Skip to main content

Errenteria jai giroan murgilduko da laster

Auzokideek aurtengo San Bartolome Jaiak 2026 aurkeztu dabez, eta egitarau zabala prestau dabe adin guztietako herritarrentzat. Aurkezpenean azaldu dabenez, aurtengo edizinoak ohiko ekitaldiei eutsiko badeutse be, hainbat barritasun izango dauz.

Jaiak abuztuaren 23an hasiko dira txupinazoagaz, eta abuztuaren 29ra arte luzatuko dira. Egitarauan mus txapelketa, herri bazkaria, txirrindulari lasterketa, trikitixa kalejira, erraldoiak, estropadak, tortilla eta paella txapelketak, piragua jarduerak eta kontzertuak izango dira, besteak beste. Musika eskaintzan Xaibor, Unholy Covers, DJ Rainman eta DJ Koet izango dira protagonista.

Auzoko ordezkariek azaldu dabenez, aurten ekitaldi batzuk indartu eta proposamen barriak gehitu dabez, jaiak parte-hartzaileagoak izan daitezan eta auzoko giroa sendotzen jarraitzeko. Horregaitik, herritar guztiak San Bartolome jaietan parte hartzera konbidau dabez.

Udalak martxan jarri dau jaietako pregoilaria aurkezteko epea

Bermeoko Udalak martxan jarri du Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako pregoilaria aukeratzeko azken bozketa fasea. Herritarrek egindako proposamenen artean, hiru hautagai izan dira boto gehien jaso dituztenak: Alkartasuna Dantza Taldea, Bermeoko Erraldoien Konpartsa eta Garoa Martinez Anasagasti.

Orain, bermeotarrek azken hitza izango dute, eta gustukoen duten hautagaiaren alde bozkatu ahal izango dute galdetegi digitalaren bidez edo Gizarte eta Kultura Etxean jarritako hautestontzian.

Bozkatzeko epea abuztuaren 11ko 12:00etan amaituko da, eta aukeratutako pregoilariaren izena abuztuaren 12an emango du ezagutzera Bermeoko Udalak, Andra Mari eta Santa Eufemia jaien aurkezpen ofizialean.

XXXVIII.Nazioarteko Folklore Jaialdia ospatuko da zapatuan

Aurtengo edizioan Kolonbiako Show Dance – Cuerpos en Movimiento taldea eta Kanaria Handiko Agrupación Folklórica San Cristóbal izango dira gonbidatuak. Haiekin batera, Alkartasuna Dantza Taldea izango da anfitrioia, eta aurten gainera bere 50. urteurrena ospatzen ari denez, jaialdiak esanahi berezia izango du.

Endika Etxebarria Kultura zinegotziak azpimarratu du jaialdia Bermeoko kultur egutegiko hitzordu garrantzitsuenetako bat dela, eta herritarrak zein bisitariak Lamerara hurbiltzera gonbidatu ditu, kultur aniztasunaz eta euskal tradizioaz gozatzeko.

Luis Iriondo Aire Zabaleko V. Margo Lehiaketa

Gernika-Lumoko kaleak eta txokoak margolariz bete dira beste urte batez, Kultur Etxeak eta Arteskolak antolatutako Luis Iriondo V. Margo Lehiaketaren eskutik. Hogei artistak hartu dute parte aurtengo edizioan, tartean Urdaibaiko margolariak zein Euskal Herritik kanpotik etorritako parte-hartzaileak, Alicante eta Granadatik, besteak beste.

Goiz osoan zehar, margolariak herriko hainbat gunetan banatuta aritu dira lanean. Gernikako Arbola, Pasealekua, eskulturak, paisaiak, erdiguneko kaleak eta herriko beste hainbat txoko mihisean islatu dituzte, bakoitzak bere estilo eta ikuspegitik.

Behin lanak amaituta, herritarrek margolan guztiak gertutik ikusteko aukera izan dute, eta gustukoena bozkatu ere bai. Gainera, ekitaldia musikaz girotuta egon da, sari banaketari ukitu berezia emanez.

Sari banaketa Cristina Arana Kultur Etxeko zuzendariak gidatu du, eta Jon Lejarraga zinegotziak eta Iñaki Gorroño alkateordeak banatu dituzte aintzatespenak. Lehen saria Adrian Marmolejorentzat izan da; bigarrena Carlos Espigarentzat; hirugarrena Maria Teresa Durárentzat; herriko artistarik onenaren saria Chris Blancok jaso du; eta herritarren saria, berriz, Iker Mugarrak.

Saritutako lanak Gernika-Lumoko Kultur Etxean egongo dira ikusgai abuztuan zehar.

Egitarau anitza Gernika-Lumoko Jaietan

Gernika-Lumok prest dauka aurtengo Andra Mari eta San Roke jaietako egitaraua. Abuztuaren erdialdean ospatuko diren jaietan, musika, kultura, kirola eta familia osoarentzako jarduerak izango dira protagonista.

Egitarauaren barruan ez dira faltako ohiko ekitaldiak: txupinazoa, buruhandiak, erraldoien desfileak, haurrentzako jolasak, kale animazioa, dantza eta musika emanaldiak, bertsolariak, kontzertuak, herri kirolak eta kirol txapelketak. Horrez gain, jaietako egun nagusietan mezak, aurreskuak eta tradiziozko ekitaldi instituzionalak ere egingo dira.

Musikak protagonismo berezia izango du, Pasealekuan eta herriko beste gune batzuetan eskainiko diren kontzertuekin. Gazteentzako eta familientzako ikuskizunak ere izango dira, baita gaueko erromeriak eta DJ saioak ere.

Bestalde, Udalak Gune Morea eta Gautxori-Bidebusa jarriko ditu martxan, jai seguruagoak bermatzeko eta eraso matxisten prebentzioa indartzeko.

Gernika-Lumoko Udalak herritar guztiak gonbidatu ditu jaietan parte hartzera eta giro onean, errespetuz eta segurtasunez Andra Mari eta San Roke jaiak bizitzera.

Oizmendi telebista
bizkaiko foru aldundia
txantxangorria euskara

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan