Skip to main content

Euskal diasporako gazteek Batzar Etxea bisitau dabe Gaztemunduri Ateak ireki programaren barruan

2026/07/07

Estadu Batuetako, Australiako, Argentinako eta Uruguaiko 50 gaztek Bizkaiko erakunde historikoaren txoko esanguratsuenak bisitau ditue, euskal historiaren eta autogobernuaren ikur nagusia bertatik bertara ezagutuz.

Gernikan, 2026ko garagarrilaren 7an. Gaztemunduri Ateak Ireki programan parte hartzen dabizen euskal diasporako 50 gaztek Gernikako Batzar Etxea bisitau dabe gaur, Euskadiko egonaldiaren barruan. Estadu Batuetako, Australiako, Argentinako eta Uruguaiko parte-hartzaileek aukera izan dabe euskal erakunde historikoaren txoko guztiak ezagutzeko, eraikinaren balio instituzionala, historikoa eta sinbolikoa gertutik biziz.

Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak egin deutse harrera taldeari, eta Gernikako Batzar Etxearen historia, funtzinoa eta euskal autogobernuan daukan garrantzia azaldu deutse. Bisitan, gazteek erakundearen espazio nagusi guztiak ezagutu ditue: osoko bilkuren aretoa, beirate ikusgarria, artxibo eta erakusketa guneak, eta Gernikako Arbolaren ingurua, euskal askatasunen eta foruen ikur nagusia.

Bisiteak aukera emon deutse parte-hartzaileei Batzar Etxearen ondare arkitektonikoa eta historikoa osotasunean ezagutzeko, baita mendeetan zehar euskal herritarren ordezkaritzaren eta autogobernuaren sinbolo izan dan erakundea bertatik bertara bizitzeko be.

Gaztemunduri Ateak Ireki programa BATZEN Euskal Komunitatearen Proiektu Dinamikak garatzen dau, eta Euskadiren eta munduko hainbat herrialdetan bizi diran euskal diasporako gazteen arteko hartu-emonak sendotzea dau helburu. Aurten, Goierrin eta Busturialdea-Urdaibain egiten ari diran egonaldiaren bidez, parte-hartzaileek euskerea sakontzeko eta euskal kultura, historia eta tradizinoak lehen eskutik ezagutzeko aukera daukie, bertako familiekaz bizi diralako.

Harreran, Ameriketako eta Ozeaniako hainbat lekutatik etorritako gazteek euren jatorriari lotutako esperientziak eta motibazinoak partekatu ditue, eta topaketeak euskal diasporaren eta erakunde historikoen arteko loturak sendotzeko balio izan dau.

Bisitea Iñaki Goirizelaia Ordorika Batzen/Ateak Irekiko zuzendariak gidatu dau. Jardunaldiaren amaieran, parte-hartzaileek Gernikako Batzar Etxearen balio historiko eta instituzionala goraipatu dabe, euskal nortasunaren eta demokraziaren ikur nagusietako bat osorik ezagutzeko aukera izan dabelako.

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan