Skip to main content

Lanbide Ekimenak %51,7ra igon dau Busturialdean artatutako pertsonen laneratzea

2026/07/08

Gernika-Lumoko enpleorako orientazino zerbitzuak banakako laguntzari esker hobetu dauz bere emoitzak, batez be 45 urtetik gorako emakumeen eta etorkinen artean.

Gernika-Lumoko Lanbide Ekimenak Enplegurako Orientazio Zerbitzuak emoitzak hobetu dauz Busturialdean 2023-2025 aldian. Programak % 51,71ko laneratze tasa lortu dau, 2021etik 2023ra bitartean erregistratutako % 47,04 baino ia bost puntu gehiago. Hobekuntza hori jazotzen da persona gitxiago artatu arren, eta horrek indartu egiten dau laguntza personalizatuan eta erabiltzaile bakotxaren beharretara egokitutako ibilpideak egitean oinarritutako ereduaren eraginkortasuna.

Azken bi urteetan, zerbitzuak 293 personari emon deutse arreta, eta laneko orientazinoko eta esku-hartzeko 609 ordu baino gehiago egin dauz. Aurreko aldian, 2021-2023an, 339 personak hartu eben parte, eta 684 arreta-ordu egin ziran. Datuek erakusten dabenez, erabiltzaileen bolumenaz gan, banakako arretari esker lan-merkatuan sartzeko aukerak areagotu egin dira.

«Laneratze bakotxaren atzean historia personal bat eta laguntza-prozesu bat dagoz. Emoitza horreek erakusten dabe banakako arreta eskaintzeak enpleoa lortzeko aukerak hobetzen dauzala eta Busturialdeko garapen ekonomiko eta sozialean be laguntzen dauela», adierazo dau Ekonomia Sustapeneko zinegotzi Jon Lejarragak.

Erabiltzaileek beren egoera personal eta profesinonalera egokitutako laguntza jasotzen dabe. Hasierako diagnostikoa egin ondoren, lantalde teknikoak banakako ibilpide bat diseinatzen dau. Ibilpide horretan sartzen dira lan-orientazioa, enpleoa bilatzeko tresnen hobekuntza, prestakuntza-ekintzetara bideratzea, enpresekiko bitartekaritza eta laneratze-prozesuaren jarraipena. Zerbitzuak unean uneko beharrei be erantzuten deutse, halan zelan curriculuma egitea edo eguneratzea, enpleo-atarietan izena emotea, hautagaitzak kudeatzea edo eskaintzak bilatzea.

Artatutako pertsonen profilak eskualdeko lan merkatuaren errealidadea islatzen dau. 293 erabiltzaileetatik 188 emakumeak izan ziran ( % 64,2) eta 105 gizonak ( % 35,8). Bereziki nabarmentzekoa da 45 urtetik gorako emakumeen parte-hartzea, zerbitzuan artatutako talderik ugariena baitira, 115 erabiltzailegaz. Era berean, parte hartu ebenetatik 101 etorkinak ziran, hau da, guztizkoaren % 34 inguru.

Lanbide Ekimenak erakundeak egindako lana ez da soilik lan-eskaintzetarako sarbidea erraztera mugatzen. Zerbitzuak enplegagarritasuna hobetzen laguntzen dau, curriculuma eguneratuz, lana bilatzeko teknikak ikasiz, prestakuntza-baliabideak eskuratuz eta hautaketa-prozesuei aurre egiteko prestakuntza hobea emonez. Banakako laguntzari esker, gainera, lan-merkatuan sartzeko beharrezkoak diran motibazinoa, konfiantza eta gaitasun personalak eta profesinonalak indartu daitekez.

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan