Skip to main content

Txibitxiagako igongailu barria inaugurau dabe, Bermeon

Bermeoko Udalak Txibitxiaga eta Itxasbegi kaleen arteko igongailu barria inaugurau dau gaur. Instalazinoaren helburua auzoko irisgarritasuna hobetzea eta Txibitxiaga kalearen goikaldeko zein tarteko etxebizitzetara iristea erraztea da.

Igongailuak bi pasabide dauz, 10,5 eta 16,3 metroko mailetara iristeko, eta holan kaleak dauen desnibela gainditzen dau. Zortzi lagunentzako eukiera dau eta itsasora begira kokatu dabe.

Obrak 2025eko maiatzean hasi ziran, eta 941.997 euroko inbersinoa izan dabe. Proiektua Eusko Jaurlaritzaren finantzaketagaz gauzatu da osorik.

Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak nabarmendu dauenez, igongailu barriak auzoko bizilagunen eguneroko joan-etorriak erraztuko dauz eta herriaren eta auzoaren arteko lotura irisgarriagoa egingo dau. Halaber, instalazinoa behar lez erabiltzeko eta zaintzeko eskatu deutse herritarrei.

Euskal Jaia dator Gernika-Lumora urriaren 3an

Gernika-Lumok prest du XVII. Euskal Jaia, eta datorren urriaren 3an, larunbatean, herria euskal kulturaren, musikaren, dantzaren eta gastronomiaren topaleku bihurtuko da. Egun osoko egitaraua prestatu dute, goizeko 09:00etan hasi eta gaueko orduetara arte.

Euskal Jaiaren barruan, euskal kulturaren hainbat adierazpen izango dira protagonista: musika, dantza, herri kirolak eta gastronomia. Egitaraua Merkatu Plazan hasiko da, 09:00etan, Azoka Bereziarekin, eta ondoren, 12:00etan, kultur erakustaldiak izango dira. Besteak beste, Urdaibai Kantagunea, Elai Alai Gernika-Lumoko dantza taldearen erakustaldia, Segundo Olaeta Musika Eskolako trikiti eta txistulariak, Gazteak txistularien kalejira eta Taloen txosnak izango dira.

Eguerdian ere ez da girorik faltako. 12:30ean Gargantua iritsiko da, eta 13:30ean Erregelak Elai Alai Dantza Taldearen eskutik, Merkurio inguruan.

LABek Udalari informazioa ematea eta negoziazio mahaia berraktibatzea eskatu dio

Gernika-Lumoko Udaleko LAB sindikatuak salatu duenez, Udalak ez die hainbat informazio-eskaerari erantzun, eta horren ondorioz Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordera jo behar izan dute.

LABek azaldu du 2025eko uztaila eta 2026ko urtarrila bitartean sei eskaera egin zituela, besteak beste, kontratazioei, lan-poltsen kudeaketari eta langileei eragiten dieten espedienteei buruz. Sindikatuaren arabera, ez zuten erantzunik jaso, eta Batzordearen aurrean erreklamazioak aurkeztu ondoren hasi zen Udala informazioa ematen.

LABen esanetan, Batzordeak sindikatuak eskatutako informazioa jasotzeko eskubidea duela aitortu du eta Udalari hamar eguneko epea eman dio informazioa emateko.

Sindikatuak Udalari eskatu dio informazioa garaiz eta behar bezala emateko eta negoziazio mahaia berriro aktibatzeko. LABek nahi du ebazpena “inflexio puntu” izatea eta udaleko langileen arazoei sindikatuekin batera heltzea.

EAJ-PNVK Santanaperen handitzea eta kirol-inbertsinoa proposatu dau

Gernika-Lumoko EAJ-PNVk udal-kirol instalazioen etorkizuna planifikatzeko mozioa aurkeztuko du irailaren 30eko osoko bilkuran. Alderdiaren arabera, Santanape Kiroldegia txiki geratu da eta egungo baliabideak ez dira nahikoak instalazioen mantentze- eta inbertsio-beharrei erantzuteko.

EAJ-PNVk 2026an eta 2027an Santanape handitzeko eta hobetzeko proiektua planifikatzea proposatu du, suhiltzaileen parkea lekuz aldatu ondoren libre geratuko den espazioa kirol-gunera gehitzeko aukerarekin. Horretarako, HAPOaren egokitzapena ere aurreikusi du.

Era berean, 2027tik aurrera Udal Kirol Patronatuaren udal-ekarpena urtero 500.000 eurotan handitzea planteatu du, mantentze-lanetara eta inbertsioetara bideratzeko.

Alderdi jeltzalearen esanetan, udal-kirola «adabakiak jarriz» kudeatzeari utzi eta epe ertain eta luzera begirako plangintza egin behar da. EAJ-PNVren arabera, helburua Gernika-Lumoren kirol-beharrei aurrea hartzea eta etorkizuneko inbertsioak aldez aurretik planifikatzea da.

34 herritarrek prestakuntza eta lan-esperientzia uztartu dituzte Bermeon, Mundakan eta Sukarrietan

Bermeoko, Mundakako eta Sukarrietako udalek amaiera eman diote Lanbideren dirulaguntzaren bidez eta hiru udalerrien arteko elkarlanarekin garatutako laneratze-proiektuari. Guztira, 34 herritarrek prestakuntza, orientazioa eta sei hilabeteko lan-kontratua jaso dituzte, eta aldi berean herrietako hainbat beharri erantzuteko lanak egin dituzte.

Proiektuak 600.000 euro inguruko aurrekontua izan dau eta hiru lan-esparru nagusi izan ditu: igeltserotza eta bide-seinaleztapena, lorezaintza eta margoketa, eta udal-artxiboen digitalizazioa. Horrela, parte-hartzaileek eskuratutako ezagutzak benetako udal-lanetan aplikatu dituzte, herrietako espazio publikoak, azpiegiturak eta artxiboak hobetuz.

Prentsaurrekoan, hiru udalerrietako alkate eta zinegotziek proiektuaren balorazio positiboa egin dute, eta nabarmendu dute ekimenak bi helburu uztartu dituela: alde batetik, parte-hartzaileen laneratzea eta gaitasun profesionalak sustatzea, eta bestetik, herritarren egunerokoan eragina duten udalerrietako hobekuntzak egitea.

Arduradunek bereziki azpimarratu dute hiru udalen arteko elkarlanaren garrantzia, lehen aldiz batera garatutako egitasmoa izan baita. Haien esanetan, esperientziak erakutsi du enplegua eta prestakuntza sustatzea herrien behar zehatzekin uztartu daitekeela.

Oizmendi telebista
bizkaiko foru aldundia
txantxangorria euskara

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan