Jazzber jaialdia itzuliko da Bermeora uztailaren 1etik 3ra
Bermeo berriro ere jazzaren topagune bihurtuko da uztailaren 1etik 3ra bitartean, Jazzber jaialdiaren edizio berriari esker. Bermeoko Udalak eta Jizz Jazz Kultur Taldeak antolatuta, hiru kontzertu doan eskainiko dira Kafe Antzokian, arratsaldeko 20:30ean.
Aurtengo programak jazz garaikidearen aniztasuna erakutsiko du, Euskal Herriko zein nazioarteko musikarien eskutik.
Uztailaren 1ean, Itxaso Quartet taldeak “Gaztelugatxe” lana aurkeztuko du. Uztailaren 2an, Bolonian sortutako Frame laukoteak soul-jazza, groove-a eta free jazza uztartuko ditu. Eta uztailaren 3an, Saul Andreu Quartet taldeak funky, soul eta erritmo afro-kubatarrak nahastuko dituen proposamena ekarriko du.
Antolatzaileek azpimarratu dute Jazzberren helburua dela jazza herritarrengana hurbiltzea, generoaren ezagutza sustatzea eta zuzeneko musikaz gozatzeko aukera eskaintzea.
Beraz, hitzordua egina dago: uztailaren 1etik 3ra, Bermeoko Kafe Antzokian, kalitatezko jazzaz doan gozatzeko aukera izango da.