Skip to main content

Etiketa: Luis Iriondo Aire zabaleko V.Pintura Lehiaketa

Luis Iriondo Aire zabaleko V.Pintura Lehiaketak arte-estudio handi bihurtuko dau Gernika-Lumo

Arteskolak antolatu dau hitzordua, Kultur Etxeagaz alkarlanean, eta garagarrilaren 26an herriko paisaiak, ondarea eta eguneroko bizitza zuzenean islatuko dabezan margolariak bilduko dauz.
Gernika-Lumoko kaleak aide zabaleko oihal handi bihurtuko dira uda honetan be. Datorren garagarrilaren 26an, uribilduak ‘Luis Iriondo’ Aire Zabaleko Pintura Lehiaketaren bosgarren edizinoa hartuko dau, Arteskola arte eskolak bertako Kultur Etxeagaz alkarlanean bultzatutako hitzordua. Bertan, hainbat jatorritako artistak bilduko dira herriko txoko esanguratsuenetako batzuk zuzenean margotzeko.

Jaialdiak Luis Iriondo omentzen dau, margolari autodidakta eta 1937ko Gernikako bonbardaketatik bizirik atera zan azkenetariko bat, bere ibilpide artistikoa uribilduaren oroimen historikoagaz oso lotuta egon zana. Bere figurak, edizinoz edizino, uri-espazioa sorkuntza-agertoki bihurtu eta artea herritarrei hurbiltzea bilatzen dauen lehiaketari izena emoten deutso.

18 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dabe, eta goiz osoa izango dabe herrian inspirautako obra bakarra egiteko, bertako paisaiak, ondarea edo eguneroko bizitza. Gaia librea izango da, erabilitako teknika lez, eta olioa, akrilikoa, akuarela edo teknika mistoak erabili ahal izango dira.
Jardunaldiari hasiera emoteko, euskarriak silutuko dira 09:00etatik 10:00etara Kultur Etxean. Une horretatik aurrera, parte-hartzaileak udalerriko hainbat gunetan banatuko dira beren obrak egiteko, eta 14:00ak baino lehen entregau beharko dira.

Foruen Plazak, Udaletxearen inguruak, Kultur Etxeak eta Bakearen Museoak azokaren jardueraren zati handi bat bilduko dabe barriro, baina artistek Gernika-Lumoko edozein txoko aukeratu ahal izango dabe inspirazino-iturri gisa.
Lehiakorra izateaz gan, lehiaketak sormen prozesua publikoari hurbildu gura dino, herritarrek eta bisitariek goizean zehar obrek forma zelan hartzen daben ikusteko aukera izan daien. Ordu batzuetan, herriko kaleak tailer artistiko edegi bihurtuko dira, eta pinturak uriko paisaiarekin eta udalerriaren historiagaz berba egingo dau.

Lehiaketak 2.600 euro banatuko dauz guztira saritan. Irabazleak 1.000 euro jasoko dauz; bigarrenak eta hirugarrenak, barriz, 600 eta 400 euro, hurrenez hurren. Gainera, 300 euroko saria emongo jako bertako artista batek egindako lan onenari, eta 300 euroko beste sari bat, herri-bozketa bidez emondakoa, beti be epaimahaiaren sariren bategaz bat ez badator.

Oizmendi telebista
bizkaiko foru aldundia
txantxangorria euskara

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan