Skip to main content

Arteskolako muralaren lehen fasea amaituta dago

Mertzedeko eskolaren inguruko fatxadan egiten dabiltzan 255 metro koadroko horma-irudiaren lehenengo fasea amaitu da. Julen Munitis Arteskolako kideak eta José María Gorroño Gernika-Lumoko alkateak ekimenaren garrantzia nabarmendu dute.

Gernika-Lumoko Errenteria auzoan egiten dabiltzan mural handiaren lehenengo fasea amaituta dago. Arteskola elkarteko kideak buru-belarri dabiltza lanean, herriko historia, ondarea eta nortasuna irudikatuko dituan horma-irudia aurrera eroateko. Mertzedeko eskolaren ingurutik ikusten den eraikin baten albo-fatxadan egiten dabiltzan lana 255 metro koadrokoa da.

Julen Munitis bertako artistak diseinatu du murala, eta Arteskolako bi ikasle arduratzen dira diseinua horma handira eroateaz. Proiektuaren lehenengo fasea amaituta, aurrerapauso garrantzitsua eman da herriko paisaia urbanoari irudi berri bat emateko eta Gernikako historia artearen bidez herritarrengana hurreratzeko.

Ekimenaren inguruan, Julen Munitis Arteskolako kideak eta José María Gorroño Gernika-Lumoko alkateak ere hitz batzuk eskaini dituzte, proiektuaren balioa eta herriarentzat duen garrantzia azpimarratzeko.

Bermeotarrek erabakiko dabe 2027ko aurrekontu parte-hartzaileetako proiektua

Urriaren 25era arte aurkeztu ahal izango dira proposamenak, eta 50.000 euro bideratuko dira aukeratutako ekimenera.

Bermeoko Udalak 2027ko aurrekontu parte-hartzaileen prozesua abiatu dau. Urriaren 9tik 25era bitartean, herritarrek proposamenak aurkeztu ahal izango ditue, udal eraikinetako kutxetan edo Esaizu plataformaren bidez.

Ekimenek interes orokorrekoak izan beharko dabe, udalaren eskumenen barruan egon eta gehienez 50.000 euroko kostua euki. Proposamenen bideragarritasuna aztertu ondoren, onartutakoen artean bozkatu ahal izango da azaroaren 2tik 22ra. Proiektu irabazlea azaroaren 30ean jakinaraziko da.

Bermeon erroldatutako herritar guztiek parte hartu ahal izango dabe, adina edozein dala. Iaz, 68 proposamen heldu ziran bozketa fasera, eta Bike Park bat aukeratu eben 210 botogaz.

BUSTURIALDEA URDAIBAIKO ESKUALDEKO PLAN ESTRATEGIKOA

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, Busturialdea-Urdaibaiko 20 udalekin lankidetzan, taldean lan egin dabe eskualdeko eragilakaz entzutetik eta lan egitetik sortutako plana diseinatzeko.

Emoitza 13 proiektu dauzan ibilpide-orria da, aldian-aldian herritarren beharrak kontuan hartuta barrikusi eta eguneratuko dana. Mugikortasuna eta konektibitateari dagokionez, Autzagane eta Muxikaren arteko errepidea hobetzeko, Muxika eta Bermeoren arteko bidegorrien sarea handitzeko eta garraio publikoa hobetzeko proiektuak aurkitu ahal doguz.

Etxebizitza eta gizarte-kohesioaren alorrean, egoera zaurgarrian dagozan eskualdeko gazteek prestakuntza praktikoa jasoko dabe birgaitze jasangarriari buruz, eraikin publiko zaharrak zuzkidura-etxebizitza bihurtuz, gero etxebizitza horietan bizi ahal izateko. Aldi berean langabezian dagozan 45 urtetik gorako pertsonek plan espezifiko bat izango dabe enpleo barriak lortzeko. Horrez gan, hainbat udalerritan alokatzeko proiektautako etxebizitza publikoen eraikuntza bizkortuko da.

Prestakuntza eta ekonomia sustatzearen ikuspuntutik, Lanbide Heziketa indartuko da Barrutialden eta Nautika Eskolan ekipamendu modernoetan eta espazio eguneratuetan inbertiduz, Muxikako industrialdearen sarbideak hobetuko dira, Inama lurzatia birgaituko da tokiko enpresak finkatzeko, industria teknologikoaren aldeko apustua egingo da eta Bermeoko portuko azpiegiturak modernizauko dira arrantza indartzeko, salgaien trafikoa handitzeko eta aisialdiko nautika bultzatzeko; aldi berean, jarduera ekonomikoak garatuko dira ekonomia urdinaren esparruan.

Kultura, historia eta naturaren kasuan, Santimamiñeko hatx-zuloa, Foruko Erromatar Herrixka edota Kantera Gorriaren moduko aktibo kulturalak eta naturalak balorauko dira, eta Gernika-Lumoko azoka eskualdeko bihotza bihurtu gura da, tradizinoa eta etorkizuna lotuz.
Azkenik, hobeto egiteko lan, laguntza gehiago erakartzeko eta proiektu handiagoak finkatzeko, Garapen Ekonomikorako Eskualde-Bulego barria sortuko da ahalegin publiko eta pribaduekin. Agentzia hau udalen, enpresen eta gizarte-eragileen topagunea izango da enpleoa, prestakuntza, turismoa, ekintzailetza eta landa-garapena sustatzeko.

Busturialdea-Urdaibaiko Eskualdeko Plan Estrategiko honek 78,4 milioi euroko inbersinoa eskatzen dau 2030era arte.

Urdaibaiko hondartzek udako denboraldia amaitu dabe

Bizkaiko hondartzek 2,65 milioi bisita baino gehiago jaso dituzte 2026ko denboraldian, eta Urdaibaiko hondartzek ere protagonismo berezia izan dute. Ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean, eguraldiak lagunduta, hondartzetako erabilera handia izan da, eta itsasoko uraren tenperatura ere aurreko urtekoa baino ia gradu bat beroagoa izan da.

Bizkaiko Foru Aldundiak emandako datuen arabera, guztira 2.654.482 bisita zenbatu dira Bizkaiko hondartzetan, 2025ean baino %2,17 gehiago. Denboraldiak 55 egun eguzkitsu izan ditu, iaz baino zortzi gehiago, eta uraren batez besteko tenperatura 22,39 gradukoa izan da.

Eusko Jaurlaritzaren sorreraren 90. urteurrena

Pradalesen arabera, Agirreren gobernuaren balioek —bakea, demokrazia, giza eskubideak, justizia soziala, autogobernua eta askatasuna— gaur egungo Euskadirentzat iparrorratz izaten jarraitzen dute. Haren esanetan, iraganeko belaunaldiaren ekarpena gogoratzeko modurik onena Euskadi defendatzen eta etorkizuna eraikitzen jarraitzea da.

Lehendakariak, halaber, Gernikako Estatutua osorik betetzeko konpromisoa berretsi du, eta aro berriak “itun politiko berria” eta Euskadirentzat gaitasun politiko eta berme instituzional handiagoak eskatzen dituela adierazi du.

Etorkizunari begira, Pradalesek lau erronka nagusi nabarmendu ditu: migrazioa eta gizarte-kohesioa, eraldaketa ekonomiko eta industriala, euskararen eta euskal kulturaren biziberritzea, eta Europan Euskadiren presentzia indartzea. Horiek guztiek, haren ustez, Euskadiren ongizatea eta nortasuna bermatzeko balioko dute.

Azkenik, Pradalesek Agirreren lekukoa hartzeko konpromisoa adierazi du, “Euskal Arima” ardatz hartuta eta herria “etorkizun aske eta hobera” eramateko borondatea berretsiz.

“URDAIBAI PUNTO NEMO” Erakusketa, Rober Garay-ren bitartez

Nemo puntua Urdaibain bilatzen, Rober Garayren begiradatik. Horixe da artistaren erakusketaren abiapuntua: itsas zabaleko urruntasunaren kontzeptua gure ingurura ekartzea eta Urdaibaiko Biosfera Erreserban bere Nemo puntuak aurkitzea.

Astronomian eta geografian, Nemo puntua Lurreko ozeanoetako lekurik urrunena da, edozein lur-masatik distantzia handienera dagoena. Hain da urruna, ezen zenbait unetan, gizakirik hurbilenak Nazioarteko Espazio Estazioko astronautak izan baitaitezke.

Kontzeptu horretatik abiatuta, Rober Garayk bere obsesio pertsonala ikerketa artistiko bihurtu du. Urdaibaiko paisaia eta ingurunea beste ikuspegi batetik aztertzea proposatzen du, urruntasunaren, isolamenduaren eta lurraldearekiko harremanaren inguruko gogoeta eginez.

Horrela, erakusketak begirada berri bat eskaintzen du Urdaibairen inguruan, ohiko paisaietatik harago joan eta gure inguruko txoko ezkutuak eta esanahi bereziak deskubritzeko gonbidapena eginez.

Gernika-Palestina Herri Ekimenak mobilizazioa deitu du gaurko

Gernika-Palestina Herri Ekimenak mobilizazioa deitu du gaur, urriaren 8an, 19:00etan, Palestinarekiko elkartasuna eta gerraren aurkako aldarria kalera ateratzeko.

“Gernikaren herritik: genozidiorik ez, gerrarik ez!” lelopean, ekimenak Palestinako egoera salatu eta genozidioaren aurkako jarrera, gerraren amaiera eta nazioarteko legediarekiko errespetua aldarrikatu ditu.

Deialdiaren kartelak, gainera, “inpunitateari ez” eta “nazioarteko legediari ez errespetatzeari” aurka egiteko mezua jasotzen du, eta Gernikaren memoria historikoa Palestinaren aldeko aldarrikapenarekin lotzen du.

Mobilizazioa gaur, urriaren 8an, 19:00etan izango da.

Oizmendi telebista
bizkaiko foru aldundia
txantxangorria euskara

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan