Skip to main content

Udazkenak kultur eskaintza zabala ekarriko dau

Udazkenari begira, kultur agenda hainbat proposamenekin dator. Musikak, antzerkiak eta bestelako diziplinek protagonismoa izango dute datozen hilabeteetan, eta publikoarentzako hainbat ikuskizun eta emanaldi izango dira.
Egitarauaren barruan, Kolapsoa da aurkezten den proposamenetako bat. Horrez gain, Ruper Ordorika & Mugalarik taldearen emanaldia ere nabarmentzen da, euskal musikaren zaleentzako hitzordu interesgarri gisa.
Antzerkiaren alorrean, berriz, Bidutzi eta Dysphoria lanak ageri dira programazioan. Azkenik, umoreak ere izango du bere lekua, Hau dok umorea! proposamenarekin.
Hala, udazkeneko kultur agenda askotarikoa izango da, musikaz, antzerkiaz eta umoreaz gozatzeko hainbat aukera eskainiz. Kulturzaleek, beraz, badute zer aukeratu datozen aste eta hilabeteetarako.

Kultur Etxeak ikastaroetan izena emateko epea zabaldu dau

Gernika-Lumoko Kultur Etxeak 2026-2027 ikasturterako ikastaroetan izena emateko epea zabaldu du. Programa 2026ko urritik 2027ko ekainera bitartean garatuko da, eta matrikulazioa uztailaren 1etik dago zabalik.

Aurtengo berritasun nagusia “Kontau irudi hau” izeneko doako tailerra izango da. Jarduera urritik ekainera, asteartero, 17:30etik 18:30era egingo da, Gernika-Lumoko ondarea irudien bidez ezagutzeko helburuarekin.

Eskaintzak, gainera, pintura eta marrazketa, zur-taila, bitxigintza, dekorazio-arteak eta aniztasun funtzionala duten pertsonentzako sormen artistikoko tailerrak ere jasotzen ditu. Arteskolako informazio-bilera eta izen-ematea urriaren 1ean izango dira, 18:00etan, Arteskolaren instalazioetan.

Ziortza Bilbao Kultura eta Euskara zinegotziak nabarmendu du Kultur Etxea «diziplina artistiko bat ikasteko espazioa baino askoz gehiago» dela, eta helburua «eskaintza anitza, eskuragarria eta kalitatezkoa eskaintzen jarraitzea, prestakuntza artistikoa eta gure ondarearen ezagutza uztartuz» dela.

Gernika-Lumon erroldatutako herritarrek lehentasuna izango dute plazak esleitzeko.

S.D.Gernika Clubeko aurkezpena

Gernika Clubek denboraldi berriko aurkezpen ofiziala egin du, talde osoaren argazki ofiziala aterata. Jokalariak, teknikariak eta zuzendaritzako kideak elkartu dira ikasturte berriari hasiera emateko, ilusioz eta erronka berriei begira.

Aurkezpenean, Unai Zubiaurre kirol zuzendariak, Jabi Gonzalez entrenatzaileak eta Xabier Arberas jokalariak taldearen egoera eta denboraldi berrirako aurreikuspenak azaldu dituzte. Hirurek azpimarratu dute taldeak ilusioz ekin diola sasoiari, helburuak lortzeko lanean eta lehiakorrak izateko asmoz.

Era berean, zaleei eskerrak eman dizkiete urtero erakusten duten babesagatik, eta aurten ere taldearekin bat egitera animatu dituzte, denboraldi osoan harmailetatik bultzada ematen jarrai dezaten.

Jarraian, Unai Zubiaurre, Jabi Gonzalez eta Xabier Arberasen adierazpenak entzungo ditugu.

Gaztelugatxen dispositibo berezia prestatu da eklipsea dala-ta

Bizkaiko Foru Aldundiak dispositibo berezia prestatuko dau abuztuaren 12an Gaztelugatxen, eguzki-eklipseak Bermeoko kostaldean bisitari ugari batuko dituela aurreikusten baita. Operatiboaren helburua izango da pertsonen segurtasuna bermatzea, natura-ingurunea babestea eta sarbideak modu egokian kudeatzea.

Horren harira, Álex Peláez Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Naturaleko zuzendari nagusiak azaldu dau erakundeen arteko koordinazioa ezinbestekoa izango dala Gaztelugatxeko ingurunea babesteko eta bisitarien segurtasuna bermatzeko. Era berean, herritarrei abuztuaren 12ko arratsaldean Gaztelugatxera ez hurbiltzea gomendatu deutse, dispositiboa behar bezala garatu ahal izateko.

Jarraian, Álex Peláezen adierazpenak entzungo ditugu:

Gune ezberdinetan asfaltatzeak izango dira datozen asteetan

Gernika-Lumoko Udalak asfaltatze planaren fase barri bat jarriko dau martxan, udalerriko hainbat kaletako zoladura hobetzeko. Jarduketak 176.507 euroko aurrekontua izango dau, eta helburua da errepideen egoerea hobetzea eta oinezkoen zein gidarien segurtasuna indartzea.

Obrak abuztuaren 19ra arte egingo dira Arane, Agirregana, Allendeko eskoletako urtenearen gaineko pasabidean eta Errenteriako ospitalera doan biribilguneko bidean. Ondoren, abuztuaren 19tik aurrera, lanak Txorroburu, Lorategieta eta Carlos Gangoiti kaleetara pasako dira.

Jose Maria Gorroño alkateak azpimarratu dauenez, «bide-sarea mantentzea beharrezko inbertsioa da herritarren segurtasuna bermatzeko eta egunero erabiltzen ditugun azpiegiturak babesteko».

Udalak azaldu dau jarduketa honek iaz hasitako asfaltatze planari jarraipena emoten deutsola, auzoetako azpiegiturak hobetzen jarraitzeko helburuagaz.

Oizmendi telebista
bizkaiko foru aldundia
txantxangorria euskara

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan