Datorren udan zabalduko ditu ateak Gernika-Lumoko liburutegi berriak. Pasealekuko eraikin historikoa eraberritzeko lanak irailean hasiko dira, eta hamar hilabeteko obren ostean, herriak irakurketa gune modernoagoa, irisgarriagoa eta zabalagoa izango du.
1,5 milioi euroko inbertsioa izango duen proiektuak eraikinaren balio historikoa errespetatuko du, barrualdea XXI. mendeko liburutegi baten beharretara egokituz. Gainera, azalera erabilgarria hirukoiztu egingo da, eta espazio berriak argitasuna, irisgarritasuna eta erabiltzaileen erosotasuna izango ditu ardatz.
Liburutegi berriak Jose Antonio Arana Martija izena hartuko du, euskal kulturaren alde egindako ekarpena aitortzeko.
Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak proiektuaren xehetasunak eta herriarentzat izango duen garrantzia azaldu dauz:
Gernika-Lumoko Elai Alai areto txikian Saharako herriaren errealitatea gertutik ezagutzeko aukera izango da uztailaren 7tik irailaren 4ra bitartean. Beste urte batez, elkarlanean antolatutako argazki erakusketak herri saharauiaren historia, duintasuna eta borroka ekarri ditu herrira.
Oraingoan, Nuria Gonzalez argazkilariaren “En pie entre el polvo y la arena. Hautsaren eta harearen artean, zutik” erakusketa izango da ikusgai. Lan honek Saharako herriaren egunerokoa erakusten du, baina batez ere gazteen begietatik kontatua.
Hemen, gure inguruan, gazte askok aktore, futbolari, mediku edo eduki-sortzaile izatea amesten dute. Han ere, Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan bizi diren gazteek antzeko ametsak dituzte. Baina haien etorkizuna askoz ere lausoagoa da; hautsaren eta harearen artean estalia, nazioarteko komunitatearen axolagabekeriak baldintzatuta eta erbeste luze batek markatuta.
Argazkilariak Aljeriako hego-ekialdeko Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara bidaiatu du. Bertan, herri saharauiak hamarkadak daramatza erbestean bizitzen, bere nortasunari eta askatasunaren aldeko borrokari eutsiz. Irudiek eguneroko bizitza erakusten dute, baina baita itxaropena, duintasuna eta etorkizun hobe baten aldeko nahia ere.
“Gazteak, Saharako herriaren eskubideen alde” lelopean, erakusketak arreta berezia jartzen die belaunaldi berriei. Haien aurpegiak, keinuak eta begiradak dira argazki hauen benetako protagonistak, eta bisitaria hausnarketara gonbidatzen dute: ametsak berdinak izan daitezke, baina guztiok ez ditugu aukera berak horiek betetzeko.
Irailaren 4ra arte egongo da erakusketa ikusgai Elai Alai areto txikian, Saharako herriaren errealitatea gertutik ezagutzeko eta, irudien bidez, hautsaren eta harearen artean zutik dirauen herri baten lekukotasuna jasotzeko.
Gernika-Lumok nazioarteko bakearen eta adiskidetzearen aldeko erreferente gisa parte hartu du Angolako Luandan egin den “Bakearen aldeko Oihua, Gerren Amaiera eta Nazioarteko Zuzenbidearen Errespetua” ekimenaren hirugarren edizioan. Bertan izan dira Jose Maria Gorroño alkatea eta Jon Lejarraga alkateordea, Nazio Batuen Erakundeko Zibilizazioen Aliantzak (UNAOC) eta Religions for Peace erakundeak antolatutako topaketan.
Jardunaldian Luandako Adierazpena onartu da, nazioarteko bakearen, elkarlanaren eta nazioarteko zuzenbidearen aldeko konpromisoa berretsiz. Gorroño alkateak azpimarratu du bakea ez dela gerrarik eza soilik, baizik eta elkarrizketa, justizia, aukerak eta itxaropena eraikitzea. Halaber, iraganetik ikastearen eta belaunaldi berriei etorkizun baketsua bermatzearen garrantzia nabarmendu du.
Duela bi urte Gernika-Lumon sortutako ekimenak Sarajevo eta, aurten, Luanda hartu ditu geldialdi, gatazkek markatutako hiriak memoria, adiskidetzea eta bakearen aldeko konpromisoaren bidez lotuz. Foro honetan parte hartzeak Gernika-Lumoren nazioarteko aitortza indartzen du, bakearen eta giza eskubideen aldeko erreferente gisa.
Giro parebakoa bizi izan da asteburuan Mendatan, XXXVI. Mendatako Sari Nagusia jokatu baita, Junior mailako Euskal Herriko txirrindularitza torneoko hitzordu garrantzitsuenetako bat. Herriko kaleak ikuslez bete dira, eta kirolak zein jai giroak bat egin dabe beste behin.
Lasterketan, Imanol Irazabal izan da garaile nagusia. Gainera, garaipen bikotxa lortu dau, mendiko saria be bereganatuta. Bigarren postuan Jordi White sailkatu da, eta hirugarren amaitu dau Eneko Ugartemendiak.
Beste behin be, Mendatak erakutsi dau txirrindularitzarekiko dauen zaletasuna. Antolatzaileek, Mendatako Udalak eta Gernikesa Txirrindulari Elkarteak, lasterketa bikaina eskaini dabe, segurtasuna eta antolakuntza zainduz, eta herritarrek zein bisitariek egun ederraz gozetako aukera izan dabe.
Kirol lehiatik harago, Mendatako Sari Nagusiak argi itxi dau txirrindularitza herria alkartzeko eta alaitasuna zabaltzeko tresna be badala. Giro bikaina, emozinoa eta kirolaren balioak izan dira protagonista, eta beste urte batez, Mendatak Euskal Herriko junior txirrindularitzaren erreferente izaten jarraitzen dau.
Sekulako arrakasta izaten ari da aurtengo Uda Fest jaialdia Gernikan. Mirua taldearen kontzertu arrakastatsuaren ostean, bigarren hitzorduak ere ez du hutsik egin, eta oraingoan Puro Relajo taldeak plaza bete eta giro ezin hobea sortu du.
Jendetza batu da kontzertua ikustera, eta hasieratik amaierara arte musikak eta festak bat egin dute. Nafarroako taldeak Mexikoko doinu ezagunenak eta Euskal Herriko kantu herrikoiak uztartu ditu, publikoaren parte-hartzea etengabe bilatuz.
Abesti ezagunak entzun ahala, gernikarrak kantuan eta dantzan aritu dira, eta ikusleen erantzunak argi erakutsi du Puro Relajoren zuzenekoak duen indarra. Plaza giro bikainak hartu du, belaunaldi guztietako herritarrak batuz.
Uda Fest jaialdia, beraz, indartsu doa aurrera. Lehenengo Mirua izan zen protagonista, eta oraingoan Puro Relajok festa giroa are gehiago berotu du, Gernikako uda musikaz, alaitasunez eta jendez betetzen jarraituz.
Ehundaka txirrindulari batu dira asteburuan Bermeon IV. Serrats Aldapa Xtrem Bike Marathon proban. Burujaubetasun zelaitik abiau eta bertan amaitu dan hitzorduak giro aparta sortu dau herrian, kirola, natura eta alkartasuna uztartu dauzan jardunaldi batean.
Parte-hartzaileek bi ibilpide izan dabez aukeran: erronka handiagoa bilatzen ebenentzako ibilpide luzea eta maila guztietako txirrindularientzat egokitutako ibilpide laburragoa. Biek ala biek Urdaibaiko paisaia ikusgarriak zehartu dabez, ohiko bideetatik aldenduta, eskualdeko txoko berezienak ezagutzeko aukera eskainiz.
2023an sortu zan Aldapa Xtrem Bike Marathon, Bermeo, bere ingurune naturala eta bertako jentea ezagutarazteko helburuagaz. Halan be, hasieratik argi izan dabe ekimena kirol proba hutsa baino askoz gehiago izan behar zala, eta horregaitik, izaera solidarioa be bere egin dabe. Lehen edizinoan Eutsi Gogor Danok Batera alkartearen alde aritu ziran, eta azken urteotan ASPANOVAS, minbizia daben haur eta familien Bizkaiko alkartearen alde bideratu dabe izen-emateen bidez bildutako diruaren zati bat.
Aurtengo edizinoan be, beraz, parte-hartzaileek alkartasunaren alde emon dabez pedalak, kirolaz gozetan eben bitartean.
Ekimenaren sustatzaile eta antolatzaile Álvaro Sánchak nabarmendu dau pozik dagozala laugarren edizinoak izan dauen harreragaz. Azaldu dauenez, helburua ez da soilik maila handiko mendi bizikleta proba antolatzea, baizik eta Bermeo eta Urdaibaiko ondarea ezagutaraztea eta, aldi berean, gizarteari ekarpena egitea. Horregaitik, parte-hartzaileek ez ezik, boluntarioek, babesleek eta herritarrek be ezinbesteko papera izan dabela azpimarratu dau.
Laugarren edizinoak barriro erakutsi dau Aldapa Xtrem Bike Marathon erreferentziazko hitzordu bihurtzen ari dala, kirola, natura eta alkartasuna uztartzen dauzan ekimen arrakastatsu gisa.
Elenek inoiz eraikitako gaztelurik onena egitea erabaki du. Hala ere, amaren kezka etengabearen eta ustekabeko istripu baten ondorioz, ez da lan erraza izango. Baina Elenak uda osoko hondartza-egunik ahaztezinena biziko du; izan ere, batzuetan gauzak modu harrigarrian aldatzen dira, baina horregatik ez dira hain dibertigarriak.
Abentura ero bat, istorio zentzugabe bat eta haurren askatasunari oda bat.
Esperientzia onenak eskaintzeko, cookieak bezalako teknologiak erabiltzen ditugu gailuaren informazioa gordetzeko eta/edo eskuratzeko. Teknologia hauek onartzeak webgune honetako nabigazio-portaera edo identifikazio bakarrak bezalako datuak prozesatzeko aukera emango digu. Adostasuna ez emateak edo adostasuna kentzeak zenbait ezaugarri eta funtziori kalte egin diezaieke.
Funtzionala
Always active
The technical storage or access is strictly necessary for the legitimate purpose of enabling the use of a specific service explicitly requested by the subscriber or user, or for the sole purpose of carrying out the transmission of a communication over an electronic communications network.
Preferences
The technical storage or access is necessary for the legitimate purpose of storing preferences that are not requested by the subscriber or user.
Statistics
The technical storage or access that is used exclusively for statistical purposes.The technical storage or access that is used exclusively for anonymous statistical purposes. Without a subpoena, voluntary compliance on the part of your Internet Service Provider, or additional records from a third party, information stored or retrieved for this purpose alone cannot usually be used to identify you.
Marketing
The technical storage or access is required to create user profiles to send advertising, or to track the user on a website or across several websites for similar marketing purposes.