Skip to main content

Bermeoko Udalak udazkeneko egitarau feminista aurkeztu dau

Urritik abendura bitartean, hainbat jarduera egingo dituzte, besteak beste, autonomia, osasuna, kontsumo-ohiturak eta literatura lantzeko.

Urriaren 17an, Ahalduntzerako Gune Feminista sortzeko asanblada irekia egingo dute, herritarren ekarpenak jasotzeko.

Programazioaren barruan, brikolaje ikastaroa, ehungintza birziklatzeko tailerra eta menopausiari buruzko saioak ere egingo dituzte. Horrez gain, Irakurle Txoko Feministaren hiru saio antolatu dituzte.

Plazak mugatuak dira, eta Bermeon erroldatutakoek izango dute lehentasuna. Informazioa eta izen-emateak Berdintasun Sailean egin daitezke, berdintasuna@bermeo.eus helbidean edo 688 63 84 49 telefonoan.

Hegaztien Munduko Eguneko eraztunketa zientifikoa

Hegaztiak protagonista izan dira Urdaibai Bird Centerren. Hegaztien Munduko Eguna dela eta, hainbat lagun bildu dira hegaztiak hobeto ezagutzeko eta haien habitatak babestearen garrantziaz hausnartzeko.

Eguneko protagonista nagusiak mokozabalak izan dira. Guztira, 85 ale zenbatu dituzte Urdaibaiko paduretan. Gehienak aurreko gauean iritsi ziren, ekaitzaren aurrean babesa eta atsedenlekua bilatuz.

Irudi honek erakusten du Urdaibaik zein garrantzitsua den hegazti migratzaileentzat. Padurak atseden hartzeko, elikatzeko eta eguraldi txarretik babesteko ezinbesteko gune dira.

Mokozabalen artean, Swin nabarmendu da. Lau hilabete besterik ez ditu, baina dagoeneko 4.000 kilometro baino gehiago egin ditu. GPS gailu bati esker, haren migrazio-ibilbidea zuzenean jarraitu ahal izan dute Bird Centerren.

Swin-en istorioak agerian uzten du hegaztiek ez dutela mugarik ezagutzen. Horregatik, migrazio-bidean zehar naturagune eta hezegune seguruak izatea ezinbestekoa da.

Mokozabalak ez dira izan protagonista bakarrak. Eguneko behaketetan beste hainbat espezie ere identifikatu dituzte: kuliska zuriak, zertzeta arruntak, ahate buztanluzeak eta ipar-ahateak, besteak beste.

Eta paduretatik harago ere, hegaztiak protagonista. Flamenko handi bat, elano urdin bat, koartzak eta beste hainbat espezie ikusi dituzte gaur Urdaibain.

Jardunaldiak eraztunketa zientifikoko saioa ere izan du. Parte-hartzaileek hainbat hegazti gertutik ikusi eta teknika horrek eskaintzen duen informazioa ezagutzeko aukera izan dute.

Azken batean, gaurko egunak mezu argia utzi du: hegaztiak ezagutzea funtsezkoa da haiek eta haien habitatak babesteko. Eta horretarako, ikerketa, behaketa eta herritarren parte-hartzea ezinbestekoak dira.

Elixabete Etxanobek etorkizuneko lau itun nagusi proposatu dauz

Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak akordioak bilatzen jarraitzeko deia egin die talde politikoei eta gizarte-eragileei. Legegintzaldia amaitzeko geratzen diren bederatzi hilabeteetan adostasun berriak lortzea proposatu du, eta datozen hamarkadetako erronkei begira lau itun nagusi jarri ditu mahai gainean: zaintzaren, lurraldearen, bizikidetzaren eta aukeren ingurukoak.

Etxanobek gaur egin du agerraldia Bizkaiko Batzar Nagusietan, politika orokorreko osoko bilkuran. Orain arteko kudeaketaren balantzea egiteaz gain, aurrekontuen eta zerga-berrikuspenaren inguruan lortutako akordioak nabarmendu ditu, aurrera egiteko lan egiteko moduaren adibide gisa.

Ahaldun nagusiaren arabera, Bizkaia Denontzat planeko 120 lehentasunezko jarduketetatik 118 amaituta edo abian daude. Horrez gain, azken urteetan hartutako neurri fiskalak ere aipatu ditu: besteak beste, PFEZa aitortzeko gutxieneko errenta 20.000 eurora igotzea eta errentarik txikienak babesteko neurriak.

Zaintzaren arloan, aurten 855 milioi euro bideratu ditu Aldundiak sistemara. EtxeTIC sarearen hedapena ere nabarmendu du Etxanobek; dagoeneko hamaika zentrotan 8.000 adineko baino gehiago artatzen dituzte eta 7.500 zaintzaile baino gehiagori laguntza eskaintzen diete.

Enpleguari eta industriari dagokienez, Bizkaiak 518.300 pertsona landun eta 47.400 langabe dituela azaldu du, %8ko langabezia-tasarekin. Gazteen, emakumeen eta luzaroko langabeen artean oraindik ere erronkak daudela aitortu du.

Etxebizitzaren arloan, 266.000 zergadun baino gehiagok jaso dituzte kenkariak, 339 milioi euro inguruko zenbatekoarekin. Garraio publikoari dagokionez, berriz, trenbide-sarean 770 milioi euroko inbertsioa aurreikusten dela azaldu du, eta Bizkaibus zerbitzu berria 2029an martxan egotea espero da.

Lurralde-orekari ere erreparatu dio ahaldun nagusiak. Bizkaia Orekan Sakonduz sarearen bidez 2.400 enpresa baino gehiagok parte hartu dute azken hamar urteetan, eta eskualdeko bost plan estrategiko garatu dira.

Azkenik, Etxanobek lau itun nagusien beharra azpimarratu du. Lehenengoa zaintzari lotuta egongo litzateke; bigarrena, lurraldeen arteko oreka indartzera bideratuko litzateke; hirugarrenak bizikidetza eta gizarte-kohesioa izango lituzke ardatz; eta laugarrenak, berriz, enplegua, emantzipazioa eta bizi-proiektuak garatzeko aukerak.

Etxanoberen hitzetan, Bizkaiaren etorkizuneko erabakiak gaur hartu behar dira, hamar, hogei edo hogeita hamar urte barru nahi den lurraldea kontuan hartuta.

Hondartzazko Urdaibai Eskubaloi Taldeko Kadeteen arrakasta

Kirolbai programa honetan Hondartzako eskubaloia ezagutuko dogu. Hrretarako, Urdaibai Blue Butterflies taldeko kide batzukaz elkartu gara. Izna be, taldeak berak erakutsi dau modalitate honetan badauala zeresana. Taldeak Euskadi mailan lehenengo postua lortu dau, eta Espainiako txapelketetan, kadete mailan, be parte hartu dau, Cádiz eta Laredon, hurrenez hurren, taldearen historia idatziz.

Taldearen nondik norakoak ezagutzeko, Unai Begoña, jokalari eta entrenatzaileagaz, eta kadete mailako jokalariak diren Lorea Bengoetxea Elorduy eta Matxalen Marinagaz berba egin dogu.

Elkarrizketan, hondartzako eskubaloiaren berezitasunak azaldu deuskuez, aretoko eskubaloiagaz dituen aldeak eta harearen gainean lehiatzeak dakarren erronka bereziak.

Baina kirolaz harago, esperientzia be izan da protagonista. Cádiz eta Laredoko Espainiako txapelketek taldearentzat zer suposatu daben kontatu deuskue, eta han bizitako uneak eta ikasitakoak ekarri ditue gogora.

Eta orain, begirada etorkizunean jarrita, helburuak eta ametsak argi daukiez. Urdaibai Blue Butterfliesek hondartzako eskubaloiaren aldeko apustua egiten jarraitu gura dau, eta gero eta gorago heltzeko ilusinoagaz.

Azken baten, hareak, talde-lanak eta ilusinoak bat egin dabe Urdaibai Blue Butterfliesen proiektu honetan, eta euren istorioak erakusten dau eskubaloiak badaukala beste eszenatoki bat: hondartza.

Jon Koldo Bikandirena izan da ganadutegi onena Gernika-Lumoko Urriko Lehen Asteleheneko Pirenaika errazako XXXIX. lehiaketan

Urriko lehen asteleheneko Pirenaika errazako lehiaketaren XXXIX. edizinoa ospatu da Gernika-Lumon eta ganadutegi onenaren saria Jon Koldo Bikandik hartu dau. Behi gaztearen saria Juan Antonio Ustarrozentzako izan da eta behi helduaren kasuan Jon Koldo Bikandik irabazi dau be lehenengo saria. Zekorren kasuan, Aitor Aranak eroan dau zekor gaztearen saria eta Jon Koldo Bikandik helduarena. Azkenik, intseminazino artifizialeko produkturik onenaren saria Arbaiza anaientzako izan da.

Joandako uda honetako lehorteak markatu dauen edizinoa izan da, baina, halan be, 11 ganadutegi izan dira Gernika-Lumon; lau gipuzkoarrak, nafarrakoak hiru eta bizkaitarrak beste lau. Guztira 103 animali izan dira Gernika-Lumoko urriko lehen astelehen honetan; arrak 7 eta emeak beste 96ak.

“Itsas Zaporeak” lelopean jardunaldi gastronomikoa burutu dabe BBK Klima Parkean

Klima Abenturak programak jardunaldi gastronomiko berezia egin dau gaur, “Planazo en familia” egitarauaren barruan. Egunak giro ederra izan dau eta hainbat familiak parte hartu dabe proposamenetan, gastronomia eta aisialdia uztartuz.

Jardunaldiko ekintzen artean, hegaluzea ontziratzeko tailerra izan da protagonista. Parte-hartzaileek kontserbak etxean egiteko pausoak ikasi dabez eta, gainera, eurek egindako bi poto eraman ahal izan dabez etxera.

Txikienek zein helduek be izan dabe euren tartea sushi tailerretan. Cristina Sombray sukaldariak gidatu dauz saioak, eta arraina zein bertoko produktuak oinarri hartuta hainbat elaborazino prestatu dabez.

Bestalde, Zigor Iturrieta eta Ekaitz Apraizek dastatze saioa gidatu dabe, eta eguerdian putxeran egindako marmitako herrikoia dastatzeko aukerea egon da, eskaintza gastronomiko zabalagoagaz batera.

Egun osoan zehar familia giroa eta parte-hartzea izan dira nagusi, eta bertaratutakoek ekintza desberdinetan parte hartu eta elkarregaz ondo pasatzeko aukerea izan dabe. Horrela, Klima Abenturaren jardunaldiak gastronomia, tokiko produktua eta familia aisialdia batu dauz, giro ederrean.

85 mokozabalek Urdaibai aukeratu dabe atsedenleku gisa

Urdaibai Bird Centerrek Hegaztien Munduko Eguna ospatu dau gaur, hegaztiak ezagutu eta haien habitatak babesteko konpromisoa indartzeko jardunaldiagaz.

Mokozabalak izan dira protagonistak, guztira 85 ale Urdaibaiko paduretan ikusi diralako, aurreko gaueko ekaitzaren ostean babesa eta elikatzeko lekua bilatuz.

Jardunaldian beste espezie ugari be behatu dira, besteak beste, 52 kuliska zuri, 39 zertzeta arrunt eta 350 koartzatxo itzain inguru. Gainera, eraztunketa zientifikoko saioa egin da, herritarrek hegaztien jarraipena eta kontserbazinoan erabilten diran teknikak gertutik ezagutzeko.

Oizmendi telebista
bizkaiko foru aldundia
txantxangorria euskara

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan