Skip to main content

Kortezubi Bideko haurrentzako parke estali barria inauguratu dabe.

Gernika-Lumoko Kortezubi Bideko haurrentzako parke estali barria amaituta dago, eta irailaren 26an, zapatua, inaugurazino ekitaldia egin eben 12:30ean. Jolasgunea Kortezubi Bidea eta Aita Luis Villasante kaleen arteko plazan dago, eta Gernika-Lumoko Udalak antolatu eban ekitaldia.

Guztira, 404.700 euroko inbersinoa egin dau Udalak parke barria egokitzeko. Inaugurazinoaren harira, Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak proiektuaren balorazinoa egin eban, eta azpiegitura barriak herriko ume eta familientzako eskaintzen dauan aukera nabarmendu eban.

Ekitaldian, Txitatoki Zirku Taldeko antolatzaileek hainbat jarduera prestatu ebezan, eta umeek hasieratik gozatu ahal izan eben antolatutako ekintzez. Horrela, jolas eta entretenimendu giroan inauguratu eben Kortezubi Bideko parke estali barria.

Torrealday Gernika Rugby Taldeak Gernika Modan Dago desfilean liluratu dau

Eguneko une berezietako bat, barriz, Gernika Rugby Taldeko kideek lehen aldiz egindako desfilea izan da. Taldeko jokalariek eta kideek desfilean parte hartu dabe, eta ekimenak ikusmin handia sortu dau bertaratutakoen artean. Proposamen barri eta original honek kirola eta herriko merkataritza bat egiteko aukera eskaini dau, eta parte-hartzaileek zein ikusleek harrera beroa egin deutsie.

MENDATAKO XXVII. NEKAZAL AZOKA

Iraila hile aktiboa da Euskal Herriko azoka tradizionalentzat. Udako geldialdiaren ostean, nekazaritza, abeltzaintza eta artisautzako hitzorduak lurralde guztietara zabaltzen dira.

Eta urtero lez, iraileko bigarren domekan, Mendatak bere nekazaritza azoka tradizionala ospatu dau. Aurtengoa XXVII. edizinoa izan da, eta Euskal Oiloaren berreskurapenari eta erakusketeari eskaini jako.

Elexalde auzoan eta udal pilotalekuan, hogeita hamar bat postu inguruk bertako produkturik onenak ekarri dabez: sasoiko ortuariak, gazta, txakolina, ogia, eztia, pastelak eta Euskal Herriko gozo ezagunetako bat, pastel baltza.

Egun eguzkitsua izan da, eta jende ugari hurreratu da Mendatara iraileko azoka tipiko honetaz gozatzera. Baserritarrek eta artisauek euren produktuak erakutsi eta salgai jarri dabez, eta bisitariek aukera izan dabe bertako produktuak dastatu eta erosteko.

Azokearen protagonista nagusietako bat, barriz, Euskal Oiloa izan da. Azoka monografikoa 1997tik ospatzen da, bertako baserritarren sektorearen eta elkarte ezberdineen bultzadaz.

Euskal Oiloaren azoka monografiko honek bertoko arraza autoktonoa sustatzeko erakusleiho garrantzitsua izaten jarraitzen dau. Hazleen arteko hartu-emonak eta trukea bultzatzen dau, eta herritarrei aukera emoten deutse hegazti honeek gertutik ezagutu, ikusi eta, kasu batzuetan, eskuratzeko.

VI. Barbero solidarioa Gernika-Lumon

Barbero Solidarioa ekitaldiak jarduera ugari bildu zituen igande honetan, irailaren 20an, elkartasuna eta aisialdia ardatz hartuta. Goizeko 10:00etan hasi eta eguerdira arte, herritarrek ilea mozteko aukera izan zuten, eta aldi berean, haurrentzako jolasak eta hainbat jarduera antolatu ziren.

Musikak ere protagonismo berezia izan zuen goizean zehar, ekitaldiari giro alaia eta herrikoia emanez. Horrela, adin guztietako parte-hartzaileek musikaz eta jarduerez gozatzeko aukera izan zuten, elkartasunaren inguruan elkartuta.

Ilea mozteaz gain, egitarauak beste hainbat proposamen ere izan zituen, besteak beste, crossfit erakustaldia, skateboarding-a, dantza eta sentsibilizazio jarduerak. Egunean zehar, herritarrek hainbat ekintzatan parte hartu eta ekitaldi solidarioarekin bat egiteko aukera izan zuten.

Barbero Solidarioa bezalako ekimenek elkartasuna, kultura eta aisialdia uztartzen dituzte, eta Gernikan igandeko jardunaldiak giro onean eta parte-hartzearekin eman zion jarraipena ekimenari.

Bermeoko Musika eskolak ‘Gu musiketan’ tailerra jarriko du martxan ikasturte honetan ere,

65 urtetik gorako herritarrei zuzenduta. ‘Nagusiek bizitasunez bizitzen’ programaren barruan antolatutako ekimena da, eta musikaren bidez parte-hartzea, memoria eta mugimendua lantzea du helburu.

Saioak astean behin egingo dira, eguenetan, eguerdiko hamabi eta erdietatik ordu batera, Musika eskolan. Parte-hartzaileek kantua, erritmoa, memoria eta mugimendua landuko dituzte, modu dinamiko eta taldekoan. Gainera, ez da beharrezkoa musika ezagutza izatea, ekimenaren helburua musika sentitzea eta taldean bizitzea baita.

Izena emateko epea irailaren 30era arte egongo da zabalik, Musika eskolan edo Gizarte Ongizatean. Guztira, 22 lagunentzako lekua egongo da. Eskaera kopuruak plaza kopurua gainditzen badu, zozketa egingo da urriaren 2an.

Lekuen bi herenek lehentasuna izango dute 75 urtetik gorakoentzat, eta gainerako plazak 65 eta 74 urte bitarteko herritarrentzat izango dira.

Ekimenarekin, Bermeoko Udalak adinekoen ongizatea eta parte-hartze soziala sustatu nahi ditu, musikaren bidez topagune eta garapen pertsonalerako espazio bat eskainiz.

Oizmendi telebista
bizkaiko foru aldundia
txantxangorria euskara

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan