Skip to main content

Urrezko domina jaso dau Bittor Uriarte Anasagastiren familiak

Bermeoko Udalak Bitor Uriarte Anasagastiren ibilpidea eta herriari egindako ekarpena autortu dauz, Udalaren Urrezko Domina emonda. Ekitaldia gaur egin da udaletxeko osoko bilkura aretoan, eta familiak jaso dau domina haren izenean.

Bitor Uriarteren bizitza eta lana estuki lotuta egon dira Bermeogaz. Irakasle, ikertzaile eta dibulgatzaile izan zan, eta urte luzez herriaren historia, ondarea eta memoria ikertzen eta ezagutarazten jardun eban.

1957an jaioa, gaztetatik erakutsi eban Bermeoko historiarekiko interesa. 17 edo 18 urte besterik ez ebazala, herriko baserri guztiak argazkitan jaso ebazan. Irudi horreek Udal Artxiboan gordetzen dira gaur egun, Bermeoren iraganaren lekuko baliotsu gisa. Artxiboa antolatzen be lagundu eban.

Deustuko Unibertsidadean Historia eta Geografia ikasi ondoren, irakasle aritu zan Bermeoko institutuan, eta bertan ikasketa buru eta zuzendari be izan zan, erretiroa hartu arte. Belaunaldi askori ezagutza ez ezik, herria ezagutzeko eta ulertzeko interesa be transmitidu eutsen.

Irakaskuntzaz gan, Bermeoko historia eta ondarea ikertzen jarraitu eban. Besteak beste, 1504ko sutea, herriko toponimia, Santa Eufemia eleiza, portua, Erdi Aroko Bermeo eta urigintza aztertu ebazan. Hitzaldiak emon ebazan, eta hainbat argitalpenetan parte hartu eban. Busturialdeko Hitza egunkariaren sorreran be lagundu eban, eta lehen zuzendaria izan zan.

2024tik aurrera, Bermeoko Udaleko zinegotzi be izan zan, bere ezagutza eta esperientzia herriaren zerbitzura jarriz. 2026ko bagilaren 19an hil zan, Marinone baserrian.

Ekitaldian, Nadia Nemeh Shomaly alkateak Bitorren ibilpidea eta Bermeogaz izan eban lotura berezia nabarmendu dauz. Alkatearen berbetan, gaurko Urrezko Domina ez da lan jakin baten autortza, bizitza oso baten autortza baizik.

Holan, Bermeok omenaldia egin deutso herriko historia dokumentetan eta zabaltzen urte luzez jardun eban gizonari, haren ekarpena datozen belaunaldientzat be bizirik manteniduteko asmoz.

Torrealday Gernika Rugby Taldeak garaipen estua lortu dau Urbietan

Urbietako zelaian jokatutako partiduak intentsidade handia izan dau. Torrealday Gernikak garaipena lortzeko lan gogorra egin behar izan dau, aurrean aurkari lehiakorra eta amore emoteko prest ez egoana izan dauelako. Las Rozaseko taldeak gogor eutsi deutso norgehiagokeari, eta markagailuko alde txikiak argi erakutsi dau bi taldeen arteko bardintasuna.

Gernikarrak, baina, etxeko zelaian jokatzearen abantailaz baliatu dira, eta azken emaitzara arte borrokan jarraitu dabe. Erasoan lortutako puntuek eta taldearen ahalegin kolektiboak garaipena eskuratzeko aukerea emon deutsee.

Azken txanpan, tentsinoa eta emozinoa izan dira nagusi, bi taldeek garaipena eskuratzeko aukerak izan dabezala. Azkenean, 35-33ko emaitzagaz, Torrealday Gernika Rugby Taldeak bi puntuko aldeagaz gainditu dau A.D. Ingenieros Industriales Las Rozas, Urbietako zaleen aurrean garaipen garrantzitsua lortuta.

Horrela, gernikarrek beste garaipen bat gehitu deutsie denboraldiari, etxean erakutsitako lehiakortasunari eta talde-lanari esker. Partidu gogorra, emozinoz betea eta amaierara arte erabagi bako geratu dana.

Mendatako III. Goitibehera Jaitsiera giro ederrean ospatu da

Lasterketak emozino handiko uneak itxi dauz, pilotuen arteko lehia estuarekin eta ibilgailuen abiaduragaz. Parte-hartzaileek hainbat kategoriatan lehiatu dira, eta pilotu zein kopilotuen arteko koordinazinoa funtsezkoa izan da jatsierak ahalik eta denpora onenean osotzeko.

Emoitzei dagokienez, lehenengo mangako sailkapenean, Felix Delgado Garcia izan da azkarrena, 1 minutu eta 55 segundo pasatxoko denporagaz. Bigarren postuan, Aner Bilbao Sistiaga geratu da, eta hirugarren postua Oier Larrabe Agirrerentzat izan da. Bigarren mangako emoitzetan be lehia estua izan da goiko postuetan.

Kirol-lehiaketaz harago, giro bikaina izan da nagusi Mendatan. Ikusleen animoek eta parte-hartzaileen ilusinoak egun berezia osotzen lagundu dabe, goitibeheren munduak herrian dauen zaletasuna agirian itxiz.

Holan, Mendatako III. Goitibehera Jaitsierak beste behin erakutsi dau kirol honek sortzen dauen ikusmina eta komunidadea batzeko dauen gaitasuna. Abiadura, emozinoa eta giro ederra uztartu dira, goitibehera zaleentzat gozetako moduko jardunaldia.

2021an eta 2025ean jaiotako umeen jaialdia, Bermeon

2021ean eta 2025ean jaiotakoen jaialdia ospatu da Bermeon, herri karpa nagusian. Bertan, haurrek Motx pailazoaren eta amuma Isabelen ikuskizunaz gozatu dabe, euskaraz dantzatuz eta abestuz. Guraso batzuk ere parte hartu dabe emanaldian, opariak ere egon dira; igez jaiotakoei eurentzako sortutako bertso liburuxka bat eman deutsie eta 5 urtekoei, Motx pailazoak berak eta amuma Isabelek “Oroitzapen eder bat” liburu ilustratua opari deutsie.

BAZEN BEHIN “Dena nahi dut”

Beruka dena nahi zuen neska bat da. Eta beti nahi du denetarik, bai!

Lagunek dutena nahi du, dendetan ikusten duena nahi du, telebistan, interneten, aldizkarietan… ateratzen dena nahi du….

Dena, dena, dena, nahi du!

Eta lortzeko ohi eta negar egiten du…

Baina hainbeste gauza izatea, ez da izango pixka bat korapilotsua?

Sasoiek irabazi dau gilda tradizionalaren saria eta Musutruk-ek gilda bereziarena

Gernikako Merkatari, ostalari eta zerbitzu alkarteak antolatuta Gernika-Lumoko Gilda lehiaketaren 5. edizinoa ospatu da. Bi kategori izan dira lehiaketa honetan; gilda tradizinonala eta gilda berezia, eta horrez gan, boto popularraren saria be emon da. Azkenengo honen kasuan, Auzokoa tabernak eroan dau herritarrek emondako sari hori; txapela eta herriko establezimentutan gastetako 300 euroko bonoa. Gilda tradizinonalaren atalean Sasoie tabernak hartu dau txapela eta 300 euroko bonoa eta Gilda bereziaren saria Musutruk tabernak eroan dau; txapela eta beste 300 euroko bonoa. Sari banaketaren ostean esandako herri-bozketa horretan parte hartu daben danen arten zozketa bat burutu da eta Inma izan da txakolin botila eta herriko establezimentutan gastetako 100 euroko bonoaren irabazlea.
Irailaren 18an jarri zan martxan lehiaketa eta aurtengo edizino honetan 19 taberna hartu dabe parte: Aretxa, Urbanbi, Estanco, Hiru Saku, Sasoie, Azules, Musutruk, La Boca, Madariaga, Foruria, Bake Eder, Auzokoa, Hotel Boliña, Omago Txiki, KM0, Oizbide, Sakone eta Zallo Kafe Bar.
Lehiaketaren bosgarren edizino honen epaimahaia Bisubi eta Cofradia de la Putxerako kidea eta Geo Cocktail tabernako zuzendaria dan Jagoba Santesteban, Bisubiko kidea eta Marimar jatetxeko sukaldaria eta zuzendaria dan Javier Muñoz eta Cofradia de la Putxerako kidea eta Gastrodista blogaren sortzailea dan Ania López osotu dabe.

Euskara ikasteko eta gidabaimena euskaraz ateratzeko dirulaguntzak emango dabez

Bermeoko Udalak euskararen erabilera sustatzeko dirulaguntzen deialdia zabaldu du. Laguntzak bi helburutara bideratuta daude: batetik, euskara ikasten ari diren herritarrak laguntzea; eta, bestetik, gidabaimena euskaraz prestatu eta azterketa euskaraz gainditzen dutenei laguntza ekonomikoa ematea.

Eskaerak aurkezteko azken eguna azaroaren 2a izango da. Interesdunek Berhaz bulegoan edo telematikoki egin ahal izango dituzte izapideak.

Euskara ikasteko dirulaguntzei dagokienez, 2025-2026 ikasturtean edo udan egindako ikastaroak lagunduko ditu Udalak. Eskatzaileek Bermeon erroldatuta egon behar dute, ikastaroa amaitu eta emandako orduen gutxienez % 80ra joan izana egiaztatu.

Ikasle bakoitzak 300 euro jaso ahal izango ditu gehienez ikastaro bakoitzeko, eta ikastaro bat baino gehiago eginez gero, laguntzaren muga 500 eurokoa izango da. Dirulaguntzaren zenbatekoa eskatzailearen egoera ekonomikoaren arabera aldatuko da, eta laguntza hauek HABEk ematen dituenekin bateragarriak dira.

Oizmendi telebista
bizkaiko foru aldundia
txantxangorria euskara

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan