Skip to main content

Etiketa: TXIKI

BUSTURIALDEKO DANTZARI TXIKI EGUNA 2026

Bermeok Busturialdeko euskal dantzaren urteko hitzordu garrantzitsuenetako bat hartu dau asteburuan. XXXVIII. Busturialdeko Dantzari Txiki Egunak ehundaka lagun bildu dauz herrian, eta giro apartan ospatu da tradizinoa, kultura eta belaunaldien arteko transmisinoa ardatz dauzan jardunaldia.

Aurtengo edizinoak esanahi berezia izan dau, Alkartasuna Dantza Taldeak bere 50. urteurrena ospatzen ari baita. Hori dala eta, Bermeo bihurtu da aurten Busturialdeko dantzarien topagune nagusi.

Guztira, 250 dantzari inguruk parte hartu dabe Busturialdeko zortzi dantza talderen eskutik: Bermeo, Bakio, Busturia, Forua, Gernika-Lumo, Ibarruri, Ibarrangelu eta Gautegiz Arteagako taldeek eskualdeko dantza ondarea plazaratu dabe.Azpimarratzekoa da, hasiera batean ekitaldiaren erdiunea Lameran izatea aurreikusita baegoan be, azkenean emonaldi nagusia frontoian egin zala.

Erabagi hori ezinbestekoa izan zan jardunaldia normaltasunez eta segurtasunez garatu ahal izateko, eta bertaratutako guztiek dantzez eta jai giroaz eroso gozetako aukera izan eben.

“Kiriwiki” izango da Bermeoko Gazteleku berriaren izena, Gazte Kontseiluak erabakita

Joan dan barikuan egin eban ikasturteko azken saioa Bermeoko Haur, Nerabe eta Gazteen Partaidetzarako Kontseiluak. Ikasturte osoan zehar, Gazteleku barria izango denaren proiektua izan dabe aztergai, eta egindako lanketaren ondoren, Gazte Kontseilua osotzen daben 14 ikasleek euren ondorioak eta hartutako erabagiak aurkeztu eutseezan alkateari eta zinegotziei, udaletxean egindako bigarren Osoko Bilkuran.

Ikasleek udalbatzari egindako proposamena izan da aurrerantzean Gazteleku barria antxinako Jose Done Ikastetxean kokatzea, hau da, Ametzaga gunean. Era berean, gazteek eurek aukeratu dabe espazio barriaren izena be: Kiriwiki izango da Bermeoko Gazteleku barriaren izena.

Ikasturtean zehar, gazteek aukera izan dabe etorkizuneko Gaztelekuaren jardueren diseinua lantzeko, espazioaren hobekuntzak proponiduteko eta zerbitzua aberastuko daben idea barriak mahai gainean jartzeko.

Bermeoko Udala dagoeneko hasi da Gaztelekua hartuko dauen gunea egokitzeko lanekin, datorren ikasturterako prest egon dedin. Lan horreek Ametzaga gunearen berreskuratze-prozesu zabalago baten parte dira. Izan be, eremu hori berroneratzeko lanean ari da udala, eta epe ertainera guneak bestelako itxura eta erabilera izango dauz, herritarrentzako espazio erakargarriago eta biziago bihurtuz.

Gazte Kontseilua Bermeoko Udaleko Gazteria eta Herritarren Partaidetza sailetatik bultzatutako proiektua izan da, eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustautako ekimen baten baitan sortu zan, Bizkaiko udalerrietan haur eta nerabeen partaidetza-organoak bultzatzeko helburuagaz. Arduradunek azaldu dabenez, Bermeoko kontsejua izan zan pasa dan urtean aurrera egitea lortu eban bakarra; hori dala eta, ikasleei egindako lanagatik eta erakutsitako konpromisoagaitik harro egoteko modukoa dala adierazo deutsee.

Amaierako saioan, Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak ikasleen lana eta inplikazinoa nabarmendu gura izan ebazan; horrelango ekimenek gazteen ahotsa entzunarazteko aukera emoteaz gan, herritartasun aktiboa, erantzukizuna eta erabagiak hartzeko gaitasuna sustetan dabezala azpimarratuz. Holan, etorkizuneko herria gaztakaz batera eraikitzeko oinarriak ezartzen dira.

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan