
Mestikabasoko kirol gunea barritzeko lanak aurrera doaz
Gernika-Lumon udako hilabeteak aprobetxatzen ari dira udal kirol azpiegiturak hobetzeko. Mestikabasoko kirol gunea eraberritzeko lanak martxan daude dagoeneko, eta helburua da herritarrek urte osoan instalazio modernoago eta erabilgarriagoak izatea.
Proiektuaren barruan, egungo kirol pista estaliko da, 1.290 metro koadro inguruko estalki batekin. Horrela, eguraldia edozein dela ere, kirol jarduerak normaltasunez egin ahal izango dira.
Horrez gain, aire zabaleko kirol eskaintza handitzeko, kalistenia parke berri bat ere eraikiko da, eta inguruko irisgarritasuna hobetzeko eskailerak egingo dira.
Jarduketak 1.032.562,24 euroko aurrekontua du, eta obrak egiteko aurreikusitako epea sei hilabetekoa da.
Jose Maria Gorroño alkateak azpimarratu du obra hauek udalerriko kirol instalazioak hobetzeko eta herritarren beharrei erantzuteko egindako apustuaren parte direla. Bere esanetan, esku-hartze honi esker instalazioak urte osoan erabili ahal izango dira eta kirola egiteko aukera gehiago eskainiko zaizkie herritarrei.




























