Skip to main content

Giro bikaina izan da IV. Serrats Aldapa Xtreme Bike Marathon proban

2026/07/06

Ehundaka txirrindulari batu dira asteburuan Bermeon IV. Serrats Aldapa Xtrem Bike Marathon proban. Burujaubetasun zelaitik abiau eta bertan amaitu dan hitzorduak giro aparta sortu dau herrian, kirola, natura eta alkartasuna uztartu dauzan jardunaldi batean.

Parte-hartzaileek bi ibilpide izan dabez aukeran: erronka handiagoa bilatzen ebenentzako ibilpide luzea eta maila guztietako txirrindularientzat egokitutako ibilpide laburragoa. Biek ala biek Urdaibaiko paisaia ikusgarriak zehartu dabez, ohiko bideetatik aldenduta, eskualdeko txoko berezienak ezagutzeko aukera eskainiz.

2023an sortu zan Aldapa Xtrem Bike Marathon, Bermeo, bere ingurune naturala eta bertako jentea ezagutarazteko helburuagaz. Halan be, hasieratik argi izan dabe ekimena kirol proba hutsa baino askoz gehiago izan behar zala, eta horregaitik, izaera solidarioa be bere egin dabe. Lehen edizinoan Eutsi Gogor Danok Batera alkartearen alde aritu ziran, eta azken urteotan ASPANOVAS, minbizia daben haur eta familien Bizkaiko alkartearen alde bideratu dabe izen-emateen bidez bildutako diruaren zati bat.

Aurtengo edizinoan be, beraz, parte-hartzaileek alkartasunaren alde emon dabez pedalak, kirolaz gozetan eben bitartean.

Ekimenaren sustatzaile eta antolatzaile Álvaro Sanchak nabarmendu dau pozik dagozala laugarren edizinoak izan dauen harreragaz. Azaldu dauenez, helburua ez da soilik maila handiko mendi bizikleta proba antolatzea, baizik eta Bermeo eta Urdaibaiko ondarea ezagutaraztea eta, aldi berean, gizarteari ekarpena egitea. Horregaitik, parte-hartzaileek ez ezik, boluntarioek, babesleek eta herritarrek be ezinbesteko papera izan dabela azpimarratu dau.

Laugarren edizinoak barriro erakutsi dau Aldapa Xtrem Bike Marathon erreferentziazko hitzordu bihurtzen ari dala, kirola, natura eta alkartasuna uztartzen dauzan ekimen arrakastatsu gisa.

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan