Skip to main content

Gernika-Lumoko merkatu plazak munduko saboreak hartu dauz Munduko Arrozak jaialdian

Gernika-Lumoko Merkatu Plaza kulturen arteko topagune bihurtu da Munduko Arrozak jaialdiagaz. Herritarrek munduko hainbat txokotako arroz platerak ikusi, ezagutu eta dastatzeko aukera izango dabe, aniztasuna eta alkarbizitza protagonista izango dauzan egun berezi batean.

Urte batzuetako etenaldiaren ostean, jaialdia indarbarrituta itzuli da, eta aurten be ehundaka lagun bildu dira kultura desbardinak mahai beraren inguruan alkartzeko.

Guztira, 17 arroz plater prestau dira, bakotxa herrialde edo kultura bateko sukaldaritza tradizinoetan oinarrituta. Parte-hartzaileek munduko saboreak gertutik ezagutzeko aukera izan dabe, usain, kolore eta errezeta askotarikoekin.

Halan be, jaialdia ez da gastronomiara mugatu. Musika, dantza eta jai giroa be izan dira eguneko osogai nagusiak, adin eta jatorri desbardinetako personak espazio berean alkartuz.

Antolatzaileek nabarmendu dabe arroza atxakia baino ez dala; benetako helburua herritarren arteko harremanak sendotzea eta alkarbizitza sustetea dala azaldu dabe.

Egunaren amaieran, herri bazkariak eta kultur emonaldi ezbardinek ospakizunari amaiera emon deutsie, komunidadearen indarra eta Gernika-Lumoko aniztasuna agirian itxiz.

Antolatzaileen esanetan, horrelango ekimenak ezinbestekoak dira herritarren arteko loturak sendotzeko eta alkar ezagutzeko espazioak sortzen jarraitzeko.

San Juan Suak bertan behera geratu dira bero handia dala-ta

Gernika-Lumoko Udalak jakinarazi du bertan behera utzi dituela aurtengo San Juaneko suak, datozen egunetarako iragarri den bero handiaren ondorioz.

Izan ere, Bizkai osoan tenperatura oso altuak espero dira, eta sute arriskua nabarmen handituko dela aurreikusi dute erakundeek. Horregatik, prebentzio neurri gisa, udal gobernuak erabaki du sua ez piztea eta ospakizun hori ez egitea.

Udalak azaldu du herritarren segurtasuna dela lehentasun nagusia, eta muturreko egoera meteorologikoen aurrean arduraz jokatu behar dela.

Era berean, herritarrei gogorarazi die ez dela gomendagarria sua edo txinpartak sor ditzaketen jarduerarik egitea, ingurune naturalean arreta berezia jarriz.

Gernika-Lumoko Udalak herritarren ulermena eta lankidetza eskertu ditu, eta adierazi du erabakia ez dela erraza izan, San Juan gaua herrian oso errotuta dagoen ospakizuna baita.

Hala ere, nabarmendu du prebentzioa eta segurtasuna lehenestea ezinbestekoa dela, Bizkai osoan espero den beroaldiaren aurrean.

ARGI BALTZA: Bertsolari gazteen sariketa GAUTEGIZ ARTEAGA.

Argi Baltza Sariketak amaiera emon deutse aurtengo kanporaketei, eta dagoeneko ezagutzen dira final handian parte hartuko daben sei bertsolariak. Azken saioa Gautegiz Arteagan jokatu da, eta Eñaut Martikorenak lortu dau garaipena. Holan, behin betiko osotu da finaleko seikotea.

Finalean arituko diran bertsolariak honako honeek izango dira: Eñaut Martikorena, Txaber Altube, Eki Mateorena, Maite Sarasola, Asier Galarza eta Andoni Rekondo.ARGI BALTZA: Bertsolari gazteen sariketa GAUTEGIZ ARTEAGA.

Kultur Etxeak ikasturtean zehar bere tailer artistikoetan egindako lana erakusten dau

Erakusketak adin eta diziplina guztietako ikasleen sorkuntzak biltzen dauz, halan zelan bisuteria eta eskulanak, zura, arte plastikoak eta dibersidade funtzinonaleko proiektuak.

Gernika-Lumoko Kultur Etxeak erakusketa kolektibo barri bat aurkeztu dau, ikasturtean zehar udal tailer artistikoetan egindako lanekin. Erakusketak adin eta diziplina desbardinetako ikasleen piezak biltzen dauz, bitxigintza eta eskulanak, zur-lana, arte plastikoak eta dibersidade funtzinonalari lotutako proiektuak barne hartzen dabezan proposamenekin.

Erakusketa-ibilbideari esker, udalerriko kultura-jardueraren gune nagusietako bat lez finkatu diran espazioetan hilebete luzez egindako lanaren emoitzari begiratu ahal izango jako. Ekimenak askotariko obrak jartzen dauz alkarrizketan, prestakuntza-prozesuak eta praktika partekatuak batuta. Erakusketa irailaren 16ra arte egongo da ikusgai Ricardo Abaunza Erakusketa Aretoan.

Boiseko Unibertsidadeko hogei bat ikasle herria bisitetan egon dira

Jose Maria Gorroño alkateak harrera egin deutso Boiseko Unibertsidadeko ikasle talde bati, John Bieter historialaria buru, Euskadiren eta Estatu Batuen arteko loturak aztertzen dauzan programa akademiko baten bultzatzailea.
Ikasturtea amaitu daben hogei bat ikaslek osotutako ordezkaritza Euskadira joan da euskal historia eta kulturaren ezagutzan sakontzeko, ekimen akademiko honen esparruan.
AEBetako Unibertsidadeko Historia Saileko irakasle alkartua eta euskal diasporan aditua dan Bieterrek lagunduta, ikasleek geldialdia egin eben Gernikan, uriaren esanahi historikoa eta ikur nagusietako batzuk bertatik bertara ezagutzeko.
Jose Maria Gorroño alkateak ondo etorria emon eutsan taldeari udaletxean, eta bertan, herriaren ibilpide historikoari buruzko erakusketa labur bat eskaini eban. Topaketaren amaieran, opari bat emon eutsen: Gernikako Arbolaren haretx hostoa.

Oizmendi telebista
bizkaiko foru aldundia
txantxangorria euskara

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan