Skip to main content

Hegaztien Munduko Eguneko eraztunketa zientifikoa

Hegaztiak protagonista izan dira Urdaibai Bird Centerren. Hegaztien Munduko Eguna dela eta, hainbat lagun bildu dira hegaztiak hobeto ezagutzeko eta haien habitatak babestearen garrantziaz hausnartzeko.

Eguneko protagonista nagusiak mokozabalak izan dira. Guztira, 85 ale zenbatu dituzte Urdaibaiko paduretan. Gehienak aurreko gauean iritsi ziren, ekaitzaren aurrean babesa eta atsedenlekua bilatuz.

Irudi honek erakusten du Urdaibaik zein garrantzitsua den hegazti migratzaileentzat. Padurak atseden hartzeko, elikatzeko eta eguraldi txarretik babesteko ezinbesteko gune dira.

Mokozabalen artean, Swin nabarmendu da. Lau hilabete besterik ez ditu, baina dagoeneko 4.000 kilometro baino gehiago egin ditu. GPS gailu bati esker, haren migrazio-ibilbidea zuzenean jarraitu ahal izan dute Bird Centerren.

Swin-en istorioak agerian uzten du hegaztiek ez dutela mugarik ezagutzen. Horregatik, migrazio-bidean zehar naturagune eta hezegune seguruak izatea ezinbestekoa da.

Mokozabalak ez dira izan protagonista bakarrak. Eguneko behaketetan beste hainbat espezie ere identifikatu dituzte: kuliska zuriak, zertzeta arruntak, ahate buztanluzeak eta ipar-ahateak, besteak beste.

Eta paduretatik harago ere, hegaztiak protagonista. Flamenko handi bat, elano urdin bat, koartzak eta beste hainbat espezie ikusi dituzte gaur Urdaibain.

Jardunaldiak eraztunketa zientifikoko saioa ere izan du. Parte-hartzaileek hainbat hegazti gertutik ikusi eta teknika horrek eskaintzen duen informazioa ezagutzeko aukera izan dute.

Azken batean, gaurko egunak mezu argia utzi du: hegaztiak ezagutzea funtsezkoa da haiek eta haien habitatak babesteko. Eta horretarako, ikerketa, behaketa eta herritarren parte-hartzea ezinbestekoak dira.

Oizmendi telebista
bizkaiko foru aldundia
txantxangorria euskara

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan