“Kiriwiki” izango da Bermeoko Gazteleku berriaren izena, Gazte Kontseiluak erabakita
Joan dan barikuan egin eban ikasturteko azken saioa Bermeoko Haur, Nerabe eta Gazteen Partaidetzarako Kontseiluak. Ikasturte osoan zehar, Gazteleku barria izango denaren proiektua izan dabe aztergai, eta egindako lanketaren ondoren, Gazte Kontseilua osotzen daben 14 ikasleek euren ondorioak eta hartutako erabagiak aurkeztu eutseezan alkateari eta zinegotziei, udaletxean egindako bigarren Osoko Bilkuran.
Ikasleek udalbatzari egindako proposamena izan da aurrerantzean Gazteleku barria antxinako Jose Done Ikastetxean kokatzea, hau da, Ametzaga gunean. Era berean, gazteek eurek aukeratu dabe espazio barriaren izena be: Kiriwiki izango da Bermeoko Gazteleku barriaren izena.
Ikasturtean zehar, gazteek aukera izan dabe etorkizuneko Gaztelekuaren jardueren diseinua lantzeko, espazioaren hobekuntzak proponiduteko eta zerbitzua aberastuko daben idea barriak mahai gainean jartzeko.
Bermeoko Udala dagoeneko hasi da Gaztelekua hartuko dauen gunea egokitzeko lanekin, datorren ikasturterako prest egon dedin. Lan horreek Ametzaga gunearen berreskuratze-prozesu zabalago baten parte dira. Izan be, eremu hori berroneratzeko lanean ari da udala, eta epe ertainera guneak bestelako itxura eta erabilera izango dauz, herritarrentzako espazio erakargarriago eta biziago bihurtuz.
Gazte Kontseilua Bermeoko Udaleko Gazteria eta Herritarren Partaidetza sailetatik bultzatutako proiektua izan da, eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustautako ekimen baten baitan sortu zan, Bizkaiko udalerrietan haur eta nerabeen partaidetza-organoak bultzatzeko helburuagaz. Arduradunek azaldu dabenez, Bermeoko kontsejua izan zan pasa dan urtean aurrera egitea lortu eban bakarra; hori dala eta, ikasleei egindako lanagatik eta erakutsitako konpromisoagaitik harro egoteko modukoa dala adierazo deutsee.
Amaierako saioan, Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak ikasleen lana eta inplikazinoa nabarmendu gura izan ebazan; horrelango ekimenek gazteen ahotsa entzunarazteko aukera emoteaz gan, herritartasun aktiboa, erantzukizuna eta erabagiak hartzeko gaitasuna sustetan dabezala azpimarratuz. Holan, etorkizuneko herria gaztakaz batera eraikitzeko oinarriak ezartzen dira.