Skip to main content

Busturialdeko XIII. Enpresa Ideia Lehiaketa martxan da

Busturialdeko XIII. Enpresa Ideia Lehiaketa abiatu dute, eskualdean ekintzailetza eta negozio-ideia berriak sustatzeko helburuarekin. Lehiaketak 7.000 euroko saria izango du ideia irabazlearentzat.

Proposamenak aurkezteko epea 2026ko azaroaren 6an, 14:00etan amaituko da. Antolatzaileek eskualdeko ekintzaileak eta enpresa-proiektu berritzaileak dituzten pertsonak parte hartzera animatu dituzte.

Ekimenaren atzean daude Busturialdeko Gazteak, Bizkaiko Foru Aldundia, Urdaibaiko Ekonomia Sustatzeko eta Enpresa Garatzeko Zentroa (U-BAI) eta BBK, besteak beste.

Informazio gehiago eta izen-ematea Busturialdeko Gazteen webgunean eta 94 617 91 58, 94 627 02 15 eta 94 625 76 09 telefonoetan eskura daiteke.

Gernika-Lumoko Euskal Jaia 2026

Gernika-Lumok Euskal Jaiak ospatu dauz gaur, euskal kulturaren eta herri giroaren inguruan antolatutako egun bereziagaz. Goizetik, euskal jantziak, kantuak, musika eta dantzak izan dira protagonista, eta herritar zein bisitariek euskal tradizinoagaz gozatzeko aukera parebakoa izan dabe.

Jai giroa are gehiago berotu da Urdaibai Kantaguneko kideek txupinazoa bota ostean. Une horretan, gainera, omenaldi berezia egin da, eta Ziortza Bilbao Gernika-Lumoko zinegotziak hitz batzuk eskaini dauz bertaratutakoen aurrean.

Musikearen eta kantuaren ondoren, Elai Alai Dantza Taldearen erakustaldia izan da beste ekitaldi nagusietako bat. Dantzariek euskal dantzen erakustaldia eskaini dabe, eta publikoak txalo artean jarraitu dau emonaldia.

Gastronomiak be bere lekua izan dau Euskal Jaietan. Bertaratutakoek taloa txorizoagaz dastatzeko aukera izan dabe, eta postuak harrera handia izan dau, ilara luzeak sortuz. Horrez gain, herriko bazkariak ehunka lagun batu dauz, eta antolatzaileen arabera, 475 pertsona inguruk parte hartu dabe.

Egunari amaiera emateko, haurrentzako jolasak be prestatu dabez, txikienek jai giroagaz gozatzeko aukera izan zezaten.

Horrela, Euskal Jaiak euskal kultura, musika, dantza, gastronomia eta herritarren arteko topagunea bihurtu dira, Gernika-Lumon jai giro herrikoia nagusi izan dan egun batean.

URRIKO LEHEN ASTELEHENA Euskal Herriko Pirenaika arrazako XXXIX. lehiaketa

Urriko lehen asteleheneko Pirenaika errazako lehiaketaren XXXIX. edizinoa ospatu da Gernika-Lumon eta ganadutegi onenaren saria Jon Koldo Bikandik hartu dau. Behi gaztearen saria Juan Antonio Ustarrozentzako izan da eta behi helduaren kasuan Jon Koldo Bikandik irabazi dau be lehenengo saria. Zekorren kasuan, Aitor Aranak eroan dau zekor gaztearen saria eta Jon Koldo Bikandik helduarena. Azkenik, intseminazino artifizialeko produkturik onenaren saria Arbaiza anaientzako izan da.

Joandako uda honetako lehorteak markatu dauen edizinoa izan da, baina, halan be, 11 ganadutegi izan dira Gernika-Lumon; lau gipuzkoarrak, nafarrakoak hiru eta bizkaitarrak beste lau. Guztira 103 animali izan dira Gernika-Lumoko urriko lehen astelehen honetan; arrak 7 eta emeak beste 96ak.

Gernika-Lumoko Berbalagunek ikasturte barria abiatu dau

Gernika-Lumoko Berbalagunek ikasturte barria aurkeztu dau, eta urrian hasi dabez mintzataldeak aktibatzen. Euskera praktiketako eta herritarren arteko harremanak euskeraz sustetako hainbat ekintza eta egitasmo prestau dabez datozen hilebeteetarako.

Aurten be, ohiko mintzataldeez gan, ibiltaldiak, tailerrak eta hitzaldiak egingo dabez. Programazinoaren barruan, Ezetz Jakin ekimena be izango da. Zemendian hasiko da, eta mendiarekin eta naturagaz lotutako proposamenak eskainiko dauz. Antolatzaileek adi egoteko eskatu dabe, datozen asteetan jardueren barri emongo baitute.

Euskerazko ibiltaldiek be protagonismo berezia izango dabe. Gernika-Lumo eta inguruko mendi eta txokoetatik barrena ibiliko dira, euskeraz berba egiteko eta harremanak sortzeko aukera eskainiz.

Antolatzaileek azaldu dabenez, Gernika-Lumo herri euskalduna izan arren, badago euskeraz eroso aritzeko talde eta espazio barriak behar dauzan jentea. Horregaitik, euskeraz praktiketako aukera ezbardinak eskaini eta euskeraz laguntzeko prest dagoen jentea erakartzea dabe helburu.

Igaz, Berbalagunek astelehenetik zapatura bitartean antolatu ebazan jarduerak, goiz zein arratsaldeko ordutegietan. Aurten be, eskaintza zabala izango da, eta parte hartu gura dabenek Berbalagunekin jarri ahal izango dabe harremanetan.

EAJ-PNVK azalpenak eskatu dauz Txibitxiagako igogailuaren hiru urteko obrengatik

Bermeoko EAJ-PNVk azalpenak eskatu dizkio Udal Gobernuari Txibitxiaga eta Itsasbegi lotzen dituen igogailuaren obren garapenari buruz. Udal talde jeltzaleak azpiegitura beharrezkotzat jo du, baina nabarmendu du lanek hiru urte behar izan dituztela eta oraindik inguruan hainbat jarduketa egiteko daudela.

EAJ-PNVren arabera, igogailua martxan jartzea aurrerapausoa da inguruko bizilagunen irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzeko. Hala ere, lanen atzerapenaren arrazoiak, epeak eta eremu horretan aurreikusitako jarduketen plangintza azaltzeko eskatu dio Udal Gobernuari.

Talde jeltzaleak gogorarazi du proiektua aurreko legealdian erakundeen arteko lankidetzari esker bultzatu zela, eta Eusko Jaurlaritzaren finantzaketa lortu zela. Ingurua hobetzeko beste hainbat jarduketa ere aurreikusi zirela azaldu du, tartean Iparragirre eta Txibitxiagako etxebizitzen energia-eraginkortasuna, Iparragirreko irisgarritasuna eta Kurtzioko urbanizazioa.

Bestalde, Itsasbegi eta Txibitxiaga inguruko aparkaleku falta ere salatu du EAJ-PNVk. Udal taldearen esanetan, bizilagunek behin baino gehiagotan helarazi dute kezka hori, eta oraindik ez du erantzunik jaso.

EAJ-PNVren ustez, igogailua martxan jartzea hobekuntza garrantzitsua da, baina inguruko gainerako beharrei ere erantzun behar zaie.

Oizmendi telebista
bizkaiko foru aldundia
txantxangorria euskara

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan