Skip to main content

Udalak Madalen egunean Izarora joateko plazak zozkatuko dauz

Bermeoko Udalak martxan jarri du Madalen Egunean Izarora joateko plazen zozketa. Herritarrek uztailaren 1etik 10era bitartean eman ahal izango dute izena, Berhaz bulegoan edo udalaren egoitza elektronikoaren bidez.

Zozketaren bidez aukeratutako herritarrek aukera izango dute udalbatzarekin batera Izarora joateko eta Madalen Eguneko protokoloa bertatik bertara bizitzeko, Bermeoko tradizio esanguratsuenetako batean parte hartuz.

Parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa izango da 18 urtetik gorakoa izatea eta Bermeon erroldatuta egotea. Izena banaka edo bikoteka eman ahal izango da, baina pertsona bakoitzak eskaera bakarra egin ahal izango du. Aurreko urteetan esperientzia hau bizi izan dutenek, berriz, ezingo dute aurtengo zozketan parte hartu.

Zozketa uztailaren 14an egingo da, eta irabazleen izenak hurrengo egunean argitaratuko dira Bermeoko Udalaren webgunean.

Udalak herritarrak parte hartzera animatu ditu, Madalen Eguneko tradizioa eta Bermeoren historia modu berezi eta gertukoan bizitzeko aukera paregabea delako.

Ziraun talde gernikarra eta Elai Alai dantza taldearen ikuskizunak izango dira aste honetan Seber Altube Auditorioan

Eguen honetan, uztailak 2, Gernika-Lumoko Udalak eta Kultur Etxeak antolatuta; eta Arbolapean jaialdiaren barne, Ziraun rock talde gernikarraren kontzertua izango da, arratsaldeko 20:00etan Seber Altube auditorioan.

Beste alde batetik, uztailaren 3an, auditorioan be, Elai Alai Dantza Taldearen dantza ikuskizuna izango da arratsaldeko 20:30etan.

Argi Baltza sariketaren finala, Muxikan

Antolatzaileek oso balorazio positiboa egin dute aurtengo edizioaz, saio guztietan izandako parte-hartzea, bertsolarien maila eta publikoaren babesa nabarmenduz. Sare sozialen bidez ere eskerrak eman dizkiete bidelagun izan diren guztiei, honako mezuarekin: “Amaitu da Argi Baltzaren VI. edizioa. Eskerrik asko bidelagun izan zarien danori, eta zorionak Txaber Altuberi. Uda bertsoz betetan jarraituko dogu.”

Horrela, beste urte batez, Argi Baltzak bertsolaritzaren aldeko apustu sendoa berretsi du, eta uda osoan bertsoaz gozatzen jarraitzeko gonbidapena luzatu die bertsozale guztiei.

Berton Azoka

Bi egunez, herriko komertzioek kalera atera dabez euren produktu eta zerbitzuak, eskaintza bereziak, erakustaldiak eta publiko guztiarentzako jarduerak eskainiz. Gastrogunea, txikigunea eta hainbat ekintza be izan dira azokaren osogarri, giro aparta sortuz.

Erreportaje honetan, Berton Azokako protagonistak eta antolatzaileak hurbildu jakuz azokaren benetako esanahia azaltzera. Hareen esanetan, ekimenaren helburu nagusia Bermeoko merkataritza indartzea eta herritarrak tokiko establezimentuetan erostearen garrantziaz sentsibilizatzea da.

Parte-hartzaileek azpimarratu dabe Bermeoko komertzioek kalidadezko eskaintza zabala dabela, eta Berton Azoka aukera parebakoa dala urte osoan egiten daben lana herritarrei gerturatzeko eta bezeroekin harreman zuzena sendotzeko.

Antolatzaileek be nabarmendu dabe azoka ez dala salmenta gune hutsa. Herria biziberritzeko, tokiko ekonomia sustetako eta merkatarien arteko alkarlana indartzeko tresna be bada. Horregaitik, Bermeorentzat hain garrantzitsua dan hitzordua dala azpimarratu dabe, bertako merkataritzari balioa emoten deutsolako eta herrian sortzen dan aberastasuna bertan gera dedin laguntzen dauelako.

Bi egunetan zehar, herritar eta bisitari ugari hurbildu dira azokara, eta giro bikainak erakutsi dau Berton Azoka erreferente bihurtu dala Bermeoko egutegian. Antolatzaileen balorazinoa oso positiboa izan da, eta dagoeneko hurrengo edizinoari begira lanean hasteko gogoz agertu dira.

Jazzber jaialdia itzuliko da Bermeora uztailaren 1etik 3ra

Bermeo berriro ere jazzaren topagune bihurtuko da uztailaren 1etik 3ra bitartean, Jazzber jaialdiaren edizio berriari esker. Bermeoko Udalak eta Jizz Jazz Kultur Taldeak antolatuta, hiru kontzertu doan eskainiko dira Kafe Antzokian, arratsaldeko 20:30ean.

Aurtengo programak jazz garaikidearen aniztasuna erakutsiko du, Euskal Herriko zein nazioarteko musikarien eskutik.

Uztailaren 1ean, Itxaso Quartet taldeak “Gaztelugatxe” lana aurkeztuko du. Uztailaren 2an, Bolonian sortutako Frame laukoteak soul-jazza, groove-a eta free jazza uztartuko ditu. Eta uztailaren 3an, Saul Andreu Quartet taldeak funky, soul eta erritmo afro-kubatarrak nahastuko dituen proposamena ekarriko du.

Antolatzaileek azpimarratu dute Jazzberren helburua dela jazza herritarrengana hurbiltzea, generoaren ezagutza sustatzea eta zuzeneko musikaz gozatzeko aukera eskaintzea.

Beraz, hitzordua egina dago: uztailaren 1etik 3ra, Bermeoko Kafe Antzokian, kalitatezko jazzaz doan gozatzeko aukera izango da.

Oizmendi telebista
bizkaiko foru aldundia
txantxangorria euskara

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan