Skip to main content

Etiketa: Gernika-Lumo

Juan Calzada kaleko obrek aurrera jarraitzen dabe

Lanen barruan, lur azpiko azpiegiturak ere berritu dira, saneamendu eta hornidura sareak eguneratuz. Horrez gain, kalearen azalera eta zoladura berritzeko lanak egin dira, irisgarritasuna eta segurtasuna indartzeko.

Azken fase honetan, arreta espazio publikoaren azken ukituetan eta kalearen antolaketa berrian jarriko da, oinezkoen eta ibilgailuen arteko elkarbizitza hobetzeko asmoz. Horrela, Juan Calzada kalea erabilera orekatuagoa duen gune bihurtu nahi da, oinezkoen beharrak kontuan hartuta eta trafikoa guztiz baztertu gabe.

Eraberritze honek jarraipena ematen dio Pasealekutik Gurutze Gorriraino aurretik egindako hobekuntzari, eta Gernika-Lumoko erdiguneko espazio publikoaren berritze-prozesuan beste urrats bat da.

Gernika-Lumoko Berbalagunek ikasturte barria abiatu dau

Gernika-Lumoko Berbalagunek ikasturte barria aurkeztu dau, eta urrian hasi dabez mintzataldeak aktibatzen. Euskera praktiketako eta herritarren arteko harremanak euskeraz sustetako hainbat ekintza eta egitasmo prestau dabez datozen hilebeteetarako.

Aurten be, ohiko mintzataldeez gan, ibiltaldiak, tailerrak eta hitzaldiak egingo dabez. Programazinoaren barruan, Ezetz Jakin ekimena be izango da. Zemendian hasiko da, eta mendiarekin eta naturagaz lotutako proposamenak eskainiko dauz. Antolatzaileek adi egoteko eskatu dabe, datozen asteetan jardueren barri emongo baitute.

Euskerazko ibiltaldiek be protagonismo berezia izango dabe. Gernika-Lumo eta inguruko mendi eta txokoetatik barrena ibiliko dira, euskeraz berba egiteko eta harremanak sortzeko aukera eskainiz.

Antolatzaileek azaldu dabenez, Gernika-Lumo herri euskalduna izan arren, badago euskeraz eroso aritzeko talde eta espazio barriak behar dauzan jentea. Horregaitik, euskeraz praktiketako aukera ezbardinak eskaini eta euskeraz laguntzeko prest dagoen jentea erakartzea dabe helburu.

Igaz, Berbalagunek astelehenetik zapatura bitartean antolatu ebazan jarduerak, goiz zein arratsaldeko ordutegietan. Aurten be, eskaintza zabala izango da, eta parte hartu gura dabenek Berbalagunekin jarri ahal izango dabe harremanetan.

Kortezubi Bideko haurrentzako parke estali barria inauguratu dabe.

Gernika-Lumoko Kortezubi Bideko haurrentzako parke estali barria amaituta dago, eta irailaren 26an, zapatua, inaugurazino ekitaldia egin eben 12:30ean. Jolasgunea Kortezubi Bidea eta Aita Luis Villasante kaleen arteko plazan dago, eta Gernika-Lumoko Udalak antolatu eban ekitaldia.

Guztira, 404.700 euroko inbersinoa egin dau Udalak parke barria egokitzeko. Inaugurazinoaren harira, Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak proiektuaren balorazinoa egin eban, eta azpiegitura barriak herriko ume eta familientzako eskaintzen dauan aukera nabarmendu eban.

Ekitaldian, Txitatoki Zirku Taldeko antolatzaileek hainbat jarduera prestatu ebezan, eta umeek hasieratik gozatu ahal izan eben antolatutako ekintzez. Horrela, jolas eta entretenimendu giroan inauguratu eben Kortezubi Bideko parke estali barria.

Gernika-Lumok azken urteetako turismo-erregistrorik onena lortu dau

Gernikak turismoaren hazkunde nabarmena izan dau 2026ko udan. Garagarrilean eta abuztuan 22.572 persona artatu dauz Turismo Bulegoak, 2025ean baino 5.105 bisitari gehiago. Igoera %29,2koa izan da 2024aren aldean, eta azken urteetako udako daturik onena da.

Hazkundea bi hiletan nabaritu da: garagarrilean 8.333 bisitari izan ziran, 2025ean baino %18 gehiago; abuztuan, barriz, 14.239, aurreko urtean baino %36 gehiago.

Batez be, atzerriko turismoaren gorakadea nabarmentzen da. Udan 10.005 nazinoarteko bisitari izan dira, 2025eko 5.916en aldean. Frantzia izan da merkatu nagusia, 3.743 bisitarigaz, eta Italiatik 2.016 etorri dira. Alemaniatik 660 eta Belgikatik 451 bisitari be erregistratu dira.

Estatuko bisitarien artean, Madril eta Katalunia izan dira jatorri nagusietako batzuk, 2.381 eta 2.328 bisitarigaz, hurrenez hurren. Euskaditik, Bizkaiak ekarri dau bisitari gehien, 1.029 personagaz.

Turismo-eskaintza barriak be eragina izan dau. Santa Maria elizak 8.835 bisita jaso dauz udan, eta Astrako babesleku antiaereoak 2.667. Datuok Gernikak turismo-helmuga modura daukan eskaintza zabaltzen ari dala erakusten dabe.

Gainera, 2025ean Turismo Bulegoak 51.748 bisitari artatu ebazan urte osoan, eta nazinoarteko bisitariek %41,15eko pisua izan eben.

Horrela, 2026ko udako datuek Gernikan gero eta turismo gehiago eta jatorri anitzagoa dagoala erakusten dabe, nazinoarteko bisitarien hazkundea bereziki nabarmenduta.

La Ruta del Arte BBK Artearen Ibilbidea 20026 heldu da herrira

Arteak museoko hormak gainditu eta kalera urten dau La Ruta del Arte BBK Artearen Ibilbidearen zazpigarren edizinoagaz. 2020tik martxan dagoan ekimen honen helburua kultura artistikoa herritarrengana hurreratzea eta museoaren ondarea espazio publikoetan ezagutarazotea da.

Aurtengo edizinoak “Animaliategia” dau izenburu, eta museoaren bildumako 38 artelan batzen ditu. Erreprodukzinoetan animaliak dira protagonista nagusiak, eta artista, garai eta teknika ezbardinetako lanak ikusi daitekez, besteak beste, margolanak, grabatuak, kartelak eta arte aplikatuko lanak.

Erakusketaren komisarioa José Luis Merino Gorospe, museoko Antxinako Artearen kontserbadorea, izan da. Berak aukeratu ditu ibilbidea osatzen daben lanak, eta animaliek artean izan daben esanahi sinbolikoa nabarmendu gura izan dau.

Izan be, historian zehar animaliak ez dira irudi huts moduan agertu. Askotan, gizakien bertuteak, akatsak eta ezaugarriak irudikatzeko sinbolo bihurtu dira, eta horrek artelanen kontakizunari beste dimentsio bat emoten deutso.

Horrela, La Ruta del Arte BBK Artearen Ibilbideak artea herritarrengana hurreratzeko beste aukera bat eskaintzen dau, oraingoan animalien mundua abiapuntu hartuta.

Liburutegi barria datorren udan egongo da prest

Datorren udan zabalduko ditu ateak Gernika-Lumoko liburutegi berriak. Pasealekuko eraikin historikoa eraberritzeko lanak irailean hasiko dira, eta hamar hilabeteko obren ostean, herriak irakurketa gune modernoagoa, irisgarriagoa eta zabalagoa izango du.

1,5 milioi euroko inbertsioa izango duen proiektuak eraikinaren balio historikoa errespetatuko du, barrualdea XXI. mendeko liburutegi baten beharretara egokituz. Gainera, azalera erabilgarria hirukoiztu egingo da, eta espazio berriak argitasuna, irisgarritasuna eta erabiltzaileen erosotasuna izango ditu ardatz.

Liburutegi berriak Jose Antonio Arana Martija izena hartuko du, euskal kulturaren alde egindako ekarpena aitortzeko.

Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak proiektuaren xehetasunak eta herriarentzat izango duen garrantzia azaldu dauz:

Oizmendi telebista
bizkaiko foru aldundia
txantxangorria euskara

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan