Santa Klarako organo zaharberritua izango da Urdaibaiko Organoak jaialdiaren protagonista nagusia
Jaialdiaren 22. edizioa uztailaren 11tik abuztuaren 15era egingo da, “Organoa, museo bizia” lelopean, eta Busturialdeko sei udalerritan hamar kontzertu eskainiko ditu.
Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoak hartu dau gaur goizean “Urdaibaiko Organoak – Joxe Mari Eguileor” jaialdiaren 22. edizinoaren aurkezpena. Uztailaren 11tik abuztuaren 15era bitartean egingo dan jaialdiak “Organoa, museo bizia” izango dau goiburu, eta aurten barri nagusi bat ekarriko dau: Gernika-Lumoko Santa Klara komentuko organo historiko zaharbarritua lehen aldiz izango da egitarauaren parte.
Aurkezpenean Aitziber Ansotegi Urremendiko gerentea, Joxe Benantzi Bilbao jaialdiaren koordinatzailea eta Urkiri Salaberria Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren zuzendaria izan dira.
Antolatzaileek azpimarratu dabenez, Urdaibaiko Organoak ez da kontzertu-ziklo hutsa, Busturialdea-Urdaibaiko organo-ondarea berreskuratu, zaindu eta herritarrengana hurbiltzeko egitasmoa baino. Hogei urte baino gehiagotan, Europako organo historikoen multzorik berezienetako bat balioan jarteko eta kultura-eskaintza aberasteko lanean jardun dau.
Aurtengo protagonista nagusia izango dan Santa Klarako organoa Aquilino Amezua y Cía. etxe ospetsuak eraiki eban 1910ean. Eusko Jaurlaritzak komentua eskuratu eta tresna zaharbarritu ondoren, uztailaren 11n egingo dan inaugurazio-kontzertuan entzungo da barriro, bere jatorrizko egitekoari barriro helduz.
Urkiri Salaberriak nabarmendu dauenez, “Santa Klarako organoa jaialdira batzeak erakundeen arteko lankidetzak gure kultura-ondarea babesteko daukan balioa erakusten dau. Organo bat zaharbarritzea ez da ondare-elementu bat konpontzea bakarrik; barriro ahotsa emotea da, eta etorkizuneko belaunaldiei gure ondarea transmititzen jarraitzea bermatzea”.
2026ko egitarauak Busturialdeko sei udalerritan egingo diren hamar kontzertu batuko ditu. Musika-programaz gain, Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan “Urdaibaiko Soinuak” erakusketea egongo da ikusgai, Gautegiz Arteagako Lope Alberdi Recalde organogileari eskainia. Horrez gain, bisita gidatuak eta mahai-inguru bat be antolatu dira, organoa ondare bizi eta erabilgarri gisa ezagutarazteko helburuagaz.
Urremendi Landa Garapen Elkarteak antolatzen dau jaialdia, eta urtez urte sendotu da organo-ondarea berreskuratzeko, zaintzeko eta zabaltzeko erreferente modura. Edizino barri honek tresna historiko horreen kultur erabilerea sustatzen jarraituko dau, Busturialdeko nortasunaren eta ondarearen parte garrantzitsua diralako.
-
Azken berriak