Skip to main content

Santa Klarako organo zaharberritua izango da Urdaibaiko Organoak jaialdiaren protagonista nagusia

Jaialdiaren 22. edizioa uztailaren 11tik abuztuaren 15era egingo da, “Organoa, museo bizia” lelopean, eta Busturialdeko sei udalerritan hamar kontzertu eskainiko ditu.

Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoak hartu dau gaur goizean “Urdaibaiko Organoak – Joxe Mari Eguileor” jaialdiaren 22. edizinoaren aurkezpena. Uztailaren 11tik abuztuaren 15era bitartean egingo dan jaialdiak “Organoa, museo bizia” izango dau goiburu, eta aurten barri nagusi bat ekarriko dau: Gernika-Lumoko Santa Klara komentuko organo historiko zaharbarritua lehen aldiz izango da egitarauaren parte.

Aurkezpenean Aitziber Ansotegi Urremendiko gerentea, Joxe Benantzi Bilbao jaialdiaren koordinatzailea eta Urkiri Salaberria Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren zuzendaria izan dira.

Antolatzaileek azpimarratu dabenez, Urdaibaiko Organoak ez da kontzertu-ziklo hutsa, Busturialdea-Urdaibaiko organo-ondarea berreskuratu, zaindu eta herritarrengana hurbiltzeko egitasmoa baino. Hogei urte baino gehiagotan, Europako organo historikoen multzorik berezienetako bat balioan jarteko eta kultura-eskaintza aberasteko lanean jardun dau.

Aurtengo protagonista nagusia izango dan Santa Klarako organoa Aquilino Amezua y Cía. etxe ospetsuak eraiki eban 1910ean. Eusko Jaurlaritzak komentua eskuratu eta tresna zaharbarritu ondoren, uztailaren 11n egingo dan inaugurazio-kontzertuan entzungo da barriro, bere jatorrizko egitekoari barriro helduz.

Urkiri Salaberriak nabarmendu dauenez, “Santa Klarako organoa jaialdira batzeak erakundeen arteko lankidetzak gure kultura-ondarea babesteko daukan balioa erakusten dau. Organo bat zaharbarritzea ez da ondare-elementu bat konpontzea bakarrik; barriro ahotsa emotea da, eta etorkizuneko belaunaldiei gure ondarea transmititzen jarraitzea bermatzea”.

2026ko egitarauak Busturialdeko sei udalerritan egingo diren hamar kontzertu batuko ditu. Musika-programaz gain, Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan “Urdaibaiko Soinuak” erakusketea egongo da ikusgai, Gautegiz Arteagako Lope Alberdi Recalde organogileari eskainia. Horrez gain, bisita gidatuak eta mahai-inguru bat be antolatu dira, organoa ondare bizi eta erabilgarri gisa ezagutarazteko helburuagaz.

Urremendi Landa Garapen Elkarteak antolatzen dau jaialdia, eta urtez urte sendotu da organo-ondarea berreskuratzeko, zaintzeko eta zabaltzeko erreferente modura. Edizino barri honek tresna historiko horreen kultur erabilerea sustatzen jarraituko dau, Busturialdeko nortasunaren eta ondarearen parte garrantzitsua diralako.

Euskal diasporako gazteek Batzar Etxea bisitau dabe Gaztemunduri Ateak ireki programaren barruan

Estadu Batuetako, Australiako, Argentinako eta Uruguaiko 50 gaztek Bizkaiko erakunde historikoaren txoko esanguratsuenak bisitau ditue, euskal historiaren eta autogobernuaren ikur nagusia bertatik bertara ezagutuz.

Gernikan, 2026ko garagarrilaren 7an. Gaztemunduri Ateak Ireki programan parte hartzen dabizen euskal diasporako 50 gaztek Gernikako Batzar Etxea bisitau dabe gaur, Euskadiko egonaldiaren barruan. Estadu Batuetako, Australiako, Argentinako eta Uruguaiko parte-hartzaileek aukera izan dabe euskal erakunde historikoaren txoko guztiak ezagutzeko, eraikinaren balio instituzionala, historikoa eta sinbolikoa gertutik biziz.

Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak egin deutse harrera taldeari, eta Gernikako Batzar Etxearen historia, funtzinoa eta euskal autogobernuan daukan garrantzia azaldu deutse. Bisitan, gazteek erakundearen espazio nagusi guztiak ezagutu ditue: osoko bilkuren aretoa, beirate ikusgarria, artxibo eta erakusketa guneak, eta Gernikako Arbolaren ingurua, euskal askatasunen eta foruen ikur nagusia.

Bisiteak aukera emon deutse parte-hartzaileei Batzar Etxearen ondare arkitektonikoa eta historikoa osotasunean ezagutzeko, baita mendeetan zehar euskal herritarren ordezkaritzaren eta autogobernuaren sinbolo izan dan erakundea bertatik bertara bizitzeko be.

Gaztemunduri Ateak Ireki programa BATZEN Euskal Komunitatearen Proiektu Dinamikak garatzen dau, eta Euskadiren eta munduko hainbat herrialdetan bizi diran euskal diasporako gazteen arteko hartu-emonak sendotzea dau helburu. Aurten, Goierrin eta Busturialdea-Urdaibain egiten ari diran egonaldiaren bidez, parte-hartzaileek euskerea sakontzeko eta euskal kultura, historia eta tradizinoak lehen eskutik ezagutzeko aukera daukie, bertako familiekaz bizi diralako.

Harreran, Ameriketako eta Ozeaniako hainbat lekutatik etorritako gazteek euren jatorriari lotutako esperientziak eta motibazinoak partekatu ditue, eta topaketeak euskal diasporaren eta erakunde historikoen arteko loturak sendotzeko balio izan dau.

Bisitea Iñaki Goirizelaia Ordorika Batzen/Ateak Irekiko zuzendariak gidatu dau. Jardunaldiaren amaieran, parte-hartzaileek Gernikako Batzar Etxearen balio historiko eta instituzionala goraipatu dabe, euskal nortasunaren eta demokraziaren ikur nagusietako bat osorik ezagutzeko aukera izan dabelako.

Alkartasuna Dantza Taldeak zapatuko emanaldi berezia aurkeztu dau 50. urteurrena harira

Alkartasuna Dantza Taldeak zapatuko emanaldi berezia aurkeztu dau 50. urteurrenaren harira
* Taldeko lehengo eta gaur egungo dantzariak batuko dira zapatuan, 21:00etan, Frontoian egingo dan dantzaldian.
Alkartasuna Dantza Taldeak prentsaurrekoa eskaini dau gaur, aurten ospatzen ari dan 50. urteurrenaren barruan antolatutako ekitaldi bereziaren xehetasunak aurkezteko.
Taldeko arduradunek azaldu dabenez, urteurreneko hitzordu nagusietako bat izango da datorren zapatuan, 21:00etan, Frontoian egingo dan dantzaldia.
Ekitaldiak taldearen historia, belaunaldien arteko hartu-emona eta herriko kultur ondarearen alde egindako lana izango ditu ardatz
Bermeoko zinegotzia dan Endika Etxebarria Telleriak herritarrak gonbidatu ditu zapatuan Frontoira hurbiltzera, urteurren ospakizun berezi horregaz bat egin eta Alkartasuna Dantza Taldearen 50 urteko ibilbidea ospatzeko.

Gaizka San Pedrok azaldu dau ekitaldi hau berezia dala eta urtien zehar hanbat ekitaldi prestau dauzela, Bizkaiko, eta busturialdeko dantzaldiak ein dabezala azpimarratuz ,baina oingo ekitaldia garrantzitsuena dala aitatuz.
130 edo 140 lagun alkartuko direla esan dau eta ekitaldi potente bat egin nahi dabe eta herrialde guztietatik etorriko direla esan daud. Gainera, urteurrena ospatzen air diren Bermeoko Erraldoi taldeari eta abesbatzari eskerrak eman die, sorpresak egongo direla aitatuz. Azaldu dabeznez, 50.urteurreneko egingo dabez eta ekitaldi polita izango dala esan dau. Bukatzeko, hau posible ein daben guztiei eskerrak emanez .

JAZZBER 2026 – Frame

Bermeo jazzaren topagune bihurtuko da, berriro ere, uztailaren 1etik 3ra bitartean, Jazzber jaialdiaren edizio berriari esker. Bermeoko Udalak eta Jizz Jazz Kultur Taldeak elkarlanean antolatutako ekimenak kalitatezko jazzaren aldeko konpromisoa sendotuko du, eta hiru kontzertu eskainiko ditu Bermeoko Kafe Antzokian, 20:30ean, sarrera doan dela.

Jaialdiak generoaren aniztasuna eta gaur egungo joerak erakutsiko ditu, Euskal Herriko zein nazioarteko musikarien proposamenekin. Jazzberrek, urteetan zehar, erreferentziazko hitzordua izatea lortu du eskualdean, eta aurten ere musikazaleei esperientzia aberatsa eta kalitate artistiko handikoa eskaintzeko prest dator.

Jazzber jaialdiaren helburua da jazz musika herritarrengana hurbiltzea, zaletasuna eta ezagutza sustatzea, eta genero horretako joera berriak ezagutaraztea.

Egitaraua honakoa izango da:

Uztailak 2: Frame

Frame, 2025ean Bolonian sortutako jazz laukotea da. Taldekideek Boloniako Kontserbatorioan egin zuten lehen topaketa, eta ordutik aurrera agerian geratu ziren elkarren arteko kidetasun musikal eta emozionalak.

Taldearen proposamenak entzulea soinu-paisaia berrietara eroatea du helburu, non inprobisazioa, soinua eta elkarreragina diren oinarrizko elementuak. Jatorrizko konposizioen bidez, jazzaren tradizioari eusten diote, baina aldi berean musika modernoekin lotura berriak eta bestelako adierazpideak esploratzen dituzte.

Framek soul-jazza eta free-a, groove-a eta hard bop-a uztartzen ditu, dinamika erritmiko handiko eta aberastasun harmonikoko proposamen sortzaile eta indartsua osatuz.

Gastronomia eta euskal kultura izan dira protagonista Agarreko Jaietan

Agarre auzoak asteburu osoan ospatu ditu bere jaiak, eta adin guztietarako egitarau zabalari esker giro bikaina nagusitu da hiru egunetan. Musika, gastronomia, dantzak eta herri giroa uztartu dira beste behin, auzotarrak zein bisitariak batuz.

Jaietako unerik jendetsuenetako bat larunbateko tortilla txapelketa izan da. Parte-hartzaileek euren tortilla onenak prestatu dituzte epaimahaiaren aurrean, eta lehia estua izan da sari nagusiak eskuratzeko. Txapelketaren amaieran, sari banaketa egin da, irabazleen lana aitortuz eta parte-hartzaile guztien inplikazioa eskertuz.

Igandean, berriz, sua eta lapikoak izan dira protagonista sukalki txapelketan. Goiz osoan aritu dira taldeak sukalkirik onena prestatzen, eta epaimahaiaren erabakia ezagutu ondoren, kazolen batu eta sukalki txapelketako sariak banatu dira, giro ezin hobean.

Baina gastronomiaz gain, euskal kulturak ere leku nabarmena izan du aurtengo Agarreko Jaietan. Goiza txistularien dianarekin hasi da, eta ondoren Bizkai Alai dantza taldearen eskutik euskal dantzek plaza bete dute, ikusleen txalo artean. Era berean, gaiteroen kalejirak jai giroa auzoko txoko guztietara eraman du, asteburuari kolore eta doinu berezia emanez.

Egitaraua osatzeko, musika emanaldiak, herri bazkaria, haurrentzako jolasak eta bestelako ekintzak ere izan dira, Agarreko Jaiak berriro ere auzoko bizitza eta elkargunea indartzeko hitzordu garrantzitsua direla erakutsiz. Gastronomia, tradizioa eta parte-hartzea uztartu dituen asteburua izan da, eta auzotarrek datorren urtera begira utzi dute hitzordua.

Odolkideak odol-emaileen elkarteak uda osoan odola emateko egindako kanpainagaz bat egin dau

Elkarteak gogorarazi du uda garaian odol-erreserbak nabarmen jaisten direla, oporraldiaren ondorioz, eta, aldi berean, ospitaleetako jarduerak ez duela etenik izaten. Izan ere, egunero 400 odol-emate inguru behar dira ebakuntzak, tratamendu onkologikoak eta larrialdiak normaltasunez artatu ahal izateko.

Horregatik, Odolkideakek azpimarratu du odola ematea keinu erraza, segurua eta ezinbestekoa dela, eta gogorarazi du odola ezin dela fabrikatu; pertsonen elkartasunari esker baino ez direla bermatzen ospitaleetako beharrak.

Elkarteak herritarrak udan ere odola ematera gonbidatu ditu, osasun-sistemak urteko sasoirik zailenetako batean behar dituen erreserbak mantentzen laguntzeko. Mezu argia zabaldu dute: “Udan be zeure odola ezinbestekoa da.”

Giro bikaina izan da IV. Serrats Aldapa Xtreme Bike Marathon proban

Ehundaka txirrindulari batu dira asteburuan Bermeon IV. Serrats Aldapa Xtrem Bike Marathon proban. Burujaubetasun zelaitik abiau eta bertan amaitu dan hitzorduak giro aparta sortu dau herrian, kirola, natura eta alkartasuna uztartu dauzan jardunaldi batean.

Parte-hartzaileek bi ibilpide izan dabez aukeran: erronka handiagoa bilatzen ebenentzako ibilpide luzea eta maila guztietako txirrindularientzat egokitutako ibilpide laburragoa. Biek ala biek Urdaibaiko paisaia ikusgarriak zehartu dabez, ohiko bideetatik aldenduta, eskualdeko txoko berezienak ezagutzeko aukera eskainiz.

2023an sortu zan Aldapa Xtrem Bike Marathon, Bermeo, bere ingurune naturala eta bertako jentea ezagutarazteko helburuagaz. Halan be, hasieratik argi izan dabe ekimena kirol proba hutsa baino askoz gehiago izan behar zala, eta horregaitik, izaera solidarioa be bere egin dabe. Lehen edizinoan Eutsi Gogor Danok Batera alkartearen alde aritu ziran, eta azken urteotan ASPANOVAS, minbizia daben haur eta familien Bizkaiko alkartearen alde bideratu dabe izen-emateen bidez bildutako diruaren zati bat.

Aurtengo edizinoan be, beraz, parte-hartzaileek alkartasunaren alde emon dabez pedalak, kirolaz gozetan eben bitartean.

Ekimenaren sustatzaile eta antolatzaile Álvaro Sanchak nabarmendu dau pozik dagozala laugarren edizinoak izan dauen harreragaz. Azaldu dauenez, helburua ez da soilik maila handiko mendi bizikleta proba antolatzea, baizik eta Bermeo eta Urdaibaiko ondarea ezagutaraztea eta, aldi berean, gizarteari ekarpena egitea. Horregaitik, parte-hartzaileek ez ezik, boluntarioek, babesleek eta herritarrek be ezinbesteko papera izan dabela azpimarratu dau.

Laugarren edizinoak barriro erakutsi dau Aldapa Xtrem Bike Marathon erreferentziazko hitzordu bihurtzen ari dala, kirola, natura eta alkartasuna uztartzen dauzan ekimen arrakastatsu gisa.

Oizmendi telebista
bizkaiko foru aldundia
txantxangorria euskara

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan