Skip to main content

Udalak 2027ko udal egutegiko argazki lehiaketa jarri dau martxan

Aurtengo gaia “Gure herria” izango da, eta herriko paisaiak, txokoak eta eguneroko bizimodua erakusten dabezan argazkiak aurkezteko deia egin dau Udalak. Edonork hartu leikie parte, eta pertsona bakotxak gehienez hiru argazki aurkeztu ahal izango dauz.

Lanak azaroaren 23ko eguerdiko hamabietan baino lehen aurkeztu beharko dira. Horretarako, posta elektronikoz bidali daitekez, edo zuzenean Gautegiz Arteagako udaletxean entregau.

Aurkeztutako lan guztien artetik hamabi argazki aukeratuko dira, 2027ko udal egutegiko hilabete bakotxa ilustratzeko.

Udalak gogorarazo dau argazkiak aurretik argitaratu bakoak izan behar dirala.

Lehiaketako sari banaketa abenduaren 20an egingo da, lunch baten bidez, eta parte-hartzaile guztiak gonbidatuta egongo dira.

Eunice Ortizen “Urdaibai neguan”

Paisaiaren lasaitasuna, koloreen aldaketa eta naturaren une txikiak.

Hori da Eunice Ortiz artistak eta dinamizatzaileak proposatzen digun bidaia, “Urdaibai en invierno: acuarelas, dibujos y garabatos” erakusketaren bidez.

Akuarelak, marrazkiak eta garabatoak erabiliz, artistak Urdaibaiko paisaia neguko begirada pertsonal batetik erakusten digu: batzuetan xehetasun txikietan, besteetan trazuen eta koloreen askatasunean.

Erakusketa Gernika-Lumoko Kultur Etxeko Ricardo Abaunza aretoan dago ikusgai, irailaren 24tik urriaren 30era.

Gonbidapen bat da gelditzeko, begiratzeko eta Urdaibai beste modu batean sentitzeko.

Espezie inbaditzaileei aurre egiteko programa integrala

Urdaibai zaintzea eta auzotarrei ingurune naturala babesten laguntzea da Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarri dauan plan barriaren helburuetako bat. Espezie inbaditzaileei aurre egiteko programa integrala da, eta 5,14 milioi euroko inbertsinoa izango dau 2029ra arte.

Jarduketa nagusiak Oka ibaiaren estuarioan, paduretan eta duna-sistemetan egingo dira, Urdaibaiko Itsasertzak eta Padurak Kontserzazino Bereziko Eremuaren barruan. Guztira, 430 hektarea inguruko eremua aztertuko da, eta udan egindako lehen kartografiaren arabera, espezie exotiko inbaditzaileak 130 hektareatan dagoz gaur egun.

Arazo nagusia Baccharis halimifolia da, 93 hektarea ingurutan zabalduta dagoana. Cortaderia selloana edo panpa-lezka, barriz, beste 19 hektareatan dago. Horrez gain, beste espezie batzuei be helduko jake, besteak beste, onagra, sasiakazia, ailantoa edo milazka bezalakoei.

Josefin, Anton, Mari eta Lorentzo erraldoien figurak erosteko aukera dago

Santa Eufemia Egunean salgai jarritako erraldoien figurak eskuratzeko azken aukeretako bat izango dabe herritarrek. Izan be, lehenengo salmentaren ostean ale batzuk geratu dira, eta urriaren 1etik aurrera Turismo Bulegoan egongo dira salgai.

Josefin, Anton, Mari eta Lorentzo erraldoiek herriko jai eta tradizinoetan protagonismo berezia daukie, eta orain euren figura txikiak etxean eukiteko aukerea izango da.

Figurak Turismo Bulegoan eskuratu ahal izango dira, aleak agortu arte.

Urriaren 3an egingo da Gernika-Lumoko Azoka Berezia

Gernika-Lumoko Azoka Berezia urriaren 3an egingo da, goizeko 09:00etatik aurrera, eta baserritarrek zein artisau ekoizleek euren produktuak erakutsi, saldu eta dastatzeko aukerea izango dabe. Egunak, ganera, Sukalki Eguna izango dau ardatz nagusietako bat.

Azokearen helburua bertoko eta kalidadezko produktuak herritarren eskura jartea eta lehen sektorearen zein artisautzaren lana ezagutzera emotea da. Horretarako, askotariko elikagaiak egongo dira salgai: gaztak, ogia eta euskal pastela, pateak, txakolina, olioa, gildak, ardoa eta haragi-produktuak, besteak beste.

Artisau ekoizleen artean, hainbat proposamen egongo dira: zura eta talla, ehungintza, ume eta gazteentzako arropa, osagarriak, bitxiak, larrugintza eta zeramika. Era berean, baserritarrek euren ekoizpenak eroango dabez azokara, besteak beste, gaztak eta bestelako baserriko produktuak.

Urria kulturaz beteta dator

Urria kultur eskaintza zabalagaz dator Gernika-Lumora. Hilabete osoan zehar, antzerkia, kontzertuak, bertso saioak eta zinema proposamenak izango dira herrian, publiko eta adin ezberdinei zuzendutako egitarauagaz.

Hilabeteko lehen hitzordua urriaren 2an izango da, Lizeo Antzokian. 20:00etan, El amor que permanece (Ástin sem eftir er) filma eskainiko da, Hlynur Pálmason zuzendariarena. Sarrera 6 eurokoa izango da.

Antzerkiak protagonismo berezia izango dau urrian. Urriaren 10ean, 19:00etan, Jon Ander Urestiren Kolapsoa antzezlana izango da Lizeo Antzokian. Sarrerak 13 eurotan (10 euro murriztua) eskuratu daitekez.

Musikearen txanda urriaren 17an izango da. 19:00etan, Ruper Ordorika & Mugalarik kontzertua eskainiko dabe Lizeo Antzokian. Sarrerak 13 euro (10 euro murriztua) balioko dau.

Familientzako eskaintzari dagokionez, urriaren 18an, 12:30ean, Marie de Jongh konpainiaren Kimu antzezlana izango da Lizeo Antzokian. Sarrera 6 eurokoa da, eta prezio murriztua 4,50 eurokoa.

Bertsoak be izango dau bere tartea hileko egitarauan. Urriaren 23an, 17:30ean, Udal Liburutegian Gora liburutegiak! Bertso saioa egingo da, doan, baina aurretik izena emon behar da liburutegian. Urriaren 25ean, barriz, 18:00etan, Auzo Tabernan Astelehen bezperako bertso saioa izango da, Lilibertsoren eskutik.

Azkenik, zinema zaleek urriaren 16an beste hitzordu bat izango dabe: 20:00etan, Vivir la tierra (Sheng xi zhi di) filma eskainiko da Lizeo Antzokian. Sarrera 6 eurokoa izango da.

Horrela, urriko kultur programazioak diziplina eta publiko ezberdinak batzen ditu, eta herritarrei hilabete osoan zehar kulturaz gozatzeko aukera ugari eskaintzen deutsoz.

Oizmendi telebista
bizkaiko foru aldundia
txantxangorria euskara

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan