Skip to main content

Bermeoko Nautika eskolak jasoko dau XXIX. Hegaluze Saria

Arrain Azoka alkarteak aho batez erabagi dau 2026ko XXIX. Hegaluze Saria Bermeoko Nautika Eskolari emotea. Erabagi honek autortza publikoa egin gura dino arrantza munduan prestakuntzak dauen funtsezko garrantziari eta, bereziki, Bermeoko Nautika Eskolak azken 50 urteotan egindako ekarpen esanguratsuari.
Izan be, arrantza sektorea lehiakorra eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko gai izango bada, ezinbestekoa da kalidadezko formakuntza. Testuinguru horretan, Nautika Eskolak herrian bertan eskaintzen dauen hezkuntza zerbitzua balio handikoa da, eskaintza anitza eta espezializaua bermatzen dauelako, eta itsasoari lotutako lanbideak aukera profesinonal duin eta erakargarri gisa kokatzen laguntzen dauelako.

Eskolarteko Dantzari Eguna ospatuko dabe domeka honetan Gernika-Lumon

Domeka honetan, maiatzak 10, Gernika-Lumoko Eskolarteko Dantzari egunaren edizino barri bat ospatuko da San Kristobaleko aparkalekuan. Eguraldi txarra egiten badau, Merkatu Plazan burutuko da ekitaldia. Goizeko 11:00etan kalejira hasiko da Pasealekuan eta, ostean, 11:30etan dantza erakustaldia. Egitaraua honako dantza honeek osotuko dabe:
Agintariena, ezpata joko txikia, makil jokoa I, makil jokoa II, txulalai, zapatain dantza, San Petrike, Gipuzkoako makil txikia, euzko dantza, arku-dantza, zinta-dantza, fandangoa, arin-arina eta amaitzeko, Behe Nafarroako martxa.

‘Zero Zabor Uretan’ kanpainaren erakusketa ikusgai Kultur Etxean

Mater itsasontzi-museoak itsas kutsadurari aurre egiteko euskal kostaldean egiten dauen ‘Zero Zabor Uretan’ kontzientziazio eta ekintza kanpaina badator beste behin Bermeora. Ekimenak hondakinen murrizketari buruz hezi gura dau, parte hartzeko jardueren eta portuetako garbiketen bidez.

Kanpaina hau, Bio, izaki bizidunen sarea, eta Zabor, itsas hondakinen munstroaren laguntzagaz aurkeztu dabe Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan. Orain Bio eta Zabor Bermeoko Kultur Etxean dagoz herriko ikastetxeetako hainbat ikaslek idatzi eta marraztutako mezuekin osotutako erakusketan. Mezu honeek domekara arte izango dira ikusgai Kultur Etxeko Gazte Lekuan. Ekimen honen aurkezpenean Nadia Nemeh Shomaly alkatea izan da be herriko ume eta gazteen parte-hartzea eskertzeko.

Partidu garrantzitsua zapatu honetan S.D. Gernika Klubeko Gazteen Euskal Ligako jubenilentzako

Datorren zapatu honetan Sociedad Deportiva Gernika Klubeko Gazteen Euskal Ligako jubenilen taldeak partidu garrantzitsua jokatuko dau Deustoren aurka Urbietako futbol zelaian, arratsaldeko 18:30etan.

Talde gernikarrak zapatuko partidua irabazten badauen Gazteen Liga Nazionalera igoko da.

Hori dala eta, Klubetik taldeari babesa erakusteko eta animetako Urbietara hurbiltzeko eskatzen deutse gernikarrei.

Eguen honetan, maiatzak 7an, ospatuko dabe Gautegiz Arteagako Montorre Eskolan Busturialdeko Eskola Txikien Jaia

Hasiera baten maiatzaren 8rako aurreikuseta egoan Busturialdeko Eskola Txikien Jaia, eguenean, maiatzak 7an, ospatuko da barikurako iragarrita dagoen eguraldi txarragaitik. Urtero antolatzen dan jai hau Gautegiz Arteagako Montorre Eskolan ospatuko da aurton eta bertan izango dira Busturiko Jose Maria Uzelai herri eskola, Mundakako Eskola, Muxikako Urretxindorra eskola, Eako Haizeder Eskola eta, noski, aurton anfitrioia dan Montorre eskola.

Prestautako egitaraua honako hau da:

10:15 Harrera argazkia eta bertsoak.
10:30 Dantza entseguak.
11:30 Dantzak.
12:15 Jolasak.
13:15 Bazkaria.
15:30 Agurra.

Oizmendi telebista
bizkaiko foru aldundia
txantxangorria euskara

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan