Skip to main content

Etiketa: Adimen Artifiziala

Adimen artifiziala enpresa txikietan lurreratuko da

Lanbide Ekimenak, SPRIgaz lankidetzan, tailer ibilpide bat bultzatzen dau autonomoei eta ETEei beren negozioak digitalizatzen laguntzeko.

Adimen artifiziala enpresa teknologiko handientzat gordetako alkarrizketa izateari itxi deutso. Gernika-Lumon, eraldaketa digitalak bidea edegi gura dau Internetek, automatizazinoak eta komunikazino digitalak gero eta gehiago baldintzatzen daben merkatura egokitu gura daben saltoki, autonomo eta enpresa txikerren artean.

Asmo horregaz, Gernika-Lumoko Enpresa Ekimenen Zentroak, Lanbide Ekimenak Zentroak, enpresak digitalizatzeko ibilpide barri bat jarriko dau martxan aurten, SPRIrekin eta Inaplantariak-en laguntza teknikoagaz, adimen artifiziala eta tresna digitalak ardatz dabezan lau tailer praktikoz osotuta. Saioak bagilaren 9an, irailaren 22an, urriaren 20an eta zemendiaren 24an egingo dira, beti be 10:00etatik 13:00etara, Gernika-Lumoko Alhondiga kaleko 6. zenbakian dagoen ikastetxeko prestakuntza-gelan.

Ekimena ez da barria udalerrian. Lanbide Ekimenak ekimenak ekintzailetzari, enpresen modernizazioari eta tokiko negozioen digitalizazinoari lotutako hainbat ikastaro jaso dauz azken aldian. Besteak beste, enpleoari eta konpetentzia digitalen garapenari aplikautako adimen artifizialagaz lotutako ekintza barriak, SPRIgaz batera bultzatutakoak.

Programa bagilean hasiko da, atazak automatizatzera eta AA tresnen bidez akatsak murriztera bideratutako tailer bategaz. Ondoren, negozioen presentzia digitala hobetzeko, hedapen-kanpainak dinamizatzeko eta laguntzaile birtualak eta enpresa baten eguneroko kudeaketari aplikautako urtenbide mobikorrak erabiltzen ikasteko saioak iritsiko dira.

Prestakuntza bost eta zortzi persona arteko talde txikietan egingo da, ikaskuntza praktikoagoa eta personalizatuagoa errazteko. Eskaeraren arabera, erakundeak ez dau baztertzen talde barriak prestetea eta banakako saioak be eskaintzea.

Gernika-Lumoko Udaleko Ekonomia Sustapeneko zinegotzi Jon Lejarragak ekimena aldaketa teknologikoko prozesuetan tokiko sare ekonomikoari laguntzeko udal-estrategiaren barruan kokatzen dau. “Enpresa txikiek eta tokiko merkataritzak oraintsu arte konpainia handientzat gordetako tresnak eskura izatea gura dogu. Digitalizazinoa ez da etorkizuneko aukera bat, orainaren beharra da ”, esan dau.

Interesaduek izena emon daikie edo informazino gehiago eskatu Lanbide Ekimenak Zentroan (Alhondiga kalea 6). Antolatzaileek aldez aurretik izena emotea gomendatzen dabe, talde bakotxerako aurreikusitako plaza kopurua mugatua dalako.

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan