Udalak Madalen egunean Izarora joateko plazak zozkatuko dauz
Bermeoko Udalak martxan jarri du Madalen Egunean Izarora joateko plazen zozketa. Herritarrek uztailaren 1etik 10era bitartean eman ahal izango dute izena, Berhaz bulegoan edo udalaren egoitza elektronikoaren bidez.
Zozketaren bidez aukeratutako herritarrek aukera izango dute udalbatzarekin batera Izarora joateko eta Madalen Eguneko protokoloa bertatik bertara bizitzeko, Bermeoko tradizio esanguratsuenetako batean parte hartuz.
Parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa izango da 18 urtetik gorakoa izatea eta Bermeon erroldatuta egotea. Izena banaka edo bikoteka eman ahal izango da, baina pertsona bakoitzak eskaera bakarra egin ahal izango du. Aurreko urteetan esperientzia hau bizi izan dutenek, berriz, ezingo dute aurtengo zozketan parte hartu.
Zozketa uztailaren 14an egingo da, eta irabazleen izenak hurrengo egunean argitaratuko dira Bermeoko Udalaren webgunean.
Udalak herritarrak parte hartzera animatu ditu, Madalen Eguneko tradizioa eta Bermeoren historia modu berezi eta gertukoan bizitzeko aukera paregabea delako.
-
Azken berriak