Skip to main content

Alkartasuna Dantza Taldeak 50. urteurrena ospatu dau emanaldi hunkigarriagaz Bermeoko Artza Frontoian

Bermeoko Artza Frontoiak Alkartasuna Dantza Taldearen 50. urteurreneko emanaldi berezia hartu dau. Taldearen historiako hainbat belaunaldi batu dira oholtza berean, lehenengo dantzariak eta gaur egungoak alkartuz, mende erdiko ibilbidea ospatzeko.

Ikuskizunak une hunkigarri ugari izan ditu. Dantza tradizional eta ezagunen bidez, taldeak urteotan egindako lana gogoratu dau, dantzari, txistulari eta trikitilarien parte-hartzeagaz. Horreen artean, Korrontza taldeko trikitilaria be izan da, hainbat dantzari doinua jarriz.

Emanaldian omenaldi bereziak be egin dira, eta Bermeoko Udalak be bat egin dau ospakizunagaz. Nadia Nemeh Shomaly alkateak eskerrak emon deutsee Alkartasuna Dantza Taldeko kide guztiei, herriko kultura eta euskal dantzak belaunaldiz belaunaldi bizirik mantentzeko egindako lanagaitik.

Artza Frontoia jendez bete da, eta ikusleek txalo zaparradaz lagundu dabe emanaldi osoa. Musikea, dantzea eta emozinoa protagonista izan dira, Alkartasuna Dantza Taldearen 50 urteko ibilbidea gogoratuz eta ospatuz, herriaren kultur ondarearen parte garrantzitsua dala barriro be agerian itxiz.

Platinozko Erratza berrestera eroan daben emonaldiak errepasatu daiteke

Domingo Alegria plazan jarritako standak Gernika-Lumo Platinozko Erratza berrestera eroan daben emonaldiak errepasatzen dauz.

Gernika-Lumoko Udalak informazino-stand bat jarri dau Domingo Alegria plazan, udalerria uri-garbiketan eta ingurumen-kudeaketan estaduko erreferente bihurtu daben jarduerak herritarrei hurbiltzeko. Erakusketaren ardatza Platinozko Erratz barri bat emotea da, Hondakinen Kudeaketarako eta Ingurumenerako Elkarte Teknikoak (Ategrus) hondakinak garbitzeko eta biltzeko zerbitzuen kalidadeagaitik nabarmentzen diran administrazinoei emoten deutsen sari nagusia.

Erakusketa guneak informazino panel ezbardinak eta dibulgazino bideo bat biltzen dauz, Udalak azken urteetan udal zerbitzuak modernizatzeko, ingurumen inpaktua murrizteko eta uri eredu jasangarriago baterantz aurrera egiteko bultzatu dauzan neurri nagusiak ezagutzeko.

Gernika Atletismo Taldearen nondik norakoak, entrenatzailea dan Ibon Bilbaoren eskutik

Kirolbai programa honetan Gerniak Atletismo Taldeko entrenatzailea den Ibon Bilbaorekin egon gara. Gernika-Lumok atletismoarekin ddauen konpromisoa, helburuak eta nondik norakoak ezagutu ditugu, taldearen ibilbidea, pausoak, errekorrak edo garaikurrak zeintzuk izan diren jakitzeaz gain.

Gainera, ematen ari diren urrats eta etorkizuneko xedeak zeintzk diren iragarri ditu Bilbao Atletak, entrenatzaileek duten garrantzia aipatzeaz gain; izan ere, harrobiak garrantzi handia daukala azpimarratu dau eta Gernika Atletismo Taldearen 10.urteurrenaren balorazinoa einez, behintzat bera jubilatu arte taldeak iraun dezalaren ametsa partekatu dau:

BFAk Ibilbide Historikoak programaren edizio berezia aurkeztu dau, Foru Barriaren 500.urteurrena ospatzeko

Bizkaiko Foru Aldundiak Ibilbide Historikoak programaren edizino berezia aurkeztu dau Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan, Bizkaiko Foru Barriaren 500. urteurrena ospatzeko.

Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak azaldu dau ibilbideek aukera emongo dabela foruen garrantzia eta Bizkaiko autogobernuaren sustraiak hobeto ezagutzeko. Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, barriz, nabarmendu dau ekimena ez dala bisita-programa hutsa, baizik eta herritarrei Bizkaiko historiaren funtsezko pasarte bat hurbiltzeko tresnea.

Egitarauak hiru ibilbide gidatu eskainiko ditu uztailean eta irailean: Durangaldea, Enkarterri eta Zin Bidea. Autobusez eta oinez egingo diren bisitetan Gernikako, Gerediagako eta Abellanedako batzar-etxeak eta foruen historiari lotutako beste hainbat leku ezagutzeko aukera izango da.

Ibilbideek ondarea, historia eta paisaia uztartuko ditue, eta parte hartu gura dabenek erreserbak egin ahal izango ditue www.ibilbidehistorikoak.eus webgunean.

BFAk eta Bermeoko Udalak Madari errekaren gaineko pasabide barria inauguratu dau

Bizkaiko Foru Aldundiak 1,12 milioi euro inbertidu ditu Next Generation funtsen bidez finantzatutako azpiegituran, irisgarritasuna hobetu eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbako natura-ingurunea babesteko.

Bizkaiko Foru Aldundiak Madari errekaren gaineko pasabide barria inaugurau dau gaur, eta, horri esker, amaitutzat emon da Gaztelugatxe eta Bermeo kostaldetik lotzen dituan oinezkoentzako ibilbidearen zati estrategiko bat. Azpiegiturea Arantza Atutxa Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatuak eta Nadia Nemeh Bermeoko alkateak inaugurau dabe.

Jarduketak 1,12 milioi euroko inbertsinoa izan dau, Next Generation funtsen bidez finantzauta, eta helburu bikoitza dau: oinezkoentzako konektibidadea hobetzea eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbako balio ekologiko handiko ingurunea babestea.

Pasabide barriak 70 metroko luzerea eta bi metroko zabalerea daukaz, eta Madari errekaren gainetik ia 20 metroko altueran igaroten da. Diseinua paisaian guztiz integratzeko pentsauta dago, ingurumenaren gaineko eragina ahalik eta txikiena izan daiten.

Inaugurazinoan, Arantza Atutxa diputatuak azpimarratu dau azpiegiturak “Gaztelugatxe eta Bermeo arteko oinezkoentzako loturea nabarmen hobetzen dauela, aldi berean natura-ingurunea babestuz”. Bere esanetan, proiektuaren erronka handienetako bat izan da “ingurumen-balio handiko espazio batean guztiz integratutako pasabidea eraikitzea, Urdaibaiko ondare naturala errespetatuz”.

Atutxak gogorarazo dau Madari errekea Urdaibaiko Ibai Sarearen Kontserbazio Bereziko Eremuaren barruan dagoala, eta, horregaitik, obra guztia ingurumen-irizpide zorrotzak betez gauzatu dala. “Azpiegitura honek erakusten dau posible dala mugikortasuna eta natura babestea batera joatea”, adierazo dau.

Bestalde, Nadia Nemeh Bermeoko alkateak pozik hartu dau azpiegiturearen amaierea, eta nabarmendu dau “Bermeorentzat eta eskualdearentzat oso albiste garrantzitsua dala”. Alkatearen esanetan, pasabide barriak “herritarren eta bisitarien segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzen ditu, eta, aldi berean, Urdaibaiko paisaia eta natura modu jasangarrian ezagutzeko aukera eskaintzen dau”.

Nemehek azpimarratu dau erakundeen arteko lankidetza funtsezkoa izan dala proiektua aurrera aterateko, eta azpiegitura barriak turismo jasangarria eta natura-ondarearen balorizazinoa indartuko dituala.

Madariko pasabide barriari esker, Bizkaiko naturgune ikusgarrienetako baten oinezkoentzako ibilbidea osatu egin da, erabiltzaileei Gaztelugatxe eta Bermeo arteko kostaldea modu seguruagoan eta erosoagoan zeharkatzeko aukera eskainiz, betiere Urdaibaiko Biosfera Erreserbako balio ekologikoak errespetatuz.

“Emakumeen Memoria Bizia”

Bermeok badu jada bere emakumeen memoria bizia kalean ikusgai. Joan den barikuan aurkeztu zen proiektua, eta ordutik, Alde Zaharreko bost gunetan jarritako argazkien bidez, herriko emakumeen bizipenak eta oroitzapenak ezagutzeko aukera dute herritarrek.

Ibilbideak Bermeoko historiaren zati bat berreskuratzen du, baina oraingoan emakume protagonisten begiradatik. Haien testigantzek eguneroko bizitza, lana, familia, ohiturak eta herriaren bilakaera kontatzen dituzte, memoria kolektiboa osatuz.

Proiektuan parte hartu duten emakumeek azpimarratu dute urte luzez isilean geratu diren istorioei ahotsa emateko balio izan diela ekimenak. Haien esanetan, bizipen pertsonalak partekatzeak herriaren historia osatzen laguntzen du, eta belaunaldi berriek iragana gertutik ezagutzeko aukera eskaintzen du.

Ibilbidea osatzeko, ‘Urdin Urdiñe’ ikus-entzunezkoa ere prestatu dute. Bertan, emakume protagonisten ahotsak eta testigantzak jaso dituzte, memoria hori zuzenean haien hitzetatik ezagutzeko.

Antolatzaileen esanetan, helburua argia da: Bermeoko historia emakumeen ekarpenetik ere kontatzea, eta herriaren memoria kolektiboa ikuspegi zabalago eta inklusiboago batetik eraikitzen jarraitzea.

Oizmendi telebista
bizkaiko foru aldundia
txantxangorria euskara

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan