau Bermeoko Udalak

2026/09/03

Herritarren artean antzerkizaletasuna sustatu eta euskerazko sorkuntza-lanari bidea emoteko asmoagaz, Bermeoko Udalak, Euskara Sailaren bitartez, helduentzako antzerki tailerra antolatu dau beste urte batez. Izena emoteko epea irailaren 7an zabalduko da, eta interesa dabenek irailaren 30era arte emon ahal izango dabe, Berhaz bulegoan edo udalaren egoitza elektronikoan.

Tailerra 16 urtetik gorako herritarrei zuzenduta dago, bereziki antzerkigintzan interesa daben eta komunikazino-gaitasunak landu gura dabezanei; 115 euroko prezioa izango dau.

Antzerki tailerra urritik ekainera bitartean eskainiko da, eguaztenetan, 19:30etik 21:30era, Gizarte eta Kultura Etxean. Saioak Eneritz Artetxe aktore eta sortzailearen gidaritzapean egingo dira.

Ekimenaren helburu nagusietako bat da aurreko urteetan egindako lanari jarraipena emotea eta, aldi berean, antzerkiaren bidez euskerazko sorkuntza artistikoa eta herritarren adierazpenerako gaitasunak sustatzea. Horretarako, parte-hartzaileek antzerkigintzaren oinarrizko hainbat alderdi landuko dabez, adibidez gorputz- eta ahots-adierazpena, personaien lanketa, erritmoa, inprobisazioa eta testuak.

Ikaskuntza prozesua praktikara bideratuta egongo da: ariketa ezbardinen bidez landuko dira edukiak, eta eskuratutako tresnak eszenan bertan aplikatuko dabez parte-hartzaileek. Holan, antzerkiaren mundura hurbiltzeaz gan, norberaren komunikazino-gaitasunak, sormena eta talde-lana be garatzeko aukera izango dabe.

Bestalde, Gabonetan gaztetxoei zuzendutako antzerki tailerra be antolatuko dau Bermeoko Udalak, antzerkiaren inguruko eskaintza adin-tarte ezbardinetara zabaltzeko asmoz.

Oizmendi telebista
bizkaiko foru aldundia
txantxangorria euskara

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan