
726 bizilagunek erabiltzen dabe dagoeneko boltsa konpostagarriak biltzeko zerbitzua Gernika-Lumon
Udalak edukiontzi marroirako boltsak doan banatzen jarraituko dau, eta urtean 80.000 unidade banatzea aurreikusi dau, hondakin organikoak errazago bereizteko. Guztira 835 persona dagoz alta emonda materia organikoa biltzeko zerbitzuan, eta horietatik 726k erabili dabe Kultur Etxean jarritako boltsa konpostagarriak hartzeko makina. Holan, Udalak herritarrei hondakinen bereizketa errazteko eta gaikako bilketaren tasak hobetzeko apustuari eusten deutso.
Sistema 2016an hasi zan martxan, udalerriko kaleetan hondakin organikoetarako edukiontzi marroi itxiak jarrita. Hondakin horreek ondoren tratamentu egokia jasoko dabela bermatzeko, edukiontzira bota behar dira boltsa konpostagarrien barruan. Zeregin hori familiei errazteko asmoz, zerbitzuaren hasieratik boltsa horreek doan banatzeko sistema bat ezarri zan.
Banaketa liburutegiko sarreran, Kultur Etxeko beheko solairuan, dagoen makina baten bidez egiten da. Bertan, zerbitzuan alta emonda dagozan pertsonek etxean erabiltzeko boltsak jaso daikiez. Jantoki handien kasuan, adibidez egoitzak edota ikastetxeak, banaketa-sistema espezifiko baten bidez hartzen dabe boltsa handiago batzuk.
Materia organikoa bereizteak ez dau ingurumen-inpaktua bakarrik. Diru-kutxa publikoetarako aurrezpen bat be suposatzen dau. Kilo bat hondakin organiko kudeatzearen kostua bestelako hondakinen edukiontzira botatako kilo bat hondakin nahasi kudeatzearena baino ia erdia da.
Jon Lejarraga, Ingurumeneko zinegotziaren esanetan «Hondakin organikoak behar lez bereiztea erantzukizun partekatua da, baina baita hondakinen kudeaketa eraginkorragoa egiteko aukera be. Edukiontzi marroira botaten dan boltsa bakotxak materia organikoaren tratamentua hobetzen laguntzen dau, eta, aldi berean, nahastutako hondakinen kudeaketa-kostua murrizten»
Hori dala eta, hornidura-kontratu barri bat esleitu barri dau, bi urterako. Kontratu horregaz, urtero 80.000 boltsa konpostagarri eskatzea aurreikusten da, makina banatzailearen bidez doan banatzeko.
-
Azken berriak





























