Skip to main content

Bermeok 2027rako ordenantza fiskalak eguneratu dauz egonaldi turistikoen gaineko zerga barria araututa

2026/10/30

Bermeoko Udalak 2027an indarrean sartuko diran hainbat ordenantza fiskaletan aldaketak onartu dauz osoko bilkuran. Neurrien artean dagoz egonaldi turistikoen ganeko zerga barria arautzea eta Eraikuntza, Instalazio eta Obren ganeko Zergan hobari bat ezartzea, alokairu babestuko etxebizitzak sustatzeko.

Udalak egonaldi turistikoen ganeko zerga arautzeko ordenantza onartu dau, Bizkaiko Batzar Nagusiek 2026ko ekainaren 17an onartutako 3/2026 Foru Arauari jarraituz. Zerga 2027ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean, eta turismo-jarduerak udalerrian eragiten dauzan ondorioei aurre egitea eta turismo jasangarriagoa sustatzea dauz helburu.

Zergaren zenbatekoak finkatzeko, Bermeoko Udala osotzen daben hiru alderdien arteko adostasuna lortu da, eta Bizkaiko Foru Aldundiak emondako tauletan oinarritu dira. Udalak Bermeoko errealidade ekonomikoa eta etxebizitzaren egoera hartu dauz kontuan tasak zehazteko. Herriko jarduera ekonomikoan garrantzia daben ostatu-establezimenduei tarteko zenbatekoak ezartzea erabagi dau, tokiko jarduera ekonomikoa babesteko.

Nekazaritza-turismoko establezimentuei, barriz, gitxieneko tasa aplikatuko jake, lehen sektoreagaz lotutako jarduerak diralako eta sektore hori sustatzeko laguntza publikoak jasotzen ari diralako. Erabilera turistikoko etxebizitzen kasuan, aldiz, gau bakotxeko eta persona bakotxeko 6,50 euroko tasa ezarri da, Bermeok etxebizitza-eremu tentsionatu izateko dauen egoera eta etxebizitza turistikoek merkatuan daben eragina kontuan hartuta.

Hainbat egoeratan, ordea, ez da zerga ordaindu beharko. Salbuetsita egongo dira, besteak beste, helburu turistikoekin antolatutako gizarte-programek diruz lagundutako egonaldiak; 18 urtetik beherako pertsonenak; %65eko desgaitasuna edo handiagoa dabenenak eta II. edo III. graduko mendekotasuna dabenenak; ikasketekin, ikerketa akademikoagaz edo talentu-programekin lotutako egonaldiak; osasun-arrazoiengatik egindakoak; eta ezinbesteko kausengaitik egin behar diranak, halan zelan, hondamendi naturalen edo larrialdi-egoeren ondorioz.

Bestalde, osoko bilkurak eraikuntza, instalazino eta obren ganeko zergaren ordenantza fiskalean bi aldaketa egitea onartu dauz.

Batetik, orain arte Elizarentzat indarrean egoan salbuespena kenduko da.

Bestetik, Visesagaz sinatutako hitzarmenaren ondorioz, zerga-kuotaren %95eko hobaria ezarriko da, Bermeon alokairu babestuko erregimenean babes publikoko etxebizitzak sustatzeko eta eraikitzeko obretan. Obra horreek interes berezikotzat edo udal-onurakotzat joko dira, gizarte-interes handiko helburuak dabezalako.

Oizmendi telebista
bizkaiko foru aldundia
txantxangorria euskara

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan