Skip to main content

Mareak Jaialdiak XII.edizioa ospatuko dau Bermeon, urriaren 20tik 24ra bitartean

Jaialdi honek bederatzi kultur proposamen batuko ditu, zinema, musika, ahozko narrazinoa, literatura, dantza garaikidea eta ondarea ardatz hartuta. Ekitaldiak herriko hainbat gunetan egingo dira, eta gehienak doakoak izango dira.

Jaialdia Arcadia dokumentalaren emonaldiagaz hasiko da, urriaren 20an. Hurrengo egunetan, ahozko narrazinoa, poesia eta musikea buztartzen dituen ikuskizunak, itsas ondareari buruzko aurkezpenak eta zuzeneko musika saioak izango dira protagonista. Egitarauaren barruan, Harria eta Zalantza baten itzala taldeen kontzertuak, Santimamiñera bisita gidatua eta IRAUN dantza garaikideko pieza be eskainiko dira.

Azken egunean, urriaren 24an, Amaia Elizaran dantzariak eta Silberius de Ura musikariak IRAUN aurkeztuko dabe, eta, ondoren, Sophia Djebel Rose artista frantziar-marokoarraren kontzertua izango da. Bi emonaldiak ikusteko sarrera bakarrak zortzi euroko prezioa izango dau.

MB2000 alkarteak, Bermeoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako jaialdiak tradizinoa eta sorkuntza garaikidea buztartzea dau helburu, herritarrei ohiko kultur proposamenetatik harago doazen esperientziak eskaintzeko.

2021ean eta 2025ean Bermeon jaiotakoen jaialdia

2021ean eta 2025ean jaiotakoen jaialdia ospatu da Bermeon, herri karpa nagusian. Bertan, haurrek Motx pailazoaren eta amuma Isabelen ikuskizunaz gozatu dabe, euskaraz dantzatuz eta abestuz. Guraso batzuk ere parte hartu dabe emanaldian, opariak ere egon dira; igez jaiotakoei eurentzako sortutako bertso liburuxka bat eman deutsie eta 5 urtekoei, Motx pailazoak berak eta amuma Isabelek “Oroitzapen eder bat” liburu ilustratua opari deutsie.

Eusko Jaurlaritzak alokairuko 52 etxebizitza babestu eraikitzeko proiektuaren idazketa lizitatu dau Bermeon

Bi sustapenak gauzatzeko, bi milioi euroko oinarrizko lizitazino-aurrekontua ezarri da, BEZik barik. Kontratuak bi lotetan banatu dira: lehenengoak Gasteizko Zabalganan alokairuko 276 etxebizitza eraikitzea aurreikusten dau, eta bigarrenak, Bermeon, beste 52 etxebizitza babestu.

Bermeoko proiektua 21.2 EUko 18. partzelan garatuko da, eta 500.000 euroko aurrekontua izango dau, BEZik barik. Lizitazinoak eraikuntza-proiektuaren idazketa, obra-zuzendaritza eta ikuskapena hartzen dauz barne.

Gasteizko Zabalganako sustapenak, barriz, 1,5 milioi euroko aurrekontua izango dau, eta 5. sektoreko RD-1 partzelan egingo da, alokairuko 276 etxebizitza babestu eraikitzeko helburuagaz.

Lizitazino honen bidez, Eusko Jaurlaritzak alokairuko etxebizitza publikoen eskaintza handitu gura dau, herritarren etxebizitza-premiei erantzuteko. Ekimen hau legegintzaldi honetan etxebizitza eskuragarrien eskaintza 7.000 etxebizitzatan handitzeko estrategiaren barruan kokatzen da.

Enpresa interesaduek urriaren 22ko goizeko hamarrak arte aurkeztu ahal izango dabez eskaintzak. Proiektu honeek aurrera eginez gero, Bermeok eta Gasteizek alokairuko etxebizitza babestuen eskaintza handitzeko aukera izango dabe.

“Torrealday GRT vs. A.D. Ingenieros industriales Las Rozas Rugby partidua, 3. jardunaldia

Urbietako zelaian jokatutako partiduak intentsidade handia izan dau. Torrealday Gernikak garaipena lortzeko lan gogorra egin behar izan dau, aurrean aurkari lehiakorra eta amore emoteko prest ez egoana izan dauelako. Las Rozaseko taldeak gogor eutsi deutso norgehiagokeari, eta markagailuko alde txikiak argi erakutsi dau bi taldeen arteko bardintasuna.

Gernikarrak, baina, etxeko zelaian jokatzearen abantailaz baliatu dira, eta azken emaitzara arte borrokan jarraitu dabe. Erasoan lortutako puntuek eta taldearen ahalegin kolektiboak garaipena eskuratzeko aukerea emon deutsee.

Azken txanpan, tentsinoa eta emozinoa izan dira nagusi, bi taldeek garaipena eskuratzeko aukerak izan dabezala. Azkenean, 35-33ko emaitzagaz, Torrealday Gernika Rugby Taldeak bi puntuko aldeagaz gainditu dau A.D. Ingenieros Industriales Las Rozas, Urbietako zaleen aurrean garaipen garrantzitsua lortuta.

Horrela, gernikarrek beste garaipen bat gehitu deutsie denboraldiari, etxean erakutsitako lehiakortasunari eta talde-lanari esker. Partidu gogorra, emozinoz betea eta amaierara arte erabagi bako geratu dana.

Bittor Uriarte Anasagastiri emandako Urrezko domina

Bermeoko Udalak Bitor Uriarte Anasagastiren ibilpidea eta herriari egindako ekarpena autortu dauz, Udalaren Urrezko Domina emonda. Ekitaldia gaur egin da udaletxeko osoko bilkura aretoan, eta familiak jaso dau domina haren izenean.

Bitor Uriarteren bizitza eta lana estuki lotuta egon dira Bermeogaz. Irakasle, ikertzaile eta dibulgatzaile izan zan, eta urte luzez herriaren historia, ondarea eta memoria ikertzen eta ezagutarazten jardun eban.

1957an jaioa, gaztetatik erakutsi eban Bermeoko historiarekiko interesa. 17 edo 18 urte besterik ez ebazala, herriko baserri guztiak argazkitan jaso ebazan. Irudi horreek Udal Artxiboan gordetzen dira gaur egun, Bermeoren iraganaren lekuko baliotsu gisa. Artxiboa antolatzen be lagundu eban.

Deustuko Unibertsidadean Historia eta Geografia ikasi ondoren, irakasle aritu zan Bermeoko institutuan, eta bertan ikasketa buru eta zuzendari be izan zan, erretiroa hartu arte. Belaunaldi askori ezagutza ez ezik, herria ezagutzeko eta ulertzeko interesa be transmitidu eutsen.

Irakaskuntzaz gan, Bermeoko historia eta ondarea ikertzen jarraitu eban. Besteak beste, 1504ko sutea, herriko toponimia, Santa Eufemia eleiza, portua, Erdi Aroko Bermeo eta urigintza aztertu ebazan. Hitzaldiak emon ebazan, eta hainbat argitalpenetan parte hartu eban. Busturialdeko Hitza egunkariaren sorreran be lagundu eban, eta lehen zuzendaria izan zan.

2024tik aurrera, Bermeoko Udaleko zinegotzi be izan zan, bere ezagutza eta esperientzia herriaren zerbitzura jarriz. 2026ko bagilaren 19an hil zan, Marinone baserrian.

Ekitaldian, Nadia Nemeh Shomaly alkateak Bitorren ibilpidea eta Bermeogaz izan eban lotura berezia nabarmendu dauz. Alkatearen berbetan, gaurko Urrezko Domina ez da lan jakin baten autortza, bizitza oso baten autortza baizik.

Holan, Bermeok omenaldia egin deutso herriko historia dokumentetan eta zabaltzen urte luzez jardun eban gizonari, haren ekarpena datozen belaunaldientzat be bizirik manteniduteko asmoz.

Urriko Lehen Asteleheneko postuak

Goizean goizetik, azokako postuek bizia hartu dute. Barazkiak, garaiko produktuak eta baserriko jakiak izan dira salgai, eta bisitariek aukera izan dute bertako ekoizleen eskaintza gertutik ezagutzeko.

Urria aurrera doa, eta udazkenaren etorrerak ere badu isla postuetan. Sasoi honetako produktuek protagonismo berezia hartu dute, eta azokak bertako nekazaritzaren eta merkataritzaren garrantzia gogorarazi du.

Urteak joan, urteak etorri, urriko lehen asteleheneko hitzorduak bere izaera bereziari eusten dio. Erosketak egiteko gunea izateaz gain, elkartzeko, giroaz gozatzeko eta Gernika-Lumoko tradizioa bizirik mantentzeko eguna ere bada.

Horrela bizi izan da beste behin urriko lehen astelehena, azokako postuen artean, bertako produktuen usainean eta herriko kaleetan sortzen den giro berezian.

Turismo bulegoak turismo enpresa adimendunaren ziurtagiria lortu dau

Ziurtagiriak egiaztatzen dau udal zerbitzuak datuak eta teknologia digitalak erabilten dauzala erabagiak hartzeko eta bisitariei eskaintzen jaken arreta hobetzeko.

Kudeaketa-eredu horren oinarrietako bat Gernikako Behatoki Turistikoa da. Tresna horrek bisitarien joan-etorriak, portaerak eta gastuak aztertzen dauz, turismo-eskaintza benetako beharretara egokitzeko eta baliabide publikoak hobeto planifikatzeko.

Digitalizazinoagaz batera, irisgarritasuna be bada lehentasunetako bat. Turismo Bulegoak sarbide eta espazio egokituak daukaz, bai eta begizta magnetikoa, braillezko materialak, audiogidak eta behar bereziak dabezan pertsonentzako bisita gidatuak be.

Jasangarritasunaren arloan, barriz, baliabide digitalen erabilerea sustatzen dau, paperaren kontsumoa murrizteko, eta tokiko ondarea, gastronomia, euskerea eta eskaintza kulturala bultzatzen dauz.

Turismo Enpresa Adimendunaren ziurtagiriaz gan, Gernika-Lumoko Turismo Bulegoak Kalidade Turistikoaren Q eta Brontzezko A Bereizgarria be badaukoz, Kudeaketa Aurreratuaren arloan.

Helburua argia da: bisitarien esperientzia hobetzea eta turismo jasangarria sustatzea, Gernika-Lumoko eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbako kultura- eta ingurumen-balioak babestuz.

Oizmendi telebista
bizkaiko foru aldundia
txantxangorria euskara

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan