Skip to main content

“Kiriwiki” izango da Bermeoko Gazteleku berriaren izena, Gazte Kontseiluak erabakita

Joan dan barikuan egin eban ikasturteko azken saioa Bermeoko Haur, Nerabe eta Gazteen Partaidetzarako Kontseiluak. Ikasturte osoan zehar, Gazteleku barria izango denaren proiektua izan dabe aztergai, eta egindako lanketaren ondoren, Gazte Kontseilua osotzen daben 14 ikasleek euren ondorioak eta hartutako erabagiak aurkeztu eutseezan alkateari eta zinegotziei, udaletxean egindako bigarren Osoko Bilkuran.

Ikasleek udalbatzari egindako proposamena izan da aurrerantzean Gazteleku barria antxinako Jose Done Ikastetxean kokatzea, hau da, Ametzaga gunean. Era berean, gazteek eurek aukeratu dabe espazio barriaren izena be: Kiriwiki izango da Bermeoko Gazteleku barriaren izena.

Ikasturtean zehar, gazteek aukera izan dabe etorkizuneko Gaztelekuaren jardueren diseinua lantzeko, espazioaren hobekuntzak proponiduteko eta zerbitzua aberastuko daben idea barriak mahai gainean jartzeko.

Bermeoko Udala dagoeneko hasi da Gaztelekua hartuko dauen gunea egokitzeko lanekin, datorren ikasturterako prest egon dedin. Lan horreek Ametzaga gunearen berreskuratze-prozesu zabalago baten parte dira. Izan be, eremu hori berroneratzeko lanean ari da udala, eta epe ertainera guneak bestelako itxura eta erabilera izango dauz, herritarrentzako espazio erakargarriago eta biziago bihurtuz.

Gazte Kontseilua Bermeoko Udaleko Gazteria eta Herritarren Partaidetza sailetatik bultzatutako proiektua izan da, eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustautako ekimen baten baitan sortu zan, Bizkaiko udalerrietan haur eta nerabeen partaidetza-organoak bultzatzeko helburuagaz. Arduradunek azaldu dabenez, Bermeoko kontsejua izan zan pasa dan urtean aurrera egitea lortu eban bakarra; hori dala eta, ikasleei egindako lanagatik eta erakutsitako konpromisoagaitik harro egoteko modukoa dala adierazo deutsee.

Amaierako saioan, Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak ikasleen lana eta inplikazinoa nabarmendu gura izan ebazan; horrelango ekimenek gazteen ahotsa entzunarazteko aukera emoteaz gan, herritartasun aktiboa, erantzukizuna eta erabagiak hartzeko gaitasuna sustetan dabezala azpimarratuz. Holan, etorkizuneko herria gaztakaz batera eraikitzeko oinarriak ezartzen dira.

30 erraldoi batuko dira domekan Bermeon, Erraldoien Konpartsaren 20. urteurrena ospatzeko

Aurten 20 urte beteko dira Bermeoko Erraldoien Konpartsa sortu zenetik. Bi hamarkadatan zehar, konpartsak herriko jai-giroaren, kultur transmisinoaren eta herri-nortasunaren parte bilakatu diran personaiak zaindu, sustau eta bizirik mantenidu dauz, hainbat herritarren konpromisoari eta lan boluntarioari esker.

Urteurrena dala eta, Bermeoko Erraldoien Konpartsak hainbat ekimen antolatu dauz bere ibilpidea herritargaz partekatzeko eta azken hogei urteetan egindako lana balioan jartzeko.

Lehenengo ekimenetako bat Arrantzaleen Museoan ikusgai dagoen erakusketa da. ekainren 14ra arte bisitau ahal izango da, museoaren ohiko ordutegian, eta bertan konpartsaren bi hamarkadetako ibilpidea jasotzen daben argazkiak eta ikus-entzunezko materiala dagoz ikusgai.

Era berean, Nestor Basterretxea aretoan bigarren erakusketa bat antolatu da.

Bi hamarkada hauetan, Bermeoko erraldoiak herriko jai, ospakizun eta ekitaldi nagusietako ezinbesteko protagonistak izan dira. Anton, Josefin, Lorentzo eta Mari ez dira soilik erraldoiak.

Etorkizunari begira be urrats garrantzitsuak emoten ari dira. Izan be, Bermeoko Udala erraldoien panpinak egiten ari da, herriaren ondare kultural hori indartu, barritu eta datozen belaunaldiei transmititzeko helburuagaz; laster egongo dira denen eskura. Modu horretan, azken 20 urteetan egindako lanari jarraipena emongo jako.

Badator Rock N’ Band ikuskizunaren 15. edizioa

Datorren ekainaren 19an, San Juan Ibarrako jaien barruan, Rock N’ Band ikuskizunaren 15. edizinoa ospatuko da Segundo Olaeta Banda Sinfonikoa osotzen daben 50 musikari, Rock Konboak eta eskolako hainbat abeslariren eskutik; Ross dantza eskola, Elai Alai Dantzari Taldea eta Swingtxakun lagunekin indarrak batuz eta auzoko jaiak girotuz.

Bertaratzen diran ikusleek errepertorio zabal eta anitzaz disfrutatzeko aukera izango dabe, LA RAIZ taldearen Entre poetas y presos edo ANTONIO FLORES handiaren No Dudaría interpretauz. Rock gordina be eskeiniko da bertan, GUN ‘S and ROSES, IRON MAIDEN, OZZY OSBOURNE edo NIRVANAtik pasatuz. Nazinorteko mainstreamera begira ipiniko dira be, Koreako K-POP taldearen Golden famatua zuzenean jotzen edo Eurovision festibaletik urtendako Euphoria abesti elektronikoa berrasmatuz. ABBA talde suediarraren kanta arrakastatsuenak be jo eta dantzatuko dabez.

Eta Euskal Herriko Rock talde emonkorrenak sorturiko kantu ikonikoak adituko dira be, ezinbestekoak diran KALAKAN taldearen Sagarra Jo, LA POLLA RECORDSen Ellos Dicen Mierda edo No somos nada eta KEN 7 taldearen Zapalduen Olerkia pieza erraldoia sinfonismoz beterik aurkeztuta.

Bermeoko Udalak ‘Biztu Bermeo’ martxan jarri dau, herritarren osasun fisikoa eta mentala sustatzeko

Bermeoko Udalak BIZTU BERMEO Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzua jarri dau martxan. Gizarte Ongizate Sailak sustatutako eta Kirol Sailaren lankidetza estuari esker garatutako ekimen barriaren helburua da herritarren artean jarduera fisikoaren ohiturak sustatzea.

Jarduera fisikoa erregulartasunez egiteak onura ugari dakarz osasun fisiko eta mentalean, eta eraginkorra da hainbat gaixotasunen prebentzinoan nahiz tratamentuan. Premisa horretatik abiauta, BIZTU BERMEOk herritarrei laguntza personalizatua eskainiko deutse, jarduera fisikoa beren eguneroko bizitzan txertatu eta ohitura osasungarriak sendotu daiezan.

Zerbitzuaren bidez, orientatzaile espezializau batek erabiltzaile bakotxaren egoera, beharrak, aukerak eta lehentasunak aztertuko dauz, eta horien arabera jarduera fisikoko programa personalizatua diseinatuko dau. Halaber, erabiltzaileagaz adostutako helburuen jarraipena egingo da, jarduera fisikoa modu egonkor eta iraunkorrean mantenidutea errazteko.

Udalak, Bermeorentzat saretze-lana “oso garrantzitsua” dala nabarmendu dau: Herrian hainbat zerbitzu dabez baina horien guztien arteko koordinazino eta bateratasun handiagoa beharrezkoa zala sumatzen ebela azpimarratu dabe.

Zerbitzuaren ardura Iñigo Iriondo Duque bermeotarrak izango dau, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan graduatuak eta erabiltzaile bakotxari bere egoerara hobeen egokitzen dan jarduera proponidu ahal izango deutso.

BIZTU BERMEOren ezaugarri nagusietako bat osasun publikoaren arloko profesinonalekin izango dauen lankidetza estua izango da. Anbulategiko profesinonalek herritar bati jarduera fisikoa egitea komenidu jakola eretxiz gero, orientazino zerbitzura bideratu ahal izango dabe. Horretarako, “Kirol-errezeta” agiria beteko dabe, eta erabiltzaileak dokumentu hori aurkeztu beharko dau orientatzaileagaz izango dauen lehen kontsultan.

Lehenengo hitzordu horretan, erabiltzailearen bizi-ohiturak aztertuko dira, eta haren egoerara egokitutako ariketa fisikoaren proposamena egingo da. Zein jarduera egin, zer maiztasunekin egin eta zein jarraibide bete zehaztuko da, eta ondoren ezarritako planaren jarraipena egingo da. anbulategiarekin batera, udaleko Gizarte Ongizate Sailagaz be lankidetza sustatuko da, herritarren arreta integrala bermatzeko.

Zerbitzu barriaren eginkizun nagusien artean dagoz jarduera fisikorik egiten ez daben edo oso gitxi egiten daben personak identifiketea; zerbitzura jotzen daben herritarren jarduera fisikoaren maila eta bizi-ohiturak ebaluetea — elikadura, lan-bizitza, gizarte-bizitza eta jarduera fisikoaren historia kontuan hartuta —; jarduera fisikoaren onurei eta zerbitzuaren funtzinonamentuari buruzko informazinoa emotea; eta persona bakotxaren ezaugarri, egoera sozial eta gustu personaletara hobeen egokitzen diran jarduerak identifiketea.

Oizmendi telebista
bizkaiko foru aldundia
txantxangorria euskara

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan