Arbolapean kontzertu emanaldiak udako gaueak musikaz beteko dauz sei kontzertugaz
Kultur Etxeak sortzen ari dan talentuaren eta proposamen independenteen aldeko apustua egin dau barriro, bagiletik garagarrilera bitartean Seber Altube auditorioan egingo dan zikloan.
Arbolapean uda honetan itzuliko da Gernika-Lumora, eguen arratsaldeak zuzeneko musikagaz hitzordu bihurtuko dauzan bosgarren kontzertu programazinoagaz. Kultur Etxeak antolatuta, zikloa bagilaren amaiera eta garagarrilaren amaiera bitartean egingo da, Seber Altube auditorioan, eta astero izango dira emonaldiak, 20.00etatik aurrera.
Gernikako Arbolaren irudian eta Iparragirreren konposizino ezagunean oinarrituta, programeak orain dala bost urte sortu zan filosofiari eusten deutso: musika proposamen garaikideak zabaltzeko espazio bat eskaintzea, agertoki handietatik urrun, eskuragarri eta hurreko formauan.
Aurtengo edizinoa bagilaren 25ean hasiko da, Zuga taldearen emonaldiagaz. Astebete geroago, garagarrilaren 2an, Ziraunen txanda izango da. Egutegiak garagarrilaren 9an Sueder-ekin eta garagarrilaren 16an Naiz-ekin jarraituko dau, zikloaren azken txanpari Mikosis, garagarrilaren 23an, eta Intensidades Ortega-gaz ekin aurretik.
Bere edizino ezbardinetan zehar, Arbolapean herriko udako kultur proposamenetako bat lez finkatu da, sortzen ari diran artistentzako erakusleiho bat eta musika genero desbardinetako proiektu independenteak eskainiz.