Skip to main content

Agarreko Jaiak 2026

Agarre auzoak asteburu osoan ospatu ditu bere jaiak, eta adin guztietarako egitarau zabalari esker giro bikaina nagusitu da hiru egunetan. Musika, gastronomia, dantzak eta herri giroa uztartu dira beste behin, auzotarrak zein bisitariak batuz.

Jaietako unerik jendetsuenetako bat larunbateko tortilla txapelketa izan da. Parte-hartzaileek euren tortilla onenak prestatu dituzte epaimahaiaren aurrean, eta lehia estua izan da sari nagusiak eskuratzeko. Txapelketaren amaieran, sari banaketa egin da, irabazleen lana aitortuz eta parte-hartzaile guztien inplikazioa eskertuz.

Igandean, berriz, sua eta lapikoak izan dira protagonista sukalki txapelketan. Goiz osoan aritu dira taldeak sukalkirik onena prestatzen, eta epaimahaiaren erabakia ezagutu ondoren, kazolen batu eta sukalki txapelketako sariak banatu dira, giro ezin hobean.

Baina gastronomiaz gain, euskal kulturak ere leku nabarmena izan du aurtengo Agarreko Jaietan. Goiza txistularien dianarekin hasi da, eta ondoren Bizkai Alai dantza taldearen eskutik euskal dantzek plaza bete dute, ikusleen txalo artean. Era berean, gaiteroen kalejirak jai giroa auzoko txoko guztietara eraman du, asteburuari kolore eta doinu berezia emanez.

Andra Mari Elizak uda honetan edegiko dauz ateak

Ekimenaren helburua, Gernikako historiaren pasarte garrantzitsuenetako batzuen lekuko izan dan ondarea publikoari hurreratzea da, eta, garrantzitsua izan arren, oraindino be ez da oso ezaguna herritarren artean.

Bisita errazteko, Turismo Bulegoak 5.000 interpretazino-liburuxka argitaratu dauz euskeraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Material horri esker, ibilpide autonomoa egin daiteke tenpluaren barrukaldean, eta elementu arkitektoniko eta artistiko nagusien historia, esanahia eta bitxikeriak ezagutu daitekez.

Azoka Berezia, Gernikako Piperrak

Aurtengo edizinoan be Gernikako piper berdea izan da protagonista nagusia. Kalidadeagatik, saboreagatik eta bertako ekoizpenaren ikur izateagaitik ezaguna dan produktuak jente ugari erakarri dau goizean goizetik, postuetan erosketa egiteko eta denporaldiko lehen piperrak etxera eramateko.

Azokak, ordea, piperra baino askoz gehiago eskaini dau. Herriko plazan eta inguruan bildutako baserritarrek sasoi beteko fruta eta barazki ugari jarri dabez salgai: tomateak, letxugak, kipulak, kalabazinak eta beste hainbat produktu fresko izan dira erosleen artean gehien bilatu diranak. Horiez gan, gozoki tradizinonalak, ogia, gaztak eta bestelako artisau-elikagaiak be ez dira falta izan.

Bertako produktuekin batera, artisauek be protagonismo berezia izan dabe. Egurrezko piezak, bitxiak, ehungintzako lanak, dekorazino-elementuak eta eskuz egindako bestelako artisautza-lanak erakutsi eta saldu dabez, azokari kolore eta berezitasun handiagoa emonez.Beste behin, Gernikako Piperraren Egunak agirian itxi dau Gernikako piper berdea ez dala produktu soil bat, baizik eta bertako nekazaritzaren, kalidadearen eta tradizinoaren ikur nagusietako bat. Azokak tokiko ekoizleen lana balioan jarri dau, eta herritarren zein bisitarien erantzun bikainagaz amaitu da beste urte batez.

Lanbide Ekimenak %51,7ra igon dau Busturialdean artatutako pertsonen laneratzea

Gernika-Lumoko enpleorako orientazino zerbitzuak banakako laguntzari esker hobetu dauz bere emoitzak, batez be 45 urtetik gorako emakumeen eta etorkinen artean.

Gernika-Lumoko Lanbide Ekimenak Enplegurako Orientazio Zerbitzuak emoitzak hobetu dauz Busturialdean 2023-2025 aldian. Programak % 51,71ko laneratze tasa lortu dau, 2021etik 2023ra bitartean erregistratutako % 47,04 baino ia bost puntu gehiago. Hobekuntza hori jazotzen da persona gitxiago artatu arren, eta horrek indartu egiten dau laguntza personalizatuan eta erabiltzaile bakotxaren beharretara egokitutako ibilpideak egitean oinarritutako ereduaren eraginkortasuna.

Azken bi urteetan, zerbitzuak 293 personari emon deutse arreta, eta laneko orientazinoko eta esku-hartzeko 609 ordu baino gehiago egin dauz. Aurreko aldian, 2021-2023an, 339 personak hartu eben parte, eta 684 arreta-ordu egin ziran. Datuek erakusten dabenez, erabiltzaileen bolumenaz gan, banakako arretari esker lan-merkatuan sartzeko aukerak areagotu egin dira.

«Laneratze bakotxaren atzean historia personal bat eta laguntza-prozesu bat dagoz. Emoitza horreek erakusten dabe banakako arreta eskaintzeak enpleoa lortzeko aukerak hobetzen dauzala eta Busturialdeko garapen ekonomiko eta sozialean be laguntzen dauela», adierazo dau Ekonomia Sustapeneko zinegotzi Jon Lejarragak.

Erabiltzaileek beren egoera personal eta profesinonalera egokitutako laguntza jasotzen dabe. Hasierako diagnostikoa egin ondoren, lantalde teknikoak banakako ibilpide bat diseinatzen dau. Ibilpide horretan sartzen dira lan-orientazioa, enpleoa bilatzeko tresnen hobekuntza, prestakuntza-ekintzetara bideratzea, enpresekiko bitartekaritza eta laneratze-prozesuaren jarraipena. Zerbitzuak unean uneko beharrei be erantzuten deutse, halan zelan curriculuma egitea edo eguneratzea, enpleo-atarietan izena emotea, hautagaitzak kudeatzea edo eskaintzak bilatzea.

Artatutako pertsonen profilak eskualdeko lan merkatuaren errealidadea islatzen dau. 293 erabiltzaileetatik 188 emakumeak izan ziran ( % 64,2) eta 105 gizonak ( % 35,8). Bereziki nabarmentzekoa da 45 urtetik gorako emakumeen parte-hartzea, zerbitzuan artatutako talderik ugariena baitira, 115 erabiltzailegaz. Era berean, parte hartu ebenetatik 101 etorkinak ziran, hau da, guztizkoaren % 34 inguru.

Lanbide Ekimenak erakundeak egindako lana ez da soilik lan-eskaintzetarako sarbidea erraztera mugatzen. Zerbitzuak enplegagarritasuna hobetzen laguntzen dau, curriculuma eguneratuz, lana bilatzeko teknikak ikasiz, prestakuntza-baliabideak eskuratuz eta hautaketa-prozesuei aurre egiteko prestakuntza hobea emonez. Banakako laguntzari esker, gainera, lan-merkatuan sartzeko beharrezkoak diran motibazinoa, konfiantza eta gaitasun personalak eta profesinonalak indartu daitekez.

BBK Klima udako topagune bihurtu da, ingurumenaren alde ikasiz eta ondo pasatuz

Sukarrietako zentroak bisitari ugari hartzen jarraitzen dau uda osoan, eta umeek zein familiek ingurumenaren zaintza sustatzen daben jolas eta tailerretan parte hartzen dabe giro ezin hobean.

BBK Klima zabalik dago uda osoan, eta egunero hurbiltzen dira bertara ingurumenaren inguruan ikasi eta esperientzia dibertigarriak bizitzeko gogoz dagozan familia eta ume ugari. Sukarrietako zentroa udako aisialdirako erreferente bihurtu da, naturagaz lotutako jarduerak eta hezkuntza uztartzen dituan eskaintzeari esker.

Bertaratzen diranek aukera daukie ingurunea zaintzearen garrantzia modu praktiko eta entretenigarrian ezagutzeko. Horretarako, hainbat jolas, tailer eta dinamika prestatzen dira, jasangarritasuna, birziklapena, biodibertsitatea eta natur baliabideen erabilera arduratsua lantzeko.

Jarduera guztiak parte-hartzaileen adinera egokituta dagoz, eta helburua argia da: ingurumenaren aldeko ohitura onak txikitatik sustatzea, ikaskuntza esperientzia atsegin eta dibertigarri bihurtuz.

Udako egun batean BBK Klimara hurbiltzen diranek primeran pasatzen dabe. Umeek ilusinoz parte hartzen dabe proposatutako erronketan, esperimentuak egiten dabez, naturagaz harreman zuzena izaten dabe eta taldean jolastuz ikasten dabe. Familiek be oso modu positiboan baloratzen dabe eskaintza, aisialdia eta hezkuntza uztartzen ditualako.

Uda honetan be, BBK Klimak erakusten dau ingurumenaren aldeko kontzientzia piztea eta aisialdia bateragarriak dirala. Sukarrietako zentroak arrakasta handiz jarraitzen dau bisitariak hartzen, eta udako egonaldia esperientzia ahaztezina bihurtzen da bertaratzen diren guztientzat, ikaskuntza, natura eta dibertsinoa uztartuz.

JAZZBER 2026 Saul Andreu Quartet

Bermeo jazzaren topagune bihurtuko da, berriro ere, uztailaren 1etik 3ra bitartean, Jazzber jaialdiaren edizio berriari esker. Bermeoko Udalak eta Jizz Jazz Kultur Taldeak elkarlanean antolatutako ekimenak kalitatezko jazzaren aldeko konpromisoa sendotuko du, eta hiru kontzertu eskainiko ditu Bermeoko Kafe Antzokian, 20:30ean, sarrera doan dela.

Jaialdiak generoaren aniztasuna eta gaur egungo joerak erakutsiko ditu, Euskal Herriko zein nazioarteko musikarien proposamenekin. Jazzberrek, urteetan zehar, erreferentziazko hitzordua izatea lortu du eskualdean, eta aurten ere musikazaleei esperientzia aberatsa eta kalitate artistiko handikoa eskaintzeko prest dator.

Jazzber jaialdiaren helburua da jazz musika herritarrengana hurbiltzea, zaletasuna eta ezagutza sustatzea, eta genero horretako joera berriak ezagutaraztea.

Uztailak 3: Saul Andreu Quartet

Saul Andreu Quartet lau lagun eta musikariren arteko elkarlanetik sortutako taldea da. Haien konposizio propioen eta sormenaren bidez, musikaren bitartez hitzek adierazi ezin dutena transmititzeko gai dira.

Oizmendi telebista
bizkaiko foru aldundia
txantxangorria euskara

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan