Skip to main content

Argi Baltza gazteen bertso sariketak VI.edizinoari ekingo deutso ekainean

Bizkaiko bertsolari gazteentzako erreferente bihurtu dan Argi Baltza sariketak seigarren edizinoa ospatuko dau aurten. Mendata, Ajangiz eta Gautegiz-Arteaga izango dira kanporaketen egoitzak, eta final handia Muxikan jokatuko da ekainaren 27an.
Urtez urte sendotzen joan dan ekimenak gazteen bertso transmisinoari eta Bizkaiko herri txikien kultur dinamizazinoari eusten deutso. Antolatzaileek azpimarratu dabenez, sariketaren helburu nagusiak bete dira urteotan: bertsolari gazteei kanturako plaza eta zirkuitoa eskaintzea, herri txikietan egiten dan kultur lana balioan jartea eta bertsolaritzari ikusgarritasun handiagoa emotea.

Umoreak hartuko dau Elai-Alai aretoa Gernika-Lumoko Udalak bultzatutako bakarrizketen lehen jaialdiagaz

Gernika-Lumoko Udalak Bakarrizketa Jaialdiaren lehen edizinoa aurkeztu dau. Bakarrizketa jaialdi horrek bost umorista bilduko dauz ekainetik abendura bitartean Elai-Alai Aretoko agertokian. Ekimen honen bidez, Euskadiko kultura eta aisialdi eskaintzaren barruan gero eta finkatuago dagoen zirkuituan sartuko da udalerria.

Zikloa ekainaren 6an hasiko da Perdido en los 80, Menuda Movida ikuskizunarekin, eta irailaren 27an Miki Dkai-ren Padre de Familia ikuskizuna izango da Elai Alai aretoko eszenatokian.

Programazinoak urriaren 16an jarraituko dau, El Raro de los 90s ikuskizunagaz David Dominguezen eskutik; azaroaren 20an, barriz, Agustín Jiménezen txanda izango da, Generacional lanagaz. Jaialdiaren amaiera abenduaren 12an izango da, Mikel Bermejoren Eureka proposamenagaz.

Kartelak profil eta estilo desbardinak uztartzen dauz, larogei eta larogeta hamarreko hamarkadetako nostalgiak markatutako proposamenetatik hasi eta eguneroko bizitzan edo familia-harremanetan oinarritutako bakarrizketetaraino. Udalaren asmoa da entretenimentu-formula barriak sartzea tradizionalki kontzertuei, antzerkiari eta jai-jarduerei lotutako kultura-agendan.

Emonaldi guztiak Elai-Alai Aretoan egingo dira eta sarrerak eskuragarri dagoz Vitamin Producciones plataformaren bitartez.

Urdaibaiko hondartzak prest dagoz uda denboraldirako

Bagilaren 1etik irailaren 30era bitartean, Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarriko dau hondartza denporaldi barria, eta Urdaibaiko hareatzetan segurtasuna, irisgarritasuna eta ingurumenaren babesa indartuko dauz. Aldi berean, erakundeak “zaindu barruan dozun hondartza” kanpaina aurkeztu dau, erabiltzaileen artean errespetua, bizikidetza eta natura-ingurunearen zaintza sustetako helburuagaz.

Urdaibai Biosfera Erreserbako hondartzek milaka bisitari hartzen dabez uda garaian, eta aurten be baliabide bereziak izango dabez erabiltzaileen segurtasuna eta erosotasuna bermatzeko. Bereziki, Laida, Laga, Laidatxu, Toña, San Antonio, Isuntza, Ea eta Ogellako hondartzetan indartuko dira sorospen eta arreta zerbitzuak.

Mobikortasun murriztua daben pertsonentzako bainu lagunduaren zerbitzua barriz be martxan egongo da uda osoan. Urdaibai eskualdean, zerbitzua Laida eta Laidatxu hondartzetan eskainiko da, egunero 11:00etatik 20:00etara.

BERMEOKO XXXII.ARRAIN AZOKA

Egun honeetan, itsasoari lotutako tradizinoa, kultura eta saboreak izan dira barriro be herriko kale eta gune nagusietako ardatz. Urtez urte sendotu dan hitzordu honek itsasoa eta arrantzaleen lana omendu gura dauz, baina, aurten bereziki, itsasoaren zaintzaren eta jasangarritasunaren mezua lehen lerrora ekarriz.
Aurtengo edizino honetan 20 erakustoki dira azokaren protagonistak, eta bertan enpresek eta erakundeek euren produktuak eskaintzen dabez herritarrek eta bisitariek dastatu eta erosi ahal izateko. Aurten, gainera, tokiko artisauentzako lekua be badago.
Bestalde, aurtengo azokaren XXXII. edizino honen inaugurazino ekitaldian, Bermeoko Nautika Eskolari emon deutsie Hegaluze saria.

2026.urteko Eskolarteko Dantzari Eguna, Gernika-Lumon

Gernika-Lumoko Eskolarteko Dantzari eguna ospatu dabe maiatzaren 8an. Ikastola eta eskola ezberdinetako umeak elkartu ziran Pasilekun danak batera bakoitzaren bandera eta jantzi tradizionalekin Mestikabasoko Parking-era arte.

Izan be, azken honetan izan zan dantzaldi hunigarri eta esanguratsu hau. Herriko gurasoen parte handi bat be bertaratu zan euren aseme-alabak edo ilobak ikusteko. Bertan, Tradizionalak diren dantzak dantzatu ebezan.

Bizkaiko Foru Barriaren V.Mendeurrenaren erakusketa Bermeoko Lameran

Bermeok Bizkaiko Foru Barriaren (1526-2026) V. mendeurrena gogoratzeko antolatutako erakusketa ibiltaria hartuko du ekainaren 7ra arte. Ekimenaren helburua da euskal autogobernuaren eta demokraziaren oinarrietako bat den testu historiko horren garrantzia herritarrengana hurbiltzea eta Bizkaiko nortasunaren eraikuntzan izan duen eragina azaltzea.

Diseinu bisual eta irisgarri baten bidez antolatutako erakusketak Bizkaiko historian funtsezkoa izan den dokumentuaren edukia eta ondarea ezagutarazten ditu. Dibulgazio izaera duen erakusketa ibiltari honek publiko guztiarentzako formatu erakargarria eskaintzen du, eta lurraldeko hainbat udalerritan egingo duen ibilbidearen barruan iritsi da oraingoan Bermeora.

Oizmendi telebista
bizkaiko foru aldundia
txantxangorria euskara

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan