Skip to main content

ETS taldeak piztuko du aurtengo Andra Mari eta Santa Eufemia jaien lehen gaua

ETS taldearen kontzertuak emongo deutso hasiera aurtengo Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiei txupinazoaren ostean.

Bere zuzeneko indartsu eta emozinonalekin milaka lagun erakartzeko gaitasuna erakutsi dau ETSk azken urteotan, eta, udalaren eretxiz, jaietako lehen egunerako kalidade handiko proposamena izango da. Taldearen emonaldia aurtengo jaietako hitzordu nagusietako bat izatea espero da, bai herritarrentzat, bai egun horietan herrira gerturatuko diran bisitarientzat be.

Musika-programazioak jarraipena izango dau ondorengo egunetan be, estilo eta publiko ezbardinei zuzendutako kontzertuekin; Cherry & The Ladies, Oxabi, Txapela Brava, Merina Gris, Akerbeltz edota Mariachi Imperial, besteak beste.

Bestalde, Bermeoko Udala dagoeneko buru-belarri ari da aurtengo jaiak prestetan. Martxan dira jaiak iragarriko dauzan kartela aukeratzeko lehiaketa eta jai libururako sormen-lanak aurkezteko epea be. Udalaren ustez, herritarren parte-hartzea eta ekarpena funtsezkoak dira jai biziak, herrikoiak eta denontzako erakargarriak osotzeko.

Datozen asteetan jaien egitarauaren inguruko zehetasun gehiago emoten jarraituko da. Helburua ez da soilik egitaraua aurkeztea, baizik eta irailera begirako giroa eta ilusinoa pixkanaka elikatzea, herriak urteko hitzordu garrantzitsuenetako bat gero eta hurbilago senti daian.

Elkartasun kontzentrazioa egin dabe saharako herriaren alde Gernika-Lumon

Gernika-Lumon be herri sahararragaz daudela argi erakutsi dabe, izan be, bizi daben egoera larria salatzeko eta Euskal Herritik babesa adierazteko egin dabe agerraldia.

Mobilizazioaren bidez, antolatzaileek gogorarazi dabe Saharako herriak urte luzez pairatzen ari dan gatazkak eta eskubide urraketek bere horretan jarraitzen dabiela.

Kontzentrazioan azpimarratu dabe helburu nagusia Saharako herriaren egoera “larri eta bidegabea” ikusgarri egitea dala, Euskal Herritik elkartasun mezua helaraztea azpimarratzeaz gain.

Parte hartzaileek nabarmendu dabe ez dabiela herri sahararra ahazten eta euren eskubideen aldeko borrokan bidelagun izango direla.

Era berean, autodeterminazio eskubidea eta herri sahararraren askatasuna aldarrikatu dauie. Mobilizazioan gogora ekarri dabe elkartasuna eta nazioarteko babesa ezinbestekoak dirala Saharako herriak bizi duen egoerari irtenbide justu bat emateko.
Horraz gain,

Antolatzaileek adierazi dute Euskal Herritik laguntza eta sostengua ematen jarraituko dabela, bai giza eskubideen defentsan, bai herri sahararraren etorkizun duin baten aldeko lanean.

S.D. Gernika Klubeko jubenilak Liga Nazionalera igo dira

Joandako zapatu honetan Sociedad Deportiva Gernika Klubeko jubenilak Liga Nazionalera igon dira Deustoren aurka 5-1 irabazi ondoren.

10. minutuan Enaitz Alberdin golari esker aurretik jarri zan talde gernikarra eta 20. minutuan bardinketa heldu zan, baina laster, 23. minutuan hain zuzen be, apurtu zan bardinketa hori Meel Faaleken golagaz. Atsedenaldira joan baino arinago, Paul Undak sartu suen hirugarren gola.

Bigarren zatian, Jon Urrutiak sartu eban laugarren gola eta Alex Oleak bostgarrena.

Beste alde batetik, Cultural de Durangok Getxori irabazi ostean Lagun Onaken aurka jokatuko dau aste honetan Azpeitin. Lagun Onakek irabazi egin behar dau igoteko; hori dala eta, Culturalak bardindu edo galtzen badauen eta gernikarrak zapatuen, maiatzak 16an, Getxoren aurkako partidua irabazten badabe, liga irabaziko dabe.

(KirolBai) Gernika R.T vs. Fenix R.C FINALERDIA

FINALEKOAK GARA!
Urbietak playoffetako goiz handia bizi izan zuen igande honetan, Torreladay Gernika Rugby taldeak erakustaldi bikaina eskaini baitzuen Fénix Rugby Zaragoza taldearen aurka, 30-13ko garaipen sendoa lortuz igoera faseko finalerdietan.

Partida ez zen modu errazean hasi gernikarrentzat. Zaragozako taldeak lehen kolpea eman zuen eta 0-3 aurreratu zen lehen minutuetan, Urbietan zalantza apur bat sortuz. Hala ere, etxekoek ez zuten burua makurtu eta pixkanaka neurketaren kontrola bereganatzen hasi ziren, defentsan sendo eta jokoan gero eta erosoago agertuz.

Minutuek aurrera egin ahala, Torreladay Gernika Rugby nagusitzen joan zen, baloiaren jabetza eta lurraldea kontrolatuz. Lehen zatian markagailua berdintzea lortu ostean, bigarren zatian etorri zen gernikarren erakustaldia. Indarra, erritmoa eta erasoko eraginkortasuna uztartuta, etxekoek entseguak pilatu zituzten eta Fénix taldearen aukerak itzaltzen joan ziren.

Urbietako harmailek ederki lagundu zuten taldearen bultzadan, giro aparta sortuz playoffetako hitzordu berezi honetan. Azkenean, 30-13ko emaitza garbiak islatu zuen zelaian ikusitako nagusitasuna eta Gernikaren lan kolektibo bikaina.

Garaipen honekin, Torreladay Gernika Rugby taldeak urrats handi bat eman du igoeraren ametsean eta argi utzi du denboraldiko helburu handiengatik borrokatzeko prest dagoela. Urbietak beste egun handi bat bizi izan zuen eta zaleak ilusioz beterik daude datorren erronkari begira.

Gernika Rugby eta CRC Pozuelo taldeek jokatuko dabe Ohorezko Mailara igoteko Play Offen finala

Ohorezko mailara igoteko finala Gernika Rugby Taldeak eta CRC Pozuelo taldeak jokatuko dabe datorren maiatzaren 24an, domekan, Urbietako zelaian.

Joandako domeka honetan jokatutako finalaurrea Gernika Rugby taldeak irabazi dau 30-13 Recoletas Salud Fenix taldearen aurka. Hasiera baten, aragoiko taldea aurreratu zan markagailuan Benjamin Sieperen zigor kolpe bati esker, baina basurdeak laster ezarri eben euren erritmoa eta Eneko Gorostiza, Matias Gaggiano eta Miguel Martínez Gundínen entseguei esker eta Beau Peart-en trebetasunari esker finalaurre hau irabazi eben.

Bere aldetik, CRC Pozuelok Club de Rugby San Cugaten kontra jokatu eban eta 23-16 irabazi eban Valle de las Cañas zelaian.

Holan, maiatzaren 24an, domekan, partidu garrantzitsua Gernika Rugby Taldearentzako, eguerdiko 12:30etan Urbietan.

Oizmendi telebista
bizkaiko foru aldundia
txantxangorria euskara

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan