Bizkaiko Foru Aldundiak 1,12 milioi euro inbertidu ditu Next Generation funtsen bidez finantzatutako azpiegituran, irisgarritasuna hobetu eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbako natura-ingurunea babesteko.
Bizkaiko Foru Aldundiak Madari errekaren gaineko pasabide barria inaugurau dau gaur, eta, horri esker, amaitutzat emon da Gaztelugatxe eta Bermeo kostaldetik lotzen dituan oinezkoentzako ibilbidearen zati estrategiko bat. Azpiegiturea Arantza Atutxa Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatuak eta Nadia Nemeh Bermeoko alkateak inaugurau dabe.
Jarduketak 1,12 milioi euroko inbertsinoa izan dau, Next Generation funtsen bidez finantzauta, eta helburu bikoitza dau: oinezkoentzako konektibidadea hobetzea eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbako balio ekologiko handiko ingurunea babestea.
Pasabide barriak 70 metroko luzerea eta bi metroko zabalerea daukaz, eta Madari errekaren gainetik ia 20 metroko altueran igaroten da. Diseinua paisaian guztiz integratzeko pentsauta dago, ingurumenaren gaineko eragina ahalik eta txikiena izan daiten.
Inaugurazinoan, Arantza Atutxa diputatuak azpimarratu dau azpiegiturak “Gaztelugatxe eta Bermeo arteko oinezkoentzako loturea nabarmen hobetzen dauela, aldi berean natura-ingurunea babestuz”. Bere esanetan, proiektuaren erronka handienetako bat izan da “ingurumen-balio handiko espazio batean guztiz integratutako pasabidea eraikitzea, Urdaibaiko ondare naturala errespetatuz”.
Atutxak gogorarazo dau Madari errekea Urdaibaiko Ibai Sarearen Kontserbazio Bereziko Eremuaren barruan dagoala, eta, horregaitik, obra guztia ingurumen-irizpide zorrotzak betez gauzatu dala. “Azpiegitura honek erakusten dau posible dala mugikortasuna eta natura babestea batera joatea”, adierazo dau.
Bestalde, Nadia Nemeh Bermeoko alkateak pozik hartu dau azpiegiturearen amaierea, eta nabarmendu dau “Bermeorentzat eta eskualdearentzat oso albiste garrantzitsua dala”. Alkatearen esanetan, pasabide barriak “herritarren eta bisitarien segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzen ditu, eta, aldi berean, Urdaibaiko paisaia eta natura modu jasangarrian ezagutzeko aukera eskaintzen dau”.
Nemehek azpimarratu dau erakundeen arteko lankidetza funtsezkoa izan dala proiektua aurrera aterateko, eta azpiegitura barriak turismo jasangarria eta natura-ondarearen balorizazinoa indartuko dituala.
Madariko pasabide barriari esker, Bizkaiko naturgune ikusgarrienetako baten oinezkoentzako ibilbidea osatu egin da, erabiltzaileei Gaztelugatxe eta Bermeo arteko kostaldea modu seguruagoan eta erosoagoan zeharkatzeko aukera eskainiz, betiere Urdaibaiko Biosfera Erreserbako balio ekologikoak errespetatuz.