Skip to main content

Urdaibaiko Organoak: Giovannimaria Perrucci, San Bartolome Elizan

Urdaibaiko Organoak jaialdiaren kontzertuetako batean gaude. Oraingoan, San Bartolome elizako organoaren soinuez gozatzeko aukera izan dute bertaratutakoek.

Emanaldian Filippo Capocci, Johann Sebastian Bach, Padre Davide da Bergamo eta Vincenzo Petrali konpositoreen lanak interpretatu dituzte, kalitate handiko errepertorioa eskainiz.

Jarraian, San Bartolome elizan grabatutako kontzertu osoa entzungo dugu.

2026.urteko Madalenak

Bermeok urteko hitzordurik berezienetako bat bizi izan dau gaur, Madalen Eguna ospatuz. Urtero lez, herriak Izarogaz dauen lotura barritu dau, mendeetako tradizinoari eutsiz eta bere nortasuna belaunaldiz belaunaldi transmititzen jarraituz.

Aurtengo ospakizunak “alkartasunien ospatuz” izan dau leloa. Izarora jaurtitako teilak herriko lau alkarteri egin deutse autortza, alkartasuna Bermeoko balio nagusietako bat dala azpimarratuz. Alkateak nabarmendu dau ospakizun honek ez dauela iragana gogoratzeko bakarrik balio, baizik eta herriaren oraina eta etorkizuna lotzeko be.

Tradizinoari jarraituz, udal ordezkariak eta konbidauak Hegaluze itsasontzian abiau dira Izarorantz. Txistularien doinuek lagunduta, teila jaurti dabe uretara, Bermeoren eta Izaroren arteko lotura barrituz. Aurten be, herritarren parte-hartzea sustetako asmoz, hamabi bermeotarrek aukera izan dabe udal ordezkaritzagaz batera itsasontzian joan eta protokoloa barrutik bizitzeko.

Bestalde, Bermeoko Udalak omenaldia egin deutso Hilario Aurtenetxe Mentxakari, Madalen Eguneko protokoloan 40 urtez egindako lana eta konpromisoa eskertuz.

Izaroko ekitaldiaren ostean, ordezkaritza Elantxobera joan da. Bertan, Nadia Nemeh Shomaly alkateak makila emon deutso Patxi Egurrola Elantxobeko alkateari, eta ondoren, txistulariekin batera herriko aldapa igon dabe “ikusi Mendizaleak” abestuz.

Goikaldean, ohiko ekitaldi instituzinonalak eta dantzak egin dabez. “Madalenara” dantzarekin eta Ohorezko Aurreskuagaz amaitu da eguneko unerik esanguratsuenetako bat, bertan izan diralarik, besteak beste, Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkatea eta Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobe.

Jarraian, Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkatearen eta gainerako ordezkarien adierazpenak adituko doguz, Madalen Egunak herriarentzat dauen esanahia eta aurtengo ospakizunaren balorazinoa ezagutzeko.

BFAtik operatibo bat mobilizatu dabe, Madrilgo Erkidegoko baso-suteak itzaltzen laguntzeko

Bizkaiko Foru Aldundiak 30 profesionaleko operatibo espezializatu bat bidali du Madrilgo Erkidegora, azken egunotan piztutako baso-sute handiak itzaltzeko lanetan laguntzera.

Basauriko parketik abiatu den dispositiboan Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuko, Baso Zerbitzuko eta Basalaneko langileak doaz, guztira 13 ibilgailurekin eta sua itzaltzeko beharrezko material espezifikoarekin.

Operatiboa Cenicientos udalerrira joan da, administrazioen arteko lankidetzaren barruan eta larrialdiari erantzuteko baliabideak indartzeko helburuarekin.

Bizkaiko Foru Aldundiak nabarmendu du elkartasuna eta erakundeen arteko koordinazioa funtsezkoak direla horrelako larrialdi egoerei aurre egiteko, eta bertako zerbitzuei laguntza ematen jarraituko diela beharrezkoa den bitartean.

Luis Iriondo V.Margo Lehiaketa egin da herrian

Gernika-Lumok beste behin artez bete ditu bere kaleak, Luis Iriondoren oroimenez urtero antolatzen den Margo Lehiaketaren eskutik. Egun osoan zehar, hainbat margolari aritu dira herriko txoko eta gune esanguratsuenak mihisean jasotzen, bakoitzak bere estilo eta ikuspegitik.

Parte-hartzaileek oleoz zein akrilikoz egindako lanak aurkeztu dituzte, eta aurten ere maila handiko obrak ikusi ahal izan dira. Horien artean, Urdaibaiko hainbat artista ere izan dira, eskualdeko talentua erakutsiz.

Lanak amaitu ostean, sari banaketa ekitaldia egin da. Cristina Arana Kultur Etxeko zuzendariak banatu ditu sariak, Iñaki Gorroño alkateordearen eta Jon Lejarraga zinegotziaren laguntzarekin.

Lehiaketa honek Luis Iriondoren oroimena bizirik mantentzeaz gain, urtero Gernika-Lumo artearen topagune bihurtzen du, herriko ondarea eta paisaiak margolarien begiradaren bidez balioan jarriz.

Kortezubik giro ezin hobean ospatu dauz bere jaiak

Giro aparta eta parte-hartze handia izan dira protagonista Kortezubiko jaietan. Herritarrek eta bisitariek ez dabe hutsik egin, eta asteburuan zehar antolatutako ekitaldiek festa giroa nagusitu dabe herrian.

Jaietako hitzordu nagusietako bat Oizmendi taldearen erromeria izan da. Plaza dantzaz bete da, eta adin guztietako herritarrek musikaz eta giro parebakoaz gozetako aukera izan dabe, gaua alaitasunez eta dantzaz betez.

Tradizinoak be bere lekua izan dau aurtengo jaietan. Herri kirol erakustaldiak ikusmin handia biztu dau, eta bertaratutakoek euskal kirolen indarra, trebezia eta ikusgarritasuna gertutik jarraitu ahal izan dabez.

Musika, dantza eta herri kirolak uztartuz, Kortezubik beste urte batez erakutsi dau bere jaiek herritarrak alkartzeko eta euskal kulturaz gozetako daben indarra.

Gozategik Euskal doinuz bete dau Uda Fest Jaialdia

Gernikako Uda Fest jaialdiak arrakasta izaten jarraitzen dau, eta beste behin be herritar ugari batu dira musikaz eta giro apartaz gozetako. Mirua eta Puro Relajoren kontzertuek izandako harrera bikainaren ondoren, oraingoan San Kristobal plaza izan da jaiaren erdiunea.

Bertan, Gozategi taldeak euskal kantu ezagunenak eskaini dauz, eta publikoak berehala egin dau bat doinuekin. Plaza kantuz eta dantzaz bete da, adin guztietako herritarrak euskal musikaren erritmoan batuz.

Kontzertuak barriro be agirian itxi dau Uda Fest jaialdiaren arrakasta. Musikak herria alkartu dau beste behin, eta jaialdiak uda giroa, kultura eta aisialdia uztartzen jarraitzen dau, Gernikako kaleak bizitasunez betez.

Gozategiren emonaldiagaz, Uda Festek beste gau gogoangarri bat gehitu deutso aurtengo egitarauari, euskal musikaren eta jai giroaren aldeko apustua indartuz.

Jardunaldi parte-hartzaileen aurkezpena Joseba Etxebarria eta Koldo Bilbaoren eskutik

Kirolbai programan, oraingoan, Urdaibai eskualdeko kirol tradizionalen etorkizunari begira jarri gara. SUSTABIZ Fundazioak, BBK Fundazioaren laguntzarekin, herri kirolak, euskal pilota eta arrauna sustatzeko martxan jarri dituen jardunaldiak aurkeztu ditu, belaunaldi berriak gure ondarera gerturatzeko helburu argiagaz.

Urdaibai aldeko udalerriak izango dira egitasmo honen ardatz nagusietako bat. Gure Kirolak Sustatzen programaren bidez, Busturialdeko eta inguruko haur eta gazteek herri kirolak, euskal pilota eta arrauna ezagutu eta praktikatzeko aukera izango dute, kirolari ospetsuen eskutik eta udal, ikastetxe zein familien laguntzarekin.

Gainera, jardunaldi bereziak egingo dira Ondarroan eta Markina-Xemeinen, parte-hartzea sustatzeko eta gure kirol tradizionalak kalera ateratzeko. Erakustaldiak, saio praktikoak eta topaketak izango dira protagonista, herritarrak kirol hauetara hurbiltzeko.

Beste berrikuntza nagusietako bat inklusioaren aldeko apustua da. HASZTEN erakundearekin elkarlanean, herri kirol egokituko jarduerak ere antolatuko dira Busturialdean eta Lea-Artibain, kirola pertsona guztien eskura jartzeko.

Era berean, Gernika-Lumoko ikastetxeetan eskolaz kanpoko jarduerak eskaintzen jarraituko dute, gazteek urte osoan zehar herri kirolak, arrauna eta pilota praktikatzeko aukera izan dezaten.

SUSTABIZ Fundazioak Europako proiektuetan ere parte hartzen hasi da, genero berdintasuna eta emakumeen presentzia sustatzeko helburuarekin. Horrek erakusten du gure kirol tradizionalek gero eta proiekzio handiagoa dutela lurraldetik harago ere.

Urdaibain antolatuko diren kirol jardunaldi hauek, beraz, aukera aparta izango dira gure sustraiak ezagutzeko, kirola bizitzeko eta belaunaldi berrien artean herri kirolen etorkizuna sendotzen jarraitzeko. Kirolbain, jardunaldi hauen nondik norako guztiak gertutik ezagutuko ditugu.
Jardunaldi hauen bidez, SUSTABIZ Fundazioak eta BBK Fundazioak argi utzi dute herri kirolen etorkizuna belaunaldi berrien esku dagoela, eta horretarako ezinbestekoa dela hezkuntza, parte-hartzea eta lankidetza uztartzea. Egitasmoaren helburuak eta datozen hilabeteetako erronkak hobeto ezagutzeko, Joseba Etxeberria SUSTABIZ Fundazioko zuzendaria eta Koldo Bilbao, BBK Gizarte Ekintzako Kultura arduraduna, izan ditugu gurekin. Hona hemen eurek esandakoa.

Oizmendi telebista
bizkaiko foru aldundia
txantxangorria euskara

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan