Skip to main content

Luis Iriondo Aire Zabaleko V. Margo Lehiaketa

Gernika-Lumoko kaleak eta txokoak margolariz bete dira beste urte batez, Kultur Etxeak eta Arteskolak antolatutako Luis Iriondo V. Margo Lehiaketaren eskutik. Hogei artistak hartu dute parte aurtengo edizioan, tartean Urdaibaiko margolariak zein Euskal Herritik kanpotik etorritako parte-hartzaileak, Alicante eta Granadatik, besteak beste.

Goiz osoan zehar, margolariak herriko hainbat gunetan banatuta aritu dira lanean. Gernikako Arbola, Pasealekua, eskulturak, paisaiak, erdiguneko kaleak eta herriko beste hainbat txoko mihisean islatu dituzte, bakoitzak bere estilo eta ikuspegitik.

Behin lanak amaituta, herritarrek margolan guztiak gertutik ikusteko aukera izan dute, eta gustukoena bozkatu ere bai. Gainera, ekitaldia musikaz girotuta egon da, sari banaketari ukitu berezia emanez.

Sari banaketa Cristina Arana Kultur Etxeko zuzendariak gidatu du, eta Jon Lejarraga zinegotziak eta Iñaki Gorroño alkateordeak banatu dituzte aintzatespenak. Lehen saria Adrian Marmolejorentzat izan da; bigarrena Carlos Espigarentzat; hirugarrena Maria Teresa Durárentzat; herriko artistarik onenaren saria Chris Blancok jaso du; eta herritarren saria, berriz, Iker Mugarrak.

Saritutako lanak Gernika-Lumoko Kultur Etxean egongo dira ikusgai abuztuan zehar.

Oizmendi telebista
bizkaiko foru aldundia
txantxangorria euskara

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan