Skip to main content

Urdaibaiko Organoak Lope Alberdi erakusketaren inaugurazioa

Jaialdiaren 22. edizioa uztailaren 11tik abuztuaren 15era egingo da, “Organoa, museo bizia” lelopean, eta Busturialdeko sei udalerritan hamar kontzertu eskainiko ditu.

Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoak hartu dau gaur goizean “Urdaibaiko Organoak – Joxe Mari Eguileor” jaialdiaren 22. edizinoaren aurkezpena. Uztailaren 11tik abuztuaren 15era bitartean egingo dan jaialdiak “Organoa, museo bizia” izango dau goiburu, eta aurten barri nagusi bat ekarriko dau: Gernika-Lumoko Santa Klara komentuko organo historiko zaharbarritua lehen aldiz izango da egitarauaren parte.

Aurkezpenean Aitziber Ansotegi Urremendiko gerentea, Joxe Benantzi Bilbao jaialdiaren koordinatzailea eta Urkiri Salaberria Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren zuzendaria izan dira.

Antolatzaileek azpimarratu dabenez, Urdaibaiko Organoak ez da kontzertu-ziklo hutsa, Busturialdea-Urdaibaiko organo-ondarea berreskuratu, zaindu eta herritarrengana hurbiltzeko egitasmoa baino. Hogei urte baino gehiagotan, Europako organo historikoen multzorik berezienetako bat balioan jarteko eta kultura-eskaintza aberasteko lanean jardun dau.

Aurtengo protagonista nagusia izango dan Santa Klarako organoa Aquilino Amezua y Cía. etxe ospetsuak eraiki eban 1910ean. Eusko Jaurlaritzak komentua eskuratu eta tresna zaharbarritu ondoren, uztailaren 11n egingo dan inaugurazio-kontzertuan entzungo da barriro, bere jatorrizko egitekoari barriro helduz.

Urkiri Salaberriak nabarmendu dauenez, “Santa Klarako organoa jaialdira batzeak erakundeen arteko lankidetzak gure kultura-ondarea babesteko daukan balioa erakusten dau. Organo bat zaharbarritzea ez da ondare-elementu bat konpontzea bakarrik; barriro ahotsa emotea da, eta etorkizuneko belaunaldiei gure ondarea transmititzen jarraitzea bermatzea”.

2026ko egitarauak Busturialdeko sei udalerritan egingo diren hamar kontzertu batuko ditu. Musika-programaz gain, Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan “Urdaibaiko Soinuak” erakusketea egongo da ikusgai, Gautegiz Arteagako Lope Alberdi Recalde organogileari eskainia. Horrez gain, bisita gidatuak eta mahai-inguru bat be antolatu dira, organoa ondare bizi eta erabilgarri gisa ezagutarazteko helburuagaz.

Urremendi Landa Garapen Elkarteak antolatzen dau jaialdia, eta urtez urte sendotu da organo-ondarea berreskuratzeko, zaintzeko eta zabaltzeko erreferente modura. Edizino barri honek tresna historiko horreen kultur erabilerea sustatzen jarraituko dau, Busturialdeko nortasunaren eta ondarearen parte garrantzitsua diralako.

Bermeok XLI. Musika Astea hartuko dau abuztuaren 2tik 6ra

Bermeok musika klasikoaren hitzordu garrantzitsuenetako bat hartuko du beste behin ere. Abuztuaren 2tik 6ra egingo da XLI. Musika Astea, eta Santa Maria eliza izango da, beste urte batez, kalitate handiko kontzertuen agertokia.

Bermeoko Udalak antolatutako jaialdiak Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa eta Oizmendi Telebistaren laguntza izango ditu. Hain zuzen ere, aurtengo kartel ofizialean Oizmendi Telebista ageri da ekimenaren laguntzaile gisa. Kontzertu guztiak arratsaldeko zortzietan hasiko dira, eta sarrera doakoa izango da.

Aurtengo egitarauak bertako zein nazioarteko talentua batuko ditu. Musika Asteari hasiera Bermeoko Abesbatzak emango dio, bere 70. urteurrena ospatzeko kontzertu bereziarekin. Ondoren, Ahaire Eho Flute Quartet, Julian Kainrath biolin-jotzailea eta Anton Gerzenberg pianista, Aralar Quartet eta Silboberri txistu taldea igoko dira oholtzara.

Lau hamarkadatik gora daramatzan jaialdi honek Bermeoko kultur egutegiko ezinbesteko hitzordua izaten jarraitzen du, eta aurten ere herritarrak eta bisitariak Santa Maria elizan musikaz gozatzera gonbidatu ditu antolakuntzak.

Mestikabasoko kirol gunea barritzeko lanak aurrera doaz

Gernika-Lumon udako hilabeteak aprobetxatzen ari dira udal kirol azpiegiturak hobetzeko. Mestikabasoko kirol gunea eraberritzeko lanak martxan daude dagoeneko, eta helburua da herritarrek urte osoan instalazio modernoago eta erabilgarriagoak izatea.

Proiektuaren barruan, egungo kirol pista estaliko da, 1.290 metro koadro inguruko estalki batekin. Horrela, eguraldia edozein dela ere, kirol jarduerak normaltasunez egin ahal izango dira.

Horrez gain, aire zabaleko kirol eskaintza handitzeko, kalistenia parke berri bat ere eraikiko da, eta inguruko irisgarritasuna hobetzeko eskailerak egingo dira.

Jarduketak 1.032.562,24 euroko aurrekontua du, eta obrak egiteko aurreikusitako epea sei hilabetekoa da.

Jose Maria Gorroño alkateak azpimarratu du obra hauek udalerriko kirol instalazioak hobetzeko eta herritarren beharrei erantzuteko egindako apustuaren parte direla. Bere esanetan, esku-hartze honi esker instalazioak urte osoan erabili ahal izango dira eta kirola egiteko aukera gehiago eskainiko zaizkie herritarrei.

Urdaibaiko Organoak Santiago Apostoluaren Elizan

Kortezubik Santiago Apostol jaietan murgilduta jarraitzen du. Goizeko ekitaldiek herritar ugari batu dituzte plazan eta frontoian, euskal kulturak eta tradizioak protagonismo osoa hartu duten jardunaldian.

Oraingoan, ume eta gazteen dantza emanaldia izan da ikusgai. Dantzariek euskal dantza tradizionalak eskaini dituzte, eta euskal doinu ezagunek giro aparta sortu dute.

Bertaratutakoek txalo zaparradaz eskertu dute gazteen lana, eta emanaldia gertutik jarraitu dute, Kortezubiko jaien egitarauari kolorea eta bizitasuna emanez.

Kortezubiko Jaietako dantza emanaldia

Kortezubik Santiago Apostol jaietan murgilduta da. Goizeko ekitaldiek herritar ugari batu dituzte plazan eta frontoian, euskal kulturak eta tradizioak protagonismo osoa hartu duten jardunaldian.

Oraingoan, ume eta gazteen dantza emanaldia izan da ikusgai. Dantzariek euskal dantza tradizionalak eskaini dituzte, eta euskal doinu ezagunek giro aparta sortu dute.

Bertaratutakoek txalo zaparradaz eskertu dute gazteen lana, eta emanaldia gertutik jarraitu dute, Kortezubiko jaien egitarauari kolorea eta bizitasuna emanez.

Gernika Club taldeak denboraldi barria aurkeztu dau

Gernika Clubek denboraldi berriko aurkezpen ofiziala egin du, talde osoaren argazki ofiziala aterata. Jokalariak, teknikariak eta zuzendaritzako kideak elkartu dira ikasturte berriari hasiera emateko, ilusioz eta erronka berriei begira.

Aurkezpenean, Unai Zubiaurre kirol zuzendariak, Jabi Gonzalez entrenatzaileak eta Xabier Arberas jokalariak taldearen egoera eta denboraldi berrirako aurreikuspenak azaldu dituzte. Hirurek azpimarratu dute taldeak ilusioz ekin diola sasoiari, helburuak lortzeko lanean eta lehiakorrak izateko asmoz.

Era berean, zaleei eskerrak eman dizkiete urtero erakusten duten babesagatik, eta aurten ere taldearekin bat egitera animatu dituzte, denboraldi osoan harmailetatik bultzada ematen jarrai dezaten.

Jarraian, Unai Zubiaurre, Jabi Gonzalez eta Xabier Arberasen adierazpenak entzungo ditugu.

Oizmendi telebista
bizkaiko foru aldundia
txantxangorria euskara

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan