Skip to main content

Etiketa: sukarrieta

BBK Klima Parkean gastronomia, kirola eta jasangarritasuna uztartzen dabezan jarduerak egiten ari dira

BBK Klima Parkean “bertoko zaporeak eta kirola” jardunaldia egin dabe irailean, familian ohitura osasuntsuak sustetako. Gastronomia, kirola eta autozaintza uztartu dabez hainbat tailer, gastronomia-esperientzia eta euskal kirolariekin egindako topaketen bidez.

Jarduerak aurkezteko, Ainhoa Elortegi BBK Klimako ingurumen arduradunak egindako ekimenen barri emon dau, eta azaldu dau helburua dala familiak eta parkera hurbiltzen diran personak «bizi-ohiturak aldatzera» animetea, egunerokoan jasangarritasunagaz lotutako praktika barriak txertatuz.

Elortegik, gainera, urriaren 4an beste eskaintza bat izango dala aurreratu dau. “Hegaluzetik marmitakora” jardunaldia egingo dabe BBK Klima Abenturan, familia osoari zuzendutako egitarauagaz. Kontserba eta sushi tailerrak eta Bizkaiko hiru pintxo eta hiru txakolin dastatzeko aukera izango dira.

Parkerako sarrera doakoa izango da, baina jardueretan parte hartzeko aurrez erreserbau beharko da. Tailerrek eta dastaketek eukiera mugatua izango dabe, eta 5 eurotik gorako prezioa izango dabe.

34 herritarrek prestakuntza eta lan-esperientzia uztartu dituzte Bermeon, Mundakan eta Sukarrietan

Bermeoko, Mundakako eta Sukarrietako udalek amaiera eman diote Lanbideren dirulaguntzaren bidez eta hiru udalerrien arteko elkarlanarekin garatutako laneratze-proiektuari. Guztira, 34 herritarrek prestakuntza, orientazioa eta sei hilabeteko lan-kontratua jaso dituzte, eta aldi berean herrietako hainbat beharri erantzuteko lanak egin dituzte.

Proiektuak 600.000 euro inguruko aurrekontua izan dau eta hiru lan-esparru nagusi izan ditu: igeltserotza eta bide-seinaleztapena, lorezaintza eta margoketa, eta udal-artxiboen digitalizazioa. Horrela, parte-hartzaileek eskuratutako ezagutzak benetako udal-lanetan aplikatu dituzte, herrietako espazio publikoak, azpiegiturak eta artxiboak hobetuz.

Prentsaurrekoan, hiru udalerrietako alkate eta zinegotziek proiektuaren balorazio positiboa egin dute, eta nabarmendu dute ekimenak bi helburu uztartu dituela: alde batetik, parte-hartzaileen laneratzea eta gaitasun profesionalak sustatzea, eta bestetik, herritarren egunerokoan eragina duten udalerrietako hobekuntzak egitea.

Arduradunek bereziki azpimarratu dute hiru udalen arteko elkarlanaren garrantzia, lehen aldiz batera garatutako egitasmoa izan baita. Haien esanetan, esperientziak erakutsi du enplegua eta prestakuntza sustatzea herrien behar zehatzekin uztartu daitekeela.

Oizmendi telebista
bizkaiko foru aldundia
txantxangorria euskara

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan